DONOSTIA. Hala jakinarazi dute asteazken honetan Donostian egindako prentsaurrekoan Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.

Ekitaldian nabarmendu dutenez, Txillardegi aitzindaria izan zen hainbat arlotan: "Euskaltzaletasuna ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, irekia, ez esentzialista, eta hizkuntza naziotasunaren erdigunean kokatu zuen nazioarteko pentsalariak gurera ekarriz; euskararen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietakoa izan zen; euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jarri zituen eta Europako moldeetara ekarri zuen euskal literatura Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin; soziolinguistikan ikuspegi berritzailea txertatu zuen EHUn, soziolinguistika matematikoarekin, besteak beste".

Gainera, Ekin eta ETAko sortzaile, gaztetatik politikan ere jardun zuela gogoratu dute, ondoren ESB, HB eta Aralar alderdietan militatzeko. Halaber, euskararen aldeko eskubideen eragile garrantzitsua izan zela adierazi du, hala nola Euskal Herrian Euskaraz taldearekin.

Horrela, euskara batuaren 50. urteurrena bete berri dela eta, Txillardegi omentzea erabaki du 21. Korrikak, "gorazarre egiteko hainbat arrazoi izanagatik ere, bereziki euskara batuaren aldeko lana aitortzeko eta eskertzeko", Amondok zehaztu duenez.

Ildo horretatik, omenaldi ekitaldia antolatu du Korrikak larunbaterako, Musikene goi mailako musika ikastegian, Donostian. Jakin eta EHUrekin batera, Txillardegi Liburutegia herri ekimeneko kideek ere hartuko dute parte, Txillardegiren gogoko ziren piano piezek lagunduta. Era berean, oroigarria jasoko du Txillardegiren familiak, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok osatutako "Txillardegiren KLIKA" ikus-entzunezkoa proiektatuko da. Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez, eta joan nahi duen orok ekitaldiak@korrika.eus helbide elektronikoan eskatu beharko du.

BILDUMA

Bestalde, Jakinek eta EHUk elkarlanean osatu dute "Dabilen pentsamendua" bilduma berria, XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko asmoz. Elkar Fundazioak saritutako "XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa" izeneko Jakinen proiektuaren baitan kokatzen da, eta egilekako eta gaikako antologiekin osatuko da. Txillardegiri eskaini diote bildumaren aurreneko saila, eta AEKren eta Korrikaren babesa jaso du argitalpenak, omenaldiarekin bat eginez.

Zaratek gogorarazi duenez, "Txillardegik unibertsitatetik euskararen alde egindako ikerketa lan oparoaz gain, goraipatzekoa da egindako lan militantea eta gizartea sentsibilizatzeko zuen gaitasuna". Era berean, Txillardegik Jakinekin zuen harreman estua gogoan, Agirrek zera adierazi du: "Jakinen obsesioa izan da eta da euskal kultura eta pentsamendua sortzea, lantzea, plazaratzea eta transmisioa egitea. Eta, nola ez, lehenak Txillardegi behar zuen izan".

Horrela, Txillardegi kokatzeko, biografia idatzi du Miren Rubio kazetariak: "Txillardegi. Batasunaren pentsalaria". Asmo dibulgatiboz idatzia, Txillardegiren hari muturrak josi ditu kronologikoki, bere pentsamenduak eta bizipenak nola gurutzatzen diren ulertarazteko.

Halaber, Jone Forcada emaztea, Joxe Azurmendi filosofoa -hitzaurrea ere osatu duena-, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalea, Patxi Zabaleta abokatua eta Aralarreko koordinatzaile ohia, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria eta euskaltzaina eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez EHUko irakasle ohiak elkarrizketatu ditu, besteak beste.

Txillardegiren testu hautatuekin eman diote sailari jarraipena. Euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia ardatz hartuta beste hiru liburu argitaratu dituzte. Testuen hautaketaz Alaitz Aizpuru Joaristi arduratu da. Filosofian lizentziaduna da Aizpuru, eta Txillardegiren ekarpena berariaz ikertu du.

Horrekin batera, liburu bakoitzak bere hitzaurrea du, gaia kokatu eta Txillardegiren ikuspegia aletzeko: Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari eta euskaltzainak idatzi du euskara batuarena, Joxe Manuel Odriozola idazle eta euskara irakasleak osatu du nazio auziari eskainitako atarikoa, eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Filosofia irakasleak heldu dio hizkuntzaren filosofiaren hitzaurreari.

"Dabilen pentsamendua" bildumaren aurreneko lau liburuak dira, Txillardegiren sailak jarraipena izango baitu testu hautatuekin, eta beste autore batzuk ere gaineratuko zaizkio bildumari etorkizunean.

"TXILLARDEGIREN KLIKA"

Bestalde, 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho "Txillardegiren KLIKA" film laburra osatzeko, eta hori oinarri hartuta josi ditu ondoren irudietan Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren zein Joxe Azurmendiren hitzak, besteak beste.

Egileak esan du "ETBko zintetatik Euskadiko Filmategiko apaletara, artxibo pribatuetan barrena" ere ibili direla "Txillardegiren bila". "Desagertutzat emandako materiala eta inoiz argitaratu gabeko grabazioak ere topatu ditugu tartean", gaineratu du.

Dokumentalak Korrikaren "Klika" leloarekin bat egiten du, Txillardegik berak euskara ikasten hasteko klika noiz sentitu zuen baita elkarrizketa nagusiaren abiapuntua. Eneko Dorronsoro zinemagilearen laguntza ere izan du Camachok. Korrikaren omenaldi ekitaldian ikusiko da aurrenekoz, eta ETBn nahiz sarean izango da ondoren ikusgai.