Badira eleberriak zeinetan gauzak gertatzen diren, eta badira, beste alde batetik, eleberriak zeinetan pertsonaiek gauzak gogoetatzen dituzten, itsasten zaizkigun gogoetak, onenean aipu bilakatzeko bidea hartuko dutenak. Eleberri hau azkenetakoa duzu”, dio Angel Errok Ohe hotzak liburuaren hitzaurrean. Izan ere, Jon Ariza De Miguelek (Portugalete, 1979) narra-tzailearen nortasunean jarri du fokoa, eta ez gertakizunetan. “Bakardadeari buruz hitz egin nahi nuen eta horretarako gertaerak ez dira hain beharrezkoak. Pertsonaiak batak besteengandik asumitzen dituen jarrerak interesatzen zaizkit. Protagonistak nola erreakzionatzen duen eta zein gogoeta egiten dituen da garrantzitsua”, azaldu du egileak.
Maitasun-adiskidetasun harremanak dira Arizaren lehenengo eleberriaren ardatza. Pertsonaiei buruz pista gutxi emanez, narratzailearen burutik pasatzen diren pentsamenduek osatzen dute ildo narratiboa. Istorioaren ardatza bi gutun dira, eta ez bi email, nahiz eta telefono mugikorren garaian kokatuta egon istorioa. “Protagonisten hautua gutunen bitartez komunikatzea da -argitu du egileak-. Honek izan dezake esanahi erromantiko bat, edo bestelakoren bat: gutunek ematen duten arreta edo atentzioa markatzeko indarra. Azken batean, gutun bat idazteak, email bat idaztearekin konparatuta, oztopo gehiago ditu: eskuz idatzi beha da, zigilua erosi, postontzira eraman? Eta irakurtzeko abantaila nabaria da, edonon irakur daiteke: izan hondartzan, ohean botata? gertukoago sentitzen da eskutitza”, agertu du egileak.
Gutun horien igorlea protagonistaren lagun bat da. Garai batean harreman estua izan zuen protagonistak berarekin, baina gerora harreman hori hoztu egin zen. Honen arrazoia ez du ezagutuko irakurleak. Lagun horri bigarren aukera bat ematea erabaki-tzen du gutunaren hartzaileak. Berea ez den hiri eta herrialde batean, eguneroko gertakari, paisaia eta jendearen aurrean gogoetalari dabil izen gabeko narratzaile hori. Lagunarekin elkartu eta hasieran konpainia izatearen plazerak berreskuratzen baditu ere, laster nekea eta inkomunikazioa sentituko ditu berriro.
Protagonisten arteko harremana ez dago batere argi. Lagun deitzen diote elkarri, baina hori baino zerbait gehiago direla somatuko du irakurleak. Beren sexua ere zehaztugabea da. Beraz, datu gehiegi ez ematea aukeratu du egileak. “Hari narratiboa segitzeko ezinbestekoak diren datuak jarri ditut soilik, uste dudalako ez zuela aparteko garrantzirik pertsonaiak zer diren zehazteak. Gaur egun, maitale, bikote, lagun harremana oso zehatza ere ez delako izaten”, gehitu du. Era berean, argibide gutxi ematen dira pertsonaien iragana ulertzeko. “Azken batean, liburu honek pertsona baten bizitza osoan hartutako tartetxo baten argazki edo film labur bat izan nahi du. Hau da, bere bizitzaren une batean filmatzen hasten gara eta momentu jakin batean filmatzeari uzten diogu. Hortik aurrerakoak garrantzia izan ahal badu ere, ez diogu jarriko arretarik, ezta joan denari ere”. Bestalde, alkohola oso presente dago pertsonaien bizitzan. “Beraientzat alkohola da sentitzen dituzten grin edo behar fisiko eta psikologikoei aterabidea emateko topatu duten errezeta amankomuna”, onartu du egileak.
Norberaren parte
Eleberri honen abiapuntua orain bi urte izan zela dio Arizak. “Kanpoan nengoela, inguruko gertakarietan arreta jartzen eta horien inguruan ideiak idazten hasi nintzen, etorkizun batean notatxo horiek erabiltzeko asmoarekin. Ideia multzo hau ugaritu zenean, ikusi nuen bazegoela denak batuko zituen hari narratibo bat eta kontakizun bat sortu zen”, kontatu du egile bizkaitarrak. Istorioa noraino den autobiografikoa galdetuta, hauxe dio: “Ezagutzen nauen edonork esango du niri buruzko gauza asko dagoela eleberrian. Egia esan, ez dakit posible den ezer idaztea norberari buruzko ezer jarri gabe. Zenbaterainoko sakontasuna daukan idazlearen izaerak eleberrian, hori nik ezin dut esan? Nik idazten dudan edozer, nigandik ateratzen den heinean, nire parte da”. Arizak literaturarekiko duen grina nabaritu egiten da lerro artean, Bertrand Russell edota Aldous Huxley egileei buruzko aipamenekin, besteak beste. “Ez dut izan erreferen-tzia literario argirik, baina literaturarekin dudan harremana irakurle batena da, eta batek irakurri duenak eragina izan behar du idazten duenean, hori nabaria da”.
Ikasketaz eta ofizioz ingeniaria da Jon Ariza de Miguel, eta hauxe da idazten duen lehenengo narrazio luzea. “Idazlea naizela esatea kostatu egiten zait, liburu hau idatzi dudala esatea nahiago dut”, onartu du. Nobela argitara-tzearen esperientzia “kuriosoa” izan dela jakinarazi du. “Mundu honek barrutik nola fun-tzionatzen duen ikusi dut. Beste idazle batzuk ezagutu eta harremanak hasteko bide ere eman dit, eta hori positiboa da”, iritzi dio. Idazten jarraitzeko asmoak dituela dio, “zerbait hasita” duela ere onartu du, nahiz eta bukatuko duenik ez dakien oraindik. “Bukatzen badut eta argitaletxeari interesatzen bazaio, aurrera egingo dut; bestela ere, aparteko arazorik ez daukat. Idaztea ez da nire ofizioa”.