Jaso Ikastolan beti esan izan dugu hezkuntza ez dela gelako lau pareten artean bakarrik gertatzen. Ikasleen hazkunde pertsonala, harremanak eta bizikidetza eguneko une guztietan lantzen dira, eta horietako bat, ezinbestean, jantokia da. Horregatik, aurreko ikasturtean HHko jantokian egindako aldaketek izandako arrakastaren ondoren, ikasturte honetan, LH eta DBHko ikasleek erabiltzen duten jantokian aldaketak egiten hasi gara. Jantokian, gure Jaso pertsona eredua praktikara eramaten dugu: izan ere, ikasle enpatikoak, adeitsuak, autonomoak, lankidetzan eta errespetuan heziak izatea dugu helburu. Eta hori, mahai baten bueltan ere, ikas daiteke.
Mahaia jartzetik hasten den ikaskuntza
Egunero, etapa ezberdinetako ikasleak jantokira sartu aurretik, ikasle arduradunak dira lehenak lanean hasten. Mahaiak jartzea, ura eta ogia banatzea edo behar diren tresnak prestatzea haien esku dago. Ardurak txandaka banatzen dira, eta modu horretan, ikasleek autonomia, ardura eta elkarlanaren balioa ikasten dute. Jangela ez da jaten den lekua soilik: bizikidetza eta ardura partekatua lantzeko espazioa ere bada.
Bazkal ondoren, ikasleek platerak eta edalontziak pilatzen, tresnak biltzen eta espazioa txukun uzten laguntzen dute. Denek badakite, ikastolako beste edozein jardueratan bezala, guztion artean sortzen dugula giro atsegina. Egunero errepikatzen diren ekintza horiek, txikiak badirudite ere, bizitzarako trebetasun handiak dira: antolamendua, txukuntasuna, pazientzia eta talde-lana.
Zerbitzari izatetik hezitzaile izatera
Jasoko jantokian bada aldaketa handi eta esanguratsu bat: jantokiko langilearen rola. Gurean, jada jantokian lan egiten dugunok ez gara “zerbitzariak”, baizik eta begirale-hezitzaileak.
Ez dugu janaria zerbitzatzen; haur bakoitza behatzen dugu, entzuten dugu, laguntzen dugu. Gose edo nekatuta dagoen haurra ez da oharkabean pasatzen. Behar duenari laguntza eskaintzen diogu, beti errespetuz eta konfiantzaz.
Haurrak ez dira jatera behartzen, denborak, erritmoek eta gustoek badute lekua gure jantokian. Hala ere, jakin badakigu zapore ezberdinak probatzea eta hain gustokoak ez ditugun baina gure osasunerako ezinbestekoak diren elikagaiak jatea zeinen garrantzitsua den. Hartara, jantokia bihurtu behar da hezkuntza komunitate osoaren elkargune: hezitzaile, tutore eta familiak norabide berean lanean, ikasleen elikadura autonomo eta osasuntsua helburu dutela.
Espazio goxoa, hezkuntza ikuspegitik pentsatua
Jantoki berria ez da soilik aldaketa praktiko eta estetikoa; etxeko atmosfera lasaia sortzeko pentsatua dago. Mahai txikiak, gela gutxi batera aldi berean, argi naturala, zarata murrizten duten elementuak… Haurrak espazioan eroso eta seguru sentitzea da helburua. Askotan esaten dugu ikasle bat seguru sentitzen denean ikasten duela; eta jateko momentua, gustura bizi bada, aukera ederra da bere burua ezagutzeko eta besteekin partekatzeko.
Horregatik, gure jantokia ez da “jan eta alde” filosofia duen horietakoa. Eguneko momentu hezigarrien artean kokatzen dugu, eta bertan ikasleek elkarbizitza osasuntsu baten oinarriak lantzen dituzte: txandakatzea, entzutea, laguntzea, besteen erritmoa errespetatzea, eta, batez ere, elkarri begiratzea.
Gertutasuna eta gardentasuna
Jaso Ikastolan familiekiko konfiantza eta gardentasuna ezinbestekoak dira. Hori dela eta, gure jantokiko egunerokotasuna gertutik ezagutzeko asmoz, bisita gidatuak antolatu ditugu ikasturte honetan. Horien bidez, familiek sukaldean eta jantokian nola lan egiten dugun zuzenean ikusteko aukera izanen dute: sukaldatzeko moduak, prestaketa-prozesuak, menuen antolaketa, ikasleen eguneroko dinamika.
Bisiten ibilbidean, maila eta etapa ezberdinetako ikasleak bazkaltzen ikusteko aukera izanen dute, haur txikienen lehen koilarakadatik hasi eta DBHko ikasleen jarrera autonomoagoetara arte. Eta, bisita amaieran, ikastolako langileokin batera egun horretako menua dastatzeko parada egonen da.
Egun tematikoak: mundua plater batean
Ikasturte honetan, gure jantokiko menuak kolorea eta kultura ere izanen ditu protagonista. Hileroko menuko ohiko otorduez gain, egun tematikoak antolatu ditugu, sukaldaritzaren bidez mundua ezagutzeko aukera emanez.
Horien artean izanen ditugu, besteak beste, herrialde ezberdinetako menuak: Italia, Frantzia, Txina, Mexiko, Marokoko, Irlanda eta abar. Eta horiekin batera, barazkijale eguna, zeliako eguna eta beste hainbat. Helburua ez da soilik zapore berriak probatzea, baizik eta beste kultura zein ohitura batzuekiko jakin-mina eta errespetua sustatzea. Plateren bidez ere, ikasle enpatiko eta irekiak hezi nahi ditugu; mahaian ere ikas daitekeelako mundua ulertzen.
Jantokia, hezkuntza proiektuaren parte
Ikastolan bazkariaren momentua ez da etenaldia, ikaskuntza eta elkarbizitzarako aukera baizik. Gure ikasleek bertan ikasten dute norberaren ardura hartzen, besteak errespetatzen eta eguneroko bizitzan enpatiaz jokatzen.
Jantokia ez da soilik elikadura fisikorako lekua; balioen laborategia da. Bertan hazten dira gure ikasle enpatiko, adeitsu, autonomo, lankidetzan eta errespetuan heziak, gure Jaso pertsona eredua osatzen dutenak. Gure helburua argia da: haurrek bazkaltzeko orduan ere ikas dezatela nola bizi, nola elkarrekin partekatu eta nola zaindu; bai janaria, bai besteak, bai euren burua ere. Hori baita, azken finean, hezkuntzaren mamia: eguneroko keinu txikietan, bizitzarako ikasgai handiak barneratzea.