BILBO. Kontsumobidek doako hainbat ekintza eskaintzen ditu bere kontsumorako prestakuntza-zentroetan, eta denek dute helburu gisa herritarren artean kontsumo arduratsua sustatzea eta herritarrek, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren heinean, bere eskubideak eta betebeharrak zein diren ezagutzea.

Programa kolektibo oso heterogeneora dago bideratuta, besteak beste honako hauei: DBHko bigarren mailako ikasleak, batxilergoko ikasleak, lanbide-heziketako ikasleak, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako ikasleak eta helduen hezkuntza iraunkorreko ikasleak; gurasoak; 14 urtetik gorakoen taldeak; mota guztietako elkarteak eta entitateak; adinekoak; eta kontsumoko profesionalak.

Informazioa emateko jardunaldian ordu erdiko azalpen-bisitak egingo dira; denbora horretan, hain zuzen, zentroetako langileek ikasturte berriak dakartzan berrikuntza nagusiak azalduko dituzte eta bertan daudenen zalantzak argituko dituzte. Halaber, Kontsumobidek jardueretan erabiltzen dituen prestakuntza-materialak kontsultatu ahal izango dituzte bisitariek. Azken batean, helburu nagusia da irakasleek eta kolektiboen arduradunek zentzuz aukeratu ahal izatea haien helburu pedagogikoetara hobeto lotzen diren jarduerak.

2019/2020 ikasturteko programan, formatu desberdinak dituzten jarduerak daude.

  • 40 tailer, 9 gai-arlotan banatuta: elikadura, erosketak eta zerbitzuak, etiketak, finantza-zerbitzuak, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) , iraunkortasuna, kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak, publizitatea eta segurtasuna.
  • Kontsumo Abentura programa, hezkuntza-premia bereziak dituzten taldeentzat ere.
  • Hezkuntza-premia bereziei egokitutako tailerrak.
  • KB Lanbide Heziketa, ostalaritzari buruzkoa.
  • Kontsumoari buruzko minimaratoiak.
  • Proiektu zehatzei (Eskolako Agenda 21 eta Begirunez Kontsumitu) egokitutako prestakuntza, DBHko 2. zikloko ikasleentzat.
  • KB Txiki-txokoa, 6-12 urte bitarteko umeentzat, uztaileko udalekuetan.
  • Kontsumobide Jolasean, 6-12 urte bitarteko umeentzat, Pazko-Astean eta udan, Donostian.
  • Case Study, Focus Group eta hitzaldiak helduen taldeentzat.
  • Jardunaldi teoriko-praktikoak, hezitzaileentzat.
  • Ingeleseko tailerrak.
  • Prestakuntza-paketeak.
  • Infokontsumo: Kontsumoari buruzko hainbat informazio, nerabeen gurasoentzat.
  • Gaur zure zentroan, irakasle eta talde-arduradunei zuzendua.
  • Material didaktikoak.
  • Orientabide pedagogikorako zerbitzua, irakasleentzat.

2018an zehar Kontsumobidek 2.067 tailer, hezitzaileentzako jardunaldi teoriko-praktiko bat eta entitate publikoentzako 8 jarduera egin zituen bere zentroen bitartez. Jarduera hauetan 166 entitatek hartu zuten parte, guztira, 20.849 lagunek.

Programa horretaz gain, Kontsumoko Euskal Institutuak baditu beste ekimen batzuk ere, hala nola: prestakuntza ibiltaria, ikastetxeetan ematen dena, eta adinekoentzako programa berezi bat.