Duela hilabete eskas iragarri zuten eta gaurtik aurrera Facebook Messenger aplikaziok bideo-deiak egitea ahalbideratuko du. Testuaz eta emotikonoez haratago joan gura du Facebookek, erabiltzaileari komunikatzeko ahalmen zuzenagoa eskainiz. Hala, hobekuntza honekin gainerako mezularitza zerbitzuen artean gailendu gura du Facebook Messengerrek.
Ezinbesteko baldintza bi
Sare sozialetik azaldu dutenez, bideo-deien zerbitzua erabilterreza izango da. Bistan denez hala ere, bi baldintza bete beharko dira. Batetik, zerbitzu berria erabiltzen hasteko ezinbestekoa izango da deskargatzeko eskuragai dagoen aplikazioaren bertsio hobetua jeistea. Bestetik behar bezala funtzionatu dezan, bideo-deia egiten duen pertsonak ez ezik, hartzaileak ere mugikorreko aplikazioa eguneratuta eduki behar du. Dagoeneko iOS eta Android gailuetarako eskuragarri daude, ia munduko txoko guztietara heltzen ari delarik.
Zerbitzua jardunean duzun egiaztatzeko, aplikazioa ireki, Facebookeko lagun bat hautatu eta eskuineko goitiko aldean bideokamera adierazten duen ikonoa agertzen den ikusi behar duzu. Eta hala ez bada, beti ere Googleen Play Store dendara jo eta aplikazioa jeitsi edo gaurkotu daiteke.