- Arrasate Okindegia, dudarik gabe, Iruñerriko erreferen-tziazko saltoki bat da. XX. mende hasieran eman zituen bere lehenengo urratsak eta ordutik Arrasate familiaren eskutik egin du aurrera, belaunaldiz belaunaldi. Gaur egun Atarrabiako egoitza nagusiaz gain, bost denda gehiago ditu Iruñerrian: hiru Iruñean, bat Antsoainen eta beste bat Barañainen. Euskaraldiaren edizio berrian, Arigune bezala zabalduko ditu ateak okindegiak, ordutik aurrera jendeak saltokia euskararekin lotzeko helburuarekin.

Zergatik erabaki duzue modu honetan parte hartzea Euskaraldian?

-Gure okindegian langile askok euskaraz ari gara normalean baina badira ere erdararako joera daukatenak. Horientzat bultzada ezin aproposagoa iruditzen zaigu Arigunea bezala parte hartzea, uste bait dugu Euskaraldia bukatzen denean euskaraz lan egiteko ohitura mantendu dezakegula.

Zergatik uste duzue garrantzi-tsua dela zuen egoitzak Euskaraldian parte hartzea?

Ez gurea bakarrik, Arigunea moduan parte hartuko duten guztiek ikusgarritasuna lortuko dute. Gure iritziz eskaparate ezin hobeagoa izango da Euskaraldia, euskarak saltzen duela jakin baitakigu.

Aurreko Euskaraldian, parte hartu zenuen Belarriprest edo Ahobizi moduan? Hala bada, zer moduzko esperientzia izan zen?

-Aurrekoan Ahobizi izatea erabaki nuen eta askotan zailtasunak izan nituen rolarekiko koherentzia mantentzea, horregatik aurtengoan Belarriprest izango naiz, errealagoa eta gauzagarriagoa iruditzen zaidalako.

Arrasate okindegia erreferen-tziazko saltokia da Iruñerrian, hainbat egoitzarekin. Zenbat arigune identifikatu dituzue?

-Bakarra, zoritxarrez. Gure dendetan ezin dugu bermatu ordutegi osoan harremana euskaraz egin ahal izatea, bai ordea Atarrabiako okindegian, hantxe baitugu euskaldun kopururik handiena.

Zer erran nahi du Arrasate okindegiarentzat Arigune bezala parte hartzea?

-Bai maila pertsonalean zein giza-talde moduan akuilu bat izan daiteke, inertziak apurtzeko aukera ezin hobeagoa.

Ariketak iraungo duen 15 egunetan zehar, zer aurkituko du Arrasate okindegiko bezeroak zuen egoitzara hurbiltzean?

-Gure saltokian euskaraz artatua izateko aukera. Dena den jendea animatuko nuke gainerako dendetan Ahobizi edota Belarriprest rolak hartuko duten langileak bila-tzera, egon egongo direlako.

Helburu zehatzen bat jarri diozue zuen buruari ariketa honetarako?

-Gure helburua hamaseigarren egunetik aurrera dinamika mantentzea izango da eta jendeak Arrasate okindegia gure hizkuntzarekin lotzea. Ea lortzen dugun, erronka polita baitugu aurrean!