- 2008ko Sanferminak gogoan hiltzatuta geldituko dira gizartea astindu zuen gertakari batengatik: Nagore Laffageren bortxaketa eta hilketa. Indarkeria matxistaren zitalkeria fisikoa erakusteaz gain, kasu hark beste indarkeria mota bat ere mahai-gaineratu zuen, alta: gizarte eta justiziaren indarkeria, biktima zalantzan jarri eta berriro ere bortxatzen zuena. Nagorerena ez zen, noski, indarkeria mota hori jasan zuen lehenengo kasua, eta ez zen azkena izan, matxismoaren itzala sistemaren bazter guztietara ailegatzen denaren seinale. Indarkeria instituzionalizatu horren inguruan sakonduko du Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak gaur Nafarroako Antzerki Eskolan eszenaratuko duen Birritan bortxatua antzezlanak. Obrak Iruñeko Udalak antolatzen duen Antzerki Aroaren edizio berria irekiko du, arratsaldeko 20.00etan.

Ion Martinez Txiki obraren egilea eta antzezlea ere badenak azaldu moduan, antzezlana sortzeko abiapuntua 2016an gertatutako La Manadaren talde bortxaketaren kasua izan zen. "Asko inpaktatu zigun berri bat izan zen. Urte batzuk lehenago Nagore Laffagerena gertatu zen, Iruñean hau ere eta bestaren testuinguru berean". Hari horretatik tiraka, Martinezek "antzezlan fikzio-dokumentala" izendatutakoa sortu zuen. "Obran kontatzen dugun bortxaketa kasua guk sortutakoa da, baina errealitatetik edaten duena: epaiketan zehar egiten diren galdera eta erantzun oro errealitateko epaiketa desberdinetatik ateratakoak dira".

Izan ere, egileak ez zuen "bortxaketa kasu zehatz baten morboan erori nahi". Hortik harago, bai bortxaketa prozesuan bai salaketa eta epaiketa prozesuan emakumeek jasaten dutena islatzea baitzen helburua. "Asko harritu ninduen halako egoerak jasan dituzten emakume orok epaiketa prozesua bortxaketaren gogortasun maila berdinean jartzea". Hala, Saioa Royok gorpuzten duen obrako protagonistak bizipen guzti horiek eszenaratuko ditu obran, aktoreari barneratze prozesu sakon bat eskatu dion pertsonaia. "Pixkanaka, Saioa prozesu horretan sartzen eta momentu gogor horietara hurbiltzen joan da, eta uste dut oso barneratua daukala eta oso barrutik azaleratzen duela irudikatzen duen emakumea". Martinezek aitortzen duen bezala, Helena Tabernaren Nagore dokumentala ere oinarri izan du obra prestatzerakoan.

Birritan bortxatua lanaren helburu argietako bat, hartara, salaketa izan dela ere azpimarratu du: "Gizarte mailan bortxaketa bat gaizki ikusten da, hori argi dago, baina botereak eta justiziak kasuak kudeatzerakoan zalantzak agertzen dira. Justiziak eta botereak oraindik ez dute aurrerapauso bat eman eraso sexisten eta matxisten aurrean lanketa bat egiteko. Emakume batek salaketa bat jartzen duenean eta epaiketa bizi-tzen duenean oso zaurgarri sentiarazten dute, zalantzan jartzen zaio. Guzti hori da salatu nahi izan duguna, zulo handia ikusten dugulako zentzu horretan".

Otsailan Gazte Eszenan estreinatu zenetik ibilbide laburra izan duen arren, egoera medio, obra "publikoari iristen zaiola" frogatzeko tartean izan dute taldekideek. Ordukoan, "lau aldeetara" egin zuten obra, publikoa eszenatokian exeriz, osasun krisia medio gaurkoan egin ezingo den formatua. Istorio gogorra izan arren, egin beharreko hausnarketa eragiten duen obra bat da, eta erranahi berezia izanen du, halaber, Iruñean oholtzara-tzeak. "Guretzako amets bat da obra hau Iruñean egitea, kristoren ilusioa egiten digu eta, nahiz eta drama bat izan, bada publiko mota bat hausnarketa sakonak egiten dituzten obretara hurbiltzen dena".

Lekua eta ordua. Nafarroako Antzerki Eskola, 20.00etan.

Sarrerak. 8 euro, NAE-ren webgunean edo leihatilan bertan.

Egilea. Ion Martinez 'Txiki'.

Konpainia. Aldatzen Laguntzen.