Nafarroa Oinez’19, izan argi!

nafarroako ikastolen besta erriberara itzuliko da aurten, tuterako argia ikastolaren eskutik.

08.02.2020 | 20:36
Argia Ikastolako ikasleak gogotsu daude Nafarroa Oinez eguna iristeko.

Erriberan izango da 2019ko Nafarroa Oinez. Aurtengoan, Tuteran ospatuko da eta Argia ikastolakooi dagokigu txanda. IZAN ARGI lelopean, Argiakook Argi dugu zein den euskaltzaleekiko hartu dugun ardura. Jada laugarren Oinez dugu eta berriz ere sentitu ditugu gorputz barneko zirrara, ilusio, ardura eta urduritasunak. Urtero ezberdina eta bakarra dugu Nafarroa Oinez, jende berria, gogor berrituak eta batez ere ilusio berrituak ageri zaizkigu. Aurreko Oinezetako jende kopuruak gora egitea da gure nahia eta gure eguneroko jarduteko ingurutik datozenekin elkarbanatzea. Askotan esan izan da, Erriberan euskaraz dakigunok ez garela asko, baina gero eta gehiago gara eta errealitatea pixkanaka aldatuz doa. Euskaraz irakasten duten taldeen artean dugu ikastola eta berauei esker urteen poderioz gero eta lagunarte handiagoa osatu dugu.

Hau da Nafarroa Oinez ospatzearen arrazoia, gure ikastolak egunerokotasunean aurrera jarraitzeko beharrezkoak baititu festa handi honek ekartzen dituen onurak. Bide luzea egin dugu, Beterrin hasi, "txokolatezko etxea"tik pasa, behitegira iritsi eta azkenik Fontellasen finkatu dugu gure proiektua. Bide honek, oparotasunez aurrera jarraitzea ezinbestekoa da eta guztiok gure aletxoa jarriz, lortuko dugu.

IZAN ARGI! Hauxe Nafarroa Oinezeko 2019ko goiburua. Hitz joko horrekin deskribatu nahi izan dugu zein den gure ikastolak bizi duen momentua.

Izan: Ikastola garelako, talde bateko partaide garelako. Bertan sortu eta bertako izan garelako.

Argia: Gure ikastolaren izena da. Euskara eta ikastola dira goiburuaren hitz nagusiak. Argia ikastola baita bertako proiektu argiaren argi.

Beraz IZAN ARGI: eta argi izan itzazu guk argi ditugunak. Hainbat arrazoigatik izan argi.

LOGOA Aurtengo logoak esanahi berezia du. Zati txikiz osatutako irudia da eta zati bakoitzak bere esanahia dauka. Horiz dagoen zatiak eguzkia adierazten du, Argia ikastolan jaio eta erriberako zeru zabalak hartzen ditu barne.

Aurrera jarraitzeko agindua ematen digun ikurra era ikusgai dugu eta honekin osatzen da etorkizunera begira dugun norabidea. Bi zati txikienak tamaina eta kolore ezberdinak dituzte. Aniztasuna dugu ardatz. Logoak ikastola bere horretan azaltzen du. Itxura, kolore, tamaina eta era desberdinetakoak gaude ikastolaren barnean baina denok eta gutako bakoitza beharrezkoak gara bai logoa eta bai ikastola osatzeko.

AURKEZPEN EGUNA 2019ko urtarrilaren 25ean, Izan Argik Nafarroa Oinezeko aurkezpena ospatu zen. Benjamin de Tudela BHI-ko aretoan izan zen. Jendea gustura egon zen eta hainbat ekintza ospatu ziren. Hasieran, orkestrak abesti batzuk jo zituen eta sarrera gisa bideo bat izan zen ikusgai. Ikastolari buruzko ikasle, irakasle eta gurasoen iritziak izan ziren. Zuzendariak eta lehendakariak aurkezpenean parte hartu zuten. Laugarren mailako ikasleak, momentu konkretu batzuetan Izan Argiko logoarekin puzle lanak burutu zituzten eta atalka osatzen joan ziren. Bederatzi eta hamairu urte bitarteko ikasle ba-tzuk paloteadoa dantzatu zuten.

Horrez gain, ikasle ohi batzuk aurkezle lanetan aritu ziren. Erriberako jota euskaraz ere abestu zen eta horren ondoren kalejira bat egin zen.

Bukatzeko txalo zaparrada artean ikasleak agertu ziren leloa eskuetan momentu hunkigarriak sortuz.

TUTERAKO DENDA Nafarroa Oinezeko materiala saltzeko Tuterako alde zaharrean denda bat ireki dugu. Guraso talde batek lan handia egin zuen hartutako lokala prestatzeko eta abenduaren 13an ireki egin zuten. Denda arratsalde guztietan dago irekita, asteazkenetan izan ezik, eta larunbat goizetan. Materiala Batzordean dauden gurasoak dendan egoteaz arduratzen dira. Txandak egiten dituzte eta Nafarroa Oinez eguna pasatu arte egongo dira.

Guk dendaz arduratzen diren hiru amarekin hitz egin dugu, Sonia, Esti eta Ane. Hirurak gustura daude ba-tzorde honetan eta gainera esperien-tzia daukate, gure ikastolak antolatu zuen aurreko Nafarroa Oinezean ere aritu zirelako materialarekin. Oraingo honetan astean behin joaten dira dendara, binaka edo hirunaka, eta esan diguten bezala, giro ona daukate eta ongi pasatzen dute.

Dendan, arropa izateaz gain, beste gauza batzuk ere badituzte: motxilak, katiluak, boligrafoak, mantalak, agendak, eta abar. Haien ustez, momentuz hobekien saltzen ari direnak sudaderak dira, baina, udari begira tirantedun kamisetak ongi saltzea espero dute.