- Zetak taldeak belaunaldi gazte baten izpiritua dauka, bere oinarriak orainaldi ezegonkor batean eraikitzera behartuta ikusi duen belaunaldiarena, aldi berean etorkizunari adorez begiratu eta errealitatea aldatzeko gogobiziz dagoen horrena. Akaso horregatik, iazko azaroan abiatu zen taldeak publiko zabal batekin konektatzea lortu du denbora tarte murritzean. Krisiaren danbatekoak betean hartu duen arren, taldeko abeslari eta sortzaile den Pello Reparaz (Arbizu, 1990) baikor sentitzen da taldeari eta, orokorrean, musikari datorkionaren inguruan. Soinu elektronikotik zein nostalgiatik edaten duten abestiek hartuko dute gaur Baluarteko eszenatokia eta, aitzinean publikorik egonen ez bada ere, taldea abiatu zenetik kasik ingurune natural izan duen hori izanen du hedabide.

Streaming bidez arituko zarete gaur Baluarteko eszenatokitik. Ez da formatu berria zuentzat, berrogeialdian lehenengoetarikoak izan baitzineten halako emanaldi bat eskaintzen martxoan, etxetik kasu hartan. Zer moduzko esperientzia izan zen?

-Bai, oso pozik gelditu ginen eran-tzunarekin. Harrera oso ona izan zuen eta jendea are gehiago hurbildu ahal izan genuen gure abestietara. Baina egia da, orduko egoera zela eta, ezinezkoa izan zitzaigula gure infraestruktura guztia azaltzea. Baldintzak oso desberdinak ziren eta orain behintzat horri heldu ahal izango diogu, jaialdi honi esker.

Krisia hasi zenetik eszenatoki batera igotzeko parada izanen duzue, hartara.

-Hala da, beste esperientzia bat izan genuen BilbokonElkar aretoan, baina lehenengo aldia izango da Zetak bere tribu guztiarekin taula gainean egongo dena.

Gogotsu egonen zarete...

-Ikaragarri. Garai luze honetan egindakoak partxe moduko batzuk izan dira eta sentsazio hori izan dugu. Zorionez lortu dugu jendearekin konektatzea, streaming bidez ez baldin bada abestien bidez, baina betiere sentsazioa gure aldetik hutsunearena izan da, azkenean, Zetak jende askok osatzen duelako. Zorionez, heldu da unea.

Badago emanaldia, badago eszenatokia, soilik publikoa falta da zuzenekoen puzzlea osatzeko.

-Ufa, hori ia ametsa da, ez dakit zein puntutaraino den utopia edo ez den baina egia esan horri begira bizi gara.

Zuzenekoen falta sumatu ondoren, esperientziaren zirrara biziberrituko dela atzematen da, ezta?

-Bai, ea hala den. Nik uste dut baietz, balio izango digula krisi honek faltan bota ditugun hainbat gauza baloratzen ikasteko eta horien artean zuzeneko kontzertuena egonen da, bai guri dagokigunez musikari bezala bai publikoari dagokionez. Zuzeneko kultura bere forma anitzetan are gehiago baloratzen ikasiko dugu.

Azaroan abiatu zen Zetak, eta ibilbidea motza izanagatik ere oparoa izan da. Lehenengo kantua estreinatu ahala erreprodukzio piloa izan zenuten YouTuben, berriki plazaratu duzuen 'Zeinen ederra izango den' bideoklipa egiteko zaleen milaka bideo jaso dituzue€ Erran daiteke sare sozialak ingurune naturala direla Zetak-entzat?

-Bai, argi eta garbi lan handia egin dugu sareetan eta komunikazio arloan. Baina nik sinesten dut abestiak direla azkenean jendea ikutzen dutenak eta jendearengana heltzen direnak. Zaleek abestiak oso ongi hartu dituztela uste dugu, eta hori gehituta komunikazio arloan jarri dugun indar guztiari, ikaragarria izan da. Oso hilabete gutxi ditugun arren ikaragarrizko harrera daukagunaren sentsazioa dugu eta hori ezin da ezerekin ordaindu.

'Zeinen ederra izango den' bideoklipak eternoak ziren uda horietara itzularazten du ikuslea, badauka nolabaiteko kutsu nostalgiko bat, denbora norbere eskuetan zegoela zirudien garai horietara eramaten diguna.

-Ondo baino hobe ulertu duzula esan dezakegu. Argi eta garbi genuen nostalgia izan behar zela bideoaren sentsazio nagusia. Hortik jo dugu eta hortik jotzen ari gara etorkizunean plazaratuko ditugun beste lanekin ere. Nostalgia nigan indar handia duen sentipena da, gauza asko sentiarazten didana. Zeinen ederra izango den hortik jaio zen eta jendeak horrela egin du bere. Indar handia dute nostalgiak eta malenkoniak abestian.

Nostalgiak, alta, baditu bi aurpegi: galdu den zerbaiten tristeziarena, alde batetik; berreskuratzen den zerbaitena, bestetik. Positiboa eta negatiboa izan daiteke aldi berean, baina baikortasuna azpimarratu duzue abestian, ezta?

-Bai eta oso interesgarria da hori, zehazki biak gustatzen zaizkidalako. Bi sentsazioek, bata tristea bada ere, asko eragiten didate. Esan duzun bezala, nostalgia positibo horretaz ari gara, etxean sartuta zauden bitartean uda eder horiek, garai horiek oroitarazten dizkizu, baina jakinda aurten ez bada hurrengo urtean bueltatuko garela horra, alderdi positibo eta baikor batetik noski.

Akaso datorkiguna izanen da uda hori...

-Bai, izan daiteke. Modu batera edo bestera, argi dago uda hau historiara pasako dela. Hainbat gauza ikasi ditugulako eta hainbat gauza galdu ditugulako ere. Horien berreskura-tze prozesu bat egonen da eta hori berriz jaiotzea bezala da. Gauza ederra izango da. Horren parera bestelako irakaspenak ere sortu genitzake. Berriz askatasun moduko batera bueltatuko garen horretan, adibidez, bueltatuko gara kontaminatzera, topera, eta hor badugu oraindik zer hausnartu.

Kulturaren alorrera bueltatuz, krisialdian kulturak izan duen paper ezinbertzekoa ikusita, ikasiko al dugu hobeki zaintzen?

-Kulturgileok kolpe handia jaso dugula bistan da, hala ere ni positiboa naiz. Azkenean, horretaz bizi gara, egoerak ematen digunarekin bestelako sentsazioak sortzeaz, eta honetan kultura indartua atera daiteke. Aldi berean, horretarako argi dago instituzioetatik eta bestelakoetatik atentzio berezi bat jaso behar izango dugula. Ondo legoke babes hori lehenbailehen ematen hastea hainbeste sufritu duen eta sufrituko duen arlo honi.

Zetak proiektuak hasieratik izan du desberdin edo bakarrik sentitu direnen kolektibo izateko xedea. Bizi gaituen garaiotan kolektiboaren kontzeptuak indar berezia hartu duela erranen zenuke?

-Bai, guk bilakaera hori egin nahi izan dugu. Sufrimenduaren lehen etapak azaldu ditugu Zetak-en lehenengo etapa honetan, eta orain bilakaera kolektiboaren indarrera bideratzen ari gara. Sufrimendu guzti horrek eraman gaitu kolektibotasun batera non horixe bera den nabarmendu nahi duguna: bai, sufritu dugu eta sufritzeko arrazoiak badira bizitza honetan baina elkarrekin, zerbaiten parte sentitze horrekin, aurrera egin dezakegu.

Gaurko kontzerturako zerbait berezia prestatu duzue?

-Badira baldintza tekniko batzuk guk normalean zuzenekoetan erabiltzen ditugun baldintzetatik desberdinak direnak eta horri egokituko gara. Horretan lan egin dugu. Betiere interesgarria da confort zonatik ateratzea eta egokitzea.

Baluartek abiatu duen ekimen honen antzekoak beharrezkoak izanen dira hemendik aurrera?

-Bai, eta beharrezkoak dira alor eta toki desberdinetan. Ongi dago horrelako gauzak Baluarten antolatzea, noski, baina bestelako espazio eta beharretara egokituko diren programak antolatzea ere beharrezkoa izango da. Egoeraren baitan, seguru buruari bueltak eman beharko diogula. Gu horren adibide ere izan gaitezke, izan ere jaialdi bat antolatzen ari gara datorren ekainera begira, izugarria izango dena.