Dabilen harriari goroldiorik ez, dio euskal esaera zaharrak. Lizarra Ikastolari ere ez zaio goroldiorik itsatsiko aurtengo urtean, bere sorreraren 50. urteurrena betetzeaz gain, aurtengo Nafarroa Oinez (NO) antolatzeko ardura bait du.

Laugarren NO izango da Lizarran ospatzen dena: 1985ean izan zen lehena, eta 1990ean eta 2004ean hurrengoak. NO ez da egun bakar bateko festa bakarrik; urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dira, ikastolen izpirituarekin eta euskera sustengatzeko eta bultzatzeko ekimenekin bat egiten dutenak, besteak beste, Erronka, Txikiak Handi, Artea Oinez, Oinez Basoa.

Urte osoko saio eta ekimen guzti hauen antolaketan 150 lagun inguru gabiltza, ikastolako gurasoak, irakasleak, langileak, ikasle ohiak eta abar. Zeregin guzti hau auzolanean egiten da, parte hartzaile guztien borondatezko lanari esker. Auzolana da ikastolako antolakuntzan gurasoek duten parte hartzeko bideetako bat, beraien seme-alaben hezkuntza haien eskuetan ere badagoelako.

Ikastola guztiak gurasoen hezkun-tza kooperatibak dira, baita Lizarra Ikastola bera ere. Ikastolek hezkun-tza eredu propioa dute eta euskal kurrikulumean eta konpetentziatan oinarrituta daude, euskara transmisio hizkuntzatzat hartuta. Oso gizatalde zabala, anitza, dinamikoa eta irekia hartzen dute beren baitan. Ikasleen garapen integrala bilatzen du eleaniztasunean eta gaitasun bertikalean, lateralean eta emozionalean indarra jarriz.

Gaur egun, ikastolen beharra eta izateko arrazoia sorreran zutena bezain handia da:

- Familiak euren seme-alaben hezkuntzaren inguruan burujabeak izatea ahalbidetzen die, momentu horretan gobernuan dagoen taldearen interesetatik at. Hirugarren lerroa dira: ez dira pribatuak, ezta publikoak ere, nahiz eta zerbitzu publikoa eskaintzen duten.

- Ikastolak auto-kudeatutako ikastetxeak dira (kooperatibista-gurasoak), eta bertako langileek konpromiso tinkoa erakusten dute.

- Gurasoek Ikastolaren jabetza bateratua daukate eta bere kudeaketa ere partekatua da, horretarako sortutako enpresa baten bitartez. Honela, bazkide guztien arteko berdintasuna, komunikazioa, erabakien hartze demokratikoa eta kudeaketa zorro-tza ziurtatzen dira.

Baina NO2020 eta urteurrenaz gain, Lizarra Ikastolak badu berezko mugimendurik, goroldioaren atxikitzea galarazteko. 1600 ikasle ohi euskaldundik gora eman ditu 50 urtetan. Lizarra herrian bertan ere sortu du eraginik, Estellerrirako Olentzero, inauteriko palokiak eta Santa Ageda bezalako ospakizunak berreskuratu bait ditu.

Aitortza eta onespen ugari jaso izan du (Europako bikaintasun ziurtagiria, Elkarbizitza eta Sormen sari nazionalak?) eta etengabe aldatzen ari den gizartearen beharrei erantzutea du xede. Labur esateko, ikasleen sustraiak ongi elikatzen saiatzen den errotutako proiektua da Lizarra Ikastolakoa. Sustraiak elikatu eta hegoak eskeini, munduan barna ibiltzeko.

Oinez etorri gara honeraino, baina hegan egitea dugu amets: Hegan Oinez.