Mende honen amaierarako planetaren batez besteko tenperatura 1,5 gradutan hazten bada 2020an jaiotako haurren erdiak baino gehiagok intentsitatean eta maiztasunean gizateriaren historian inoiz ikusi ez diren bero-boladei aurre egin beharko diete. Tenperaturaren igoera 3,5 gradutakoa, berriz, muturreko tenperaturak pairatu beharko dituztenen kopurua % 92raino haziko da. Hori da, hain zuzen ere, maiatzeko Nature aldizkarian argitaratutako azterlan batek utzi dituen ondorio nagusiak.
Bruselako Unibertsitateko eta Zuricheko Eskola Politeknikoko zientzialariek egindako azterlanak 1960 eta 2020 artean jaiotako milaka pertsonak bero-boladak, lehorteak, uholdeak, zikloi tropikalak, baso-suteak eta uzta-akatsak bezalako fenomenoen aurrean izan dituzten bizi-esperientziak aztertu ditu.
Azterlanak ondorioztatu duenez, hamarkada honetan jaiotakoek bere gurasoek eta aiton-amonek bizi izan duten agertoki klimatiko guztiz ezberdina biziko dute. Aldaketaren garrantzia ulertzeko ikertzaileek kontzeptu zehatz bat erabili dute: aurrekaririk gabeko esposizioa. Kontzeptu horrek pertsona batek bere bizitzan zehar jasan behar izaten dituen muturreko fenomeno meteorologikoei egiten die erreferentzia eta, azterlanaren arabera, industriaurreko klima batean normaltzat jo zitekeen hura nabarmen gaindituko du.
Muturreko klima
Azterlanean egindako kalkuluen arabera, industriaurreko baldintzetan, pertsonak batek hamar milaren arteko probabilitatea zuen bere bizitza osoan zehar muturreko gertaera klimatiko bat baino gehiago pairatzeko. Egungo belaunaldiek estatistika-atalase hori gainditzen dutenez, aurrekaririk gabeko egoera klimatikoa biziko dutela ondorioztatzen da.
Adibide gisa, ikertzaileek Brusela hiriaren kasua azaltzen dute. 1960ko hamarkadan Belgikako hiriburuan jaiotako pertsona batek, bere bizitza osoan zehar, gutxi gorabehera, hiru bero-bolada biziko ditu, agertoki klimatikoa edozein dela eta. 2020ko hamarkadan jaiotako pertsona batek, berriz, 26 bero-bolada biziko ditu Lurraren tenperatura 3,5 gradutan hazten bada eta 11 igoera 1,5 gradutara mugatzen bada. Hau da, 1990. urtearen ostean Bruselan jaiotako pertsona batek erraz gaindituko historikoki normaltzat jo den atalasea.
Zaurgarritasunaren mapa
Mundu mailan bero-boladak orokortu egingo dira. Egun indarrean diren politikekin planeta 2,7 gradutan berotuko dela aurreikusten da eta, ondorioz, belaunaldi berriek aurrekaririk ez duten bero-boladei aurre egin beharko diete.
Tenperaturaren hazkundea 1,5 gradutara mugatuko balitz, muturreko bero-boladei aurre egin beharko dieten pertsonen kopurua 62 milioi pertsonara muga daitekeela uste da. Igoera 3,5 gradutara iristen bada, berriz, munduko biztanleriaren % 92ri eragingo dio eta horien artean 111 milioi haurrari. Beroketa Parisko Akordioan zehaztutako 1,5 gradutara mugatuko balitz 50 milioi haur inguruk muturreko bero-boladak ekidin egingo lituzkete.
Herrialde tropikalak dira mehatxu handiena dutenak, baina muturreko fenomenoek beste eskualdeetan ere eragingo dute tenperaturek gora egiten jarraitzen badute. Azterlanak azaltzen duenez, tenperatura 1,5 gradutan hazten bada, 104 herrialdetan 2020ko hamarkadan jaiotakoen erdiak baino gehiagok muturreko bero-boladak bizi behar izango ditu. Hazkundea 3,5 gradutara iristen bada, berriz, 155 herrialdetako biztanleek aurre egin beharko diete horrelako fenomeno klimatikoei.
Bero-boladak muturreko fenomeno ohikoenak izango badira ere, eragin handia izango duten beste hainbat fenomeno ere pairatu behar izango ditugu etorkizunean. Hamarkada honetan jaiotako haurrek, bero-boladak ez ezik, uholdeak, uzta-txarrak, zikloi tropikalak, baso-suteak eta lehorteak ere pairatu behar izango dituzte bere aurrekoek inoiz bizi izan ez duten moduan.
Desparekotasunaren arrakala
Muturreko fenomeno klimatiko horiek munduko ia eskualde guztietan emango dira, baina azterlanak ohartarazten duenez, gizakiok oso modu ezberdinean pairatuko ditugu horien ondorioak. Izan ere, baliabide gutxiago dituzten eskualdeetan bizi diren horiek modu larriagoan biziko dute klima-aldaketa. Azterlanaren arabera, diru-sarrera gutxiko familietan bizi diren haurrek ondorio larriagoak pairatuko dituzte.
Desparekotasun hori ez da ezerezetik sortzen. Baliabide ekonomiko urriko familiek ez dute muturreko tenperaturetatik babesteko baliabiderik. Adibidez, bero-boladei aurre egiteko etxean aire girotua izatea diru kontua da. Horrez gain, eskualde behartsuenak geografikoki arrisku klimatiko gehiago dituzten eremuetan daude, hala nola uholde-arriskua duten eremuak edo landare-estaldura txikiagoa duten hiri-eremuak.
Ezer ez egitearen prezioa
Ikertzaileen ustez, berotzea egungo politikekin aurreikusitako 2,7ºC-ren ordez 1,5ºC-ra mugatzeak saihestu egingo luke 2003 eta 2020 artean jaiotako 613 milioi haurrek aurrekaririk gabeko bero-boladak izatea. Izan ere, gaur egun hartzen diren erabaki politikoek zuzenean eragingo dute etorkizuneko bizi-baldintzetan. Horregatik, ikertzaileek etorkizuneko belaunaldien ongizatea babesteko berotegi-efektuko gasen murrizketa sakonak eta jarraiak behar direla azpimarratuz amaitu dute bere lana.