Goitik joan zen atzoko saioa Baionan. Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken-aurreko finalaurrekoa izanda, asko zegoen jokoan eta euren hoberena eman zuten bertsolariek, Lauga kirolgunean bildu ziren 2000 lagunen aurrean. Nerea Ibarzabalek eskuratu zituen puntu gehien (671,5), finalaurrekoen lehenengo itzuliaren apalaldiari itzulia eman eta sailkapen orokorreko lehenengo postuetan kokatuz. Finalera iristeko aukera nabarmenak ditu bizkaitarrak, beraz.

Sustrai Colinak egin zuen bigarren atzokoan, 668 puntu bilduta; eta haren ondotik gelditu ziren Beñat Gaztelumendi, 656,5 punturekin; Julio Soto, 643,5 punturekin; Unai Agirre, 639,5 punturekin; eta Eñaut Martikorena, 584 punturekin. Saio ederra osatu zuten denen artean eta ariketa guztietan egon ziren une distiratsuak. Ibarzabalek zortziko handiko ariketan bildu zituen puntu gehien, Gaztelumendirekin batera Seaskako bi ikasleren paperetik abestuta. Zortziko txikian ere fin aritu zen irabazlea, umoretik tiratuz, Eñaut Martikorenarekin batera osatu zuen ariketan. Ganbarako azken bertsoaldian, aldiz, Colina izan zen nagusi. “Bihar da egun handia. Ez joatea erabaki duzu” izan zen Ainhoa Larretxeak proposatu zuen gaia eta urruñarrak hil berri den pertsonaren azaletik abestu zuen, fantasiatik, tragediatik zein komediatik izan zuen bertso sorta josiz.

Oso maila altuko saioa izan zen eta hala erakutsi zuten emaitzek. Izan ere, lehenengo finalaurrekoetan eskuratuako puntuak batuta, atzo aritutako sei bertsolaritatik lau sartu dira sailkapen orokorreko lehenengo postuetan, honen buru dagoen Alaia Martinen atzetik: Colina, Gaztelumendi, Ibarzabal eta Soto. Hala ere, finalaurreko baten faltan eta abesteko gelditzen diren bertsolarien puntuak kontutan hartuta, Colinak, Gaztelumendik eta Ibarzabalek dagoeneko finalerako pasea eskura daukatela erran daiteke, eta Soto finaleko atarian geldituko dela.

Puntuak puntu eta sailkapena sailkapen, oraindik ez dago ezer idatzita eta datorren asteburuan Bilbon jokatuko den azken finalaurrekoan erabakiko da abenduaren 18ko oholtza. Bertan arituko dira Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza. Saioa bukatuta jakingo da, azkenik, zeintzuk izango diren Maialen Lujanbiorekin batera Iruñeko Nafarroa Arenako finalean arituko diren zazpi bertsolariak.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu daitezke.