Sara Saizar, Gipuzkoako Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea, eta Mikel Ozaita, Euskaraldiaren koordinazio taldeko eta Euskaltzaleen Topaguneko kidearekin bildu da egunkari hau Euskaraldiaren bigarren edizioa nolakoa izango den azaltzeko. Guztia martxan dago jada, bigarren aldiz, hizkuntza-ohituretan eragin nahi duen ekimena behar bezala antolatzeko.

Zer moduz doaz Euskaraldiaren bigarren edizioko prestaketak?

Sara Saizar: Ondo. Irailaren amaieran bukatu zen entitateen izen-ematea eta orain norbanakoekin murgilduta gaude. Horientzako epea irailaren 24an zabaldu zen eta orain horretan ari gara lanean.

Mikel Ozaita: Nik uste dut lorpen handia dela COVID-19ak eragindako pandemia garai honetan Euskaraldia antolatu ahal izatea. Martxotik ekainera etena egon zen fisikoki elkartu ezin gintezkeelako, baina herrietako batzordeetako kideek lanean jarraitu dute eta irailean entitateekin biltzeko aukera izan zuten ariguneak sortu ahal izateko.

Entitateek dagoeneko eman dute izena. Erraza izan al da haiek dinamika honetan sartzea?

S.S: COVID-19ak eragindako egoera dela eta, lana denoi atzeratu zaigu. Martxoan harrapatu gintuen honek eta justu orduantxe hasi behar genuen batzordeak antola-tzen eta entitate horietara joaten. Hasiera batean, aurkezpen handiak ezin ziren egin jende multzo handiak ezin zirelako elkartu. Beraz, garran-tzitsua da batzordeen ahalegina goraipatzea sekulako lana egin baitute banaka-banaka entitateetara joan edota mezu bidez eurei guztia azaltzeko. Lan handiagoa suposatu die, baina entitate askotara iritsi dira.

M.O: Gainera, entitateen jarrera, oro har, oso positiboa izan da. Alde batetik, Euskaraldia lehendik ezagutzen zuten, baina oso jarrera abegikorra izan dute eta parte har-tzeko motibatuta aurkitu ditugu.

Orain norbanakoek izena emateko txanda da. Nola ari dira erantzuten?

S.S: Horretarako epea irailaren 24an hasi zen eta urritik aurrera izan du indar handiagoa norbanakoen izen-emateak. Martxan dago eta jendea badabil izena ematen. Garrantzitsua da azpimarratzea aurten ariguneek ere parte hartuko dutenez, bertako kideak ere ahobizi eta belarriprest izango direla.

M.O: Izena ematea martxa politean doa, baina azpimarratu nahiko genuke izena eman egin behar dela, baita ariguneetan parte hartuko dutenek ere. Horretarako euskaraldia.eus webgunea erabili daiteke, eta herrietako batzordeen bidez ere egin daiteke. Hala ere, izen-ematea online egitea sustatzen ari gara eta horretarako, Euskaraldia izeneko aplikazioa sortu dugu Android eta Apple-erako.

Zer helburu ditu aurtengo Euskaraldiak?

S.S: Euskaraldiaren dinamika ahobizi eta belarriprestengan oinarri-tzen da batez ere, eta aurtengo berrikuntza da ariguneek ere parte hartuko dutela. Nolabait, eremu antolatuetara iristeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko garaian errazagoa delako taldean parte hartzea.

M.O: Azken finean, hizkuntza-ohiturak aldatzea eta inertzia horiek astintzea da helburua, aurrerapauso bat emateko. Hamabost eguneko ariketaren bitartez, euskararen erabileran salto bat eman nahi dugu.

Lehenengo edizioak hamaika egun iraun zituen. Orain, aldiz, 15 izango dira.

M.O: Guk progresibotasunaren alde egiten dugu. Lehenengoan hamaika izan ziren, aurtengoan hamabost izango dira eta etorkizunean ez dakit zenbat izango diren, baina seguruenik gehiago. Lehenengo edizioan sortutako ilusioa eta parte-hartze masibo hori (125.000 lagunek hartu zuten parte) sendotzen eta iraunkor egiten saiatzen ari gara.

Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia ospatzea?

S.S: Lehenik eta behin, ikusten dugulako oraindik hizkuntza-ohiturak aldatzeko eman beharreko pauso dezente daudela, eta gaur egungo pandemia egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoa da euskara azaleratzea.

M.O: Onena Euskaraldiarik behar ez izatea litzateke, baina hizkuntza normalizatu gabe dago eta guk nahi duguna da norbanako bakoitzaren konpromisoari esker, erabilera eta praktika zehatzen bitartez, horri buelta ematea. Euskaraz eroso eta lasai bizi ahal izateko aukerak sortu nahi ditugu eta Euskaraldia horretarako akuilu izatea bilatzen dugu.

Nola bizi izan zenuten lehenengo Euskaraldia antolatzaile gisa?

M.O: Guk ez genuen espero halako arrakasta izango zuenik. Serio aritu ginen lanean; gauza berria zen eta erakunde publikoekin eta euskalgintzako kideekin elkarlanean egin genuen guztia. Milaka norbanako aktibatu ziren, komunikabideetan ere atera zen eta uste dut egitasmo oso bat izan zela. Bakoitzak bere aldetik jarritako indarrarekin oso eragin nabarmena izan zuen.

S.S: Herrietan ilusio handiarekin bizi izan zen, eta horri esker, batzordeak sortu ziren. Lehen, leku batzuetan euskararen inguruan hitz egiteko ez zegoen euskara elkarterik eta Euskaraldiko batzordea sortzeak hortaz aritzeko espazioak ahalbide-tzea suposatu zuen.

Aurten jendea duela bi urte baino konprometituago al dago?

M.O: Uste dut testuingurua zailagoa dela, baina itxaropentsu gaude eta orain arteko informazioek behintzat, hala diote. Jendea izena ematen ari da eta entitateek dagoeneko ariguneak sortu dituzte. Lehenengo edizioan jendea gosez geratu zela uste dut. Bukatu ondoren, txapa jantzita jarraitzen zuten askok, eta txaparik gabe jarraitu behar zen hizkuntza ohiturak aldatzen. Uste dugu aurtengoa esanguratsua izango dela eta bere arrastoa utziko duela, lehenengo edizioak bezala.

Nola eragin dezake Euskaraldiak euskararen biziberritze prozesuan?

M.O: Hau akuilu lan bat izan daiteke sistema eragilea aktibatzeko. Nolabait, agenda politikoak erdigunera ekartzen du euskararen erabileraren gaia, eta erabilera horrek euskararen ezagutza-eskaera indartu egiten du. Eta alderantziz, zenbat eta jende gehiagok euskara ikasi, orduan eta gehiago erabilerari heldu behar zaio. Beraz, biko kate bat da: hizkuntza bat erabili egin behar da aurrera egin ahal izateko, bestela herdoildu egiten baita.

Eskoletarako Euskaraldiari buruzko material didaktikoa ere sortu da. Ikasleengan eragina al du material horrek?

M.O: Nik azpimarratuko nuke Euskaraldia helduentzako ariketa bat dela, 16 urtetik gorakoentzat. Baina jendarte guztia zipriztindu nahi dugu Euskaraldiaren mezuarekin, eta unitate didaktiko horien bidez, haur eta nerabeek ere beraien hizkuntza ohiturak aztertu ahal izango dituzte.

Garrantzitsua al da 16 urtetik beherakoei ere Euskaraldia zer den azaltzea?

M.O: Bai, hori da helburua. Lortuko bagenu gaztetxoek helduak interpelatzea bikaina izango litzateke. Azaldu egin behar zaie, argi eta garbi, eta jakin behar dute euskara bertako hizkuntza eta berezko hizkuntza izan arren, zailtasunak daudela gure lurraldean euskaraz egin ahal izateko.

Pertsona batzuk euskara haurrentzako hizkuntza dela uste dute.

M.O: Guk gizarte guztiarentzako hizkuntza izatea bilatzen dugu eta eremu guztietan, edozeinekin eta edonola euskaraz egin ahal izatea dugu helburu.

S.S: Horregatik da 16 urtetik gorakoentzako ariketa, hain zuzen ere. Haurrentzat ekimen asko egiten dira euskararen alde, baina helduentzat ez dago halako ezer. Gure helburua aurkakoa da, hizkuntza bat da eta denok egin behar dugu horren alde.

Zergatik eman beharko luke jendeak izena Euskaraldian?

M.O: Euskaraz normal egin ahal izateko, bakoitzak bere hizkuntza-ohituren inguruko kontzientzia ariketa bat egin behar du. Batez ere, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenei euskaraz egin ahal izateko aukera emateko. Belarripresten garrantzia ere horregatik aldarrikatzen dugu: beraiei euskaraz zuzentzeko erabakia hartzen dute, nahiz eta ondoren beraiek erabaki zein hizkuntzatan jarraitu. Euskaldunen eta erdaldunen arteko distantzia laburtu nahi dugu euskararen erabilerak aurrera egiteko.

S.S: Hausnarketa egiteko ere balio digu. Aurreko edizioko ondorioetan ikusten zen eta egunerokoan ere ikusten da. Uste baino jende gehiagok ulertzen du euskaraz, baina ez dugu euskaraz egiten guk uste bezainbeste. Askotan aurreneko hitza gazteleraz egiten dugu, ez baitakigu besteak ulertuko digun ala ez. Euskaraldiak, nolabait, lagundu egiten du babes egoera bat sortzen, ariketa hori errazagoa izan dadin, eta jakina, normalizaziorako beste ohitura batzuk hartzen ere laguntzen digu.