gian oharkabean pasako zitzaizuen, baina larritzeko moduko berria iruditu zitzaidan niri behintzat. Espainiako gobernutik fake news direlakoak kontrolatzeko edo deuseztatzen saiatzeko protokolo bat martxan jartzeko asmoa adierazi dute. Gezurrak diren albisteak ez zabaltzea izango litzateke asmoa, eta bere horretan ez dirudi ideia txarra, baina nire alarmak dantzan jartzeko nahikoa izan da behintzat.

Eztabaidak luzerako jo dezake gai honen inguruan, baina zaila egiten zait irudika-tzea nola bereizi lezakeen gobernu batek, bere interesak alde batera utzita, zer ote den fake news, eta zer real news. Boterean dagoen alderdiaren alde edo aurka egitea nahikoa izango da albiste bat atzera bota-tzeko? Alderdi batek edo besteak probestu lezake aukera bere aurka doan guztia deuseztatzeko, eta horrela prentsa propaganda hutsa bihurtu. Badakigu komunikabideek nahi baino sarriago markatzen dituztela gure eguneroko gaiak, baina ikuspuntua ere aukeratzen badute gure partez, gaizki gabiltza.

Interneten azken hamarkadan sortutako hainbat eta hainbat egunkari propaganda hutsa direla badakit, kazetaritza behazuna, eta gezurrezko albiste ez kontrastatuetan oinarritzen dute euren arrakasta. Astakeria bat bota eta ea zenbat erosle dituen amu pozoitsu horrek. Izenburu erakargarrien beita. Bestelakoetan ere publierreportaiak ere izaten dira batzuen eta besteen interesen alde, baina bakoitzaren lana ez al da hauek egia ote diren ziurtatzea, eta zaborra badira errefuxara botatzea? Galbahe lana ere beste batek egiten badigu, irizpideak ere markatuko dizkigu, eta baita gure partez pentsatu ere konturatzerako.

Niño-Becerra ekonomistari irakurri nion duela gutxi bozkatzea bera desagertuko zela laster, eta adituen komiteek erabakiko dutela guk beharrean. Espero dut parez pare erratu izana, mesedez. Onartzen dut gero eta gizarte erosoago batean bizi garela, eta zenbait erabaki gure partez hartzen dituztela ere bai, baina gure etorkizuna eta bizimodua jokoan daudenean, agian hartu beharko genuke aukeratzearen gutxieneko molestia hori. Gure ordezkariak lau urtez behin aukeratzea ez da sekulako ariketa parte-hartzailea, ados, baina tira, zertxobait gure esku dagoela erakusten du, nahiz eta gehiegitan atsekabe iturri izan.

Zentsuratik oso hurbil kokatzen da fake newsen aurkako protokolo hau martxan jarriz gero. Prentsa askatasuna behinik behin kolokan jarriko luke, eta adierazpen askatasuna urratzera ere gerturatuko litzateke pauso gutxitan. Eta kontuz, ez nator esatera adierazpen askatasunaren banderapean edozein gauza esatea edo argitara-tzea libre denik, baina muga hori ezin du markatu boterea duenak bere interesen alde edo aurka. Mozal legea ezarri zuten lehenik, orain hau gehitu, eta herri honetan komunikabideen jarduna mugatu eta etetearen inguruan badugu esperientziarik horrelakoak lasai pasatzen ez uzteko behintzat.