360 bat zale elkartu ziren atzo arratsaldean Iruñeko Gayarre Antzokiak hartu zuen Bertso Egunean. Beste askok gainera saioa www.bertsoa.eus atariaren bidez jarraitzeko aukera izan zuten. Atzokoan Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira aritu ziren kantuan, Ainhoa Larretxea, berriz, izan zen gai jar-tzailea. Hurrengo Bertso Egunak Getarian eta Hazparnen izango dira martxoaren 27an eta maiatzaren 22an, eta sarrerak bertsosarrerak.eus atarian salgai daude, saioak aretoan zein online ikusteko.

Pandemiak sortu duen egoera berrira ere egokitu behar izan dira bertso saioak. Zentzu horretan, saio ugari bertan behera geratu badira ere, Bertsozale Elkarteak bertso plaza hauspotzen jarri du indarra. Helburu horrekin antolatu dira Bertso Egunak. Atzokoa Iruñean bigarrena izan zen. "Pandemia aroak ere ekarri du berrikuntzarik: ahalik eta zale gehiagorengana iritsi asmoz, bertatik bertara jarraitu ahal izango dira saioak, baina baita Internetez ere", nabarmendu du Elkarteak.

Antolatzaileen arabera, pandemiak eragin duen egoera leuntzeko helburuarekin, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jartzeko eta zaleen gozamenerako, jarduerak antolatzen, sustatzen eta dinamikak laguntzen jarraituko dute. "Egin diren saioekin, eta egin ez direnekin, argi geratu da bertsoa bizigarria dela bertsolarientzat, zaleentzat eta herriarentzat. Osasun neurriak eta protokoloak zainduta eta adostuta, bertso saioak antolatu daitezkeela" azpimarratu nahi du Elkarteak. "Egoerak horretarako tartea ematen duen neurrian, bertso plazan maizago elkartzeko gogoz gaude", dio. Guztira, 700 saio baino gehiago galdu dira 2020an. 2019ko datuekin alderatuta, hamarretik sei saio ez dira egin, eta 735.000 euro ingurukoa izan da galera ekonomikoa.