Duela ia 1.200 urte, Pirinioetako mendiak zeharkatzen dituen bidean, Orreagako azken gudua gertatu zen. 824 urtea zen eta baskoien armada txiki batek, Iruñea suntsitu ondoren Frantziara erretiradan itzultzen ari zen 20.000 gizonez osatutako karolingiar armada gailentzea lortu zuen. Karlomagnoren armadarena zen indarra, baskoienak aldiz mendiak. Garaipena ez zen inolako txikikeria izan, honen ondorio zuzena izan baitzen Iruñeko Erresumaren eraketa, hurrengo mendeetan garatuko zen Nafarroako Erresumaren hazia. Historiako pasarte errangura-tsu hau berreskuratu du Segurako (Gipuzkoa) Historia Oroituz antzerki taldeak, Lourdes Imazen zuzendari-tzapean, datorren irailaren 2an (larunbata), Auritzeko kultur etxean oholtzaratuko den Orreagatik iragan hurbilera antzezlanean. Emanaldia, Auritzeko Udalak, Nabarralde Fundazioak eta Zabalik Elkarteak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatu dutena, arratsaldeko 17:00etan izango da, doako sarrerarekin.

Orreagako gudua duzue hizpide larunbatean aurkeztuko duzuen antzezlanean. Zergatik, hain zuzen, Orreaga?

Gure antzerki taldearen helburua Euskal Herriko historian gertaturiko hainbat pasarte taularatzea da. Jada bost bat antzezlan egin ditugu eta guztietan historiako errelato bat antzezten dugu. Orreaga edo Errozabalen gertatutakoa buruan neukan aspaldi, ederra iruditzen zitzaidan halako pasarte bat jendeari kontatzea. Izan ere, hain urrun gelditzen zaigu bertan gertatutakoa… Pandemia garaian, itxialdian, heldu nion gaiari eta orduan idatzi nuen gidoia. Ondoren, antzerki taldean azaldu eta denek pozik hartu zuten gaia. Hasieratik, argi genuen helduok bakarrik ez eta gaztetxoek ere egon behar zutela an-tzezle lanetan. Gazteek Orreagan, Errozabalen gertatutakoa ahotan erabiltzea nahi genuen. Izan ere, eskolatik oraindik ez dute horren inguruko informazio zehatza jasotzen, lehen baino gehiago iristen bazaie ere. Horrela hasi ginen gertakariaz jabe-tzen, 1.200 urte atzera joaten. Oso gustura lan egin dugu, baita gazteek ere.

Azken batean, zer izan zen Orreaga euskaldunontzat?

Orreaga gotorleku natural bat izan zen gure arbaso baskoientzat. Hainbat gudaldi egon ziren bertan eta horien ondorioz sortu zen Iruñeko Erresuma, Karlomagno eta Errolan bertan garaituak izan ondoren. Gertakari hori mugarri garrantzitsua da euskaldunontzat eta uste dut memoria leku bezala garrantzi gehiago izan beharko lukeela. Aldiz, zer da gerta-tzen dena? Orreagara joan eta Errolanen oroigarria ikusten dugu. Luzaidera iristen gara, gazteleraz Valcarlos izenekoa, Karlosen bailara. Galtzaile izandakoen oroigarriak dira, eta non daude hor baskoiak? Guri tokatzen zaigu gure historiaren kontakizuna egitea, euskaldunoi, eta mundu zabalera helaraztea bertan gertatu zena. Gogoan izan beharko genuke 824 urtetik 1600era arte, hau da, zortzi mendez, estatu antolatu bat izan genuela.

Zeintzuk izan ziren estatu hori era-tzearen ondorio zuzenak?

Baskoiak leinuetan sakabanatua zeuden eta erresumaren eraketak guztiak bildu zituen. Antolaketa horrek babestu egin zuen orduko baskoien lurraldea, eta ondorioz, orduko hizkuntza, orduko ohiturak eta orduko kultura indartu egin ziren. Horregatik bizirik mantendu da euskaldunon herria eta traba askoren artean gure hizkuntza ere gureganaino iritsi da.

Antzezlanean, zeintzuk izan dira landu nahi izan dituzuen puntuak? Zertan oinarritzen da, zehazki?

Orreagatik iragan hurbilera an-tzezlanean adin desberdinetako Segurako 21 herritarrek parte hartzen dugu eta bi garai desberdinetan dago kokatua. Alde batetik, baskoiek Orreagan Karlomagnoren tropak, frankoak, gailendu eta Eneko Aritza baskoien lehen errege izendatu zuten garaietan (VIII. eta IX. mendeak) eta, bestetik, XX. mendeko bigarren erdialdera, frankismo garaian. Azken honetan zenbait esketx antzezten dira, garaiko irakaskuntza, erlijioaren indarra, jendearekiko errepresioa eta abar azalduz. Horien artean frankismo garaian Azpeitiko gizonezko baten atxiloketa eta desagerpena eta Segurako Argia astekariko kronikalari baten aurkako errepresioa azaltzen dira. Gure asmoa bi garai horien artean lotura bat sortzea da, iraganeko garai desberdinetako euskal herritarrak jasan dituzten erasoak azalduz, gertatutakoa ez dezagun ahaztu.

Eta guzti horretarako gazte talde ederra daukazue antzezle lanetan.

Orreagako eszena osoa 13 urteko neska-mutilek antzezten dute eta bereziki horretarako egokitu den musika eta koreografia erabiltzen dira. Horrela antzezlanari indar handia emateaz gain adin bereko gaztetxoen interesa piztea lortzen dute. Koreografiaren egilea Oier Laborde da eta berak gidatu du arlo hori, Joxan Goikoetxearen musikaz lagunduta. Antzezlaneko gainerako musika Karlos Jimenezena da. Gazteen inplikazioa erabatekoa izan da. Behin, orduan gertatutakoaz jabetzen direnean interesa pizten zaie eta bikain sartzen dira paperean. Oso interesgarria da, bestalde, horrelako proiektu bat herrigintzatik egitea, azken batean herri guztia inplikatu delako. Pentsa, gure antzerki taldean 21 lagun biltzen gara, 21 pertsona horiek euren senideei eta ingurukoei zabaltzen diete, aldi berean. Eta horrela, gehiago eta gehiago zabalduz joaten da.

Dagoeneko behin baino gehiagotan eszenaratu duzue obra. Nolakoa izaten ari da jendearen erreak-zioa?

Seguran izan zen estrenaldia eta ondoren Zegaman, Ordizian, Beasainen, Azkoitin eta Mutiloan taularatu dugu. Uste dut jendea gustura etor-tzen dela antzezlana ikustera badakielako gure historiako pasarte bat dela taularatuko duguna. Eta Orreagakoa kontatu genuenean jende askok esan zigun: “Baina guk ez genekien hori gertatu zenik ere! Hemen egon al zen bada erresuma bat?”. Ikusle ugariren eskerrak jaso ditugu.

Independentzia horren kontzien-tzia berpiztea ere ekartzen du gure herriaren historian sakontzeak?

Gure herria horrenbeste denboraz independentea izan dela jakitea noski dela garrantzitsua. Pentsa zenbat aldiz oihukatu edo abestu ditugun askatasuna, independentzia edo burujabetza bezalako hitzak. Eta zor-tzi mendez independente izan garela jakitea beharrezkoa da, gaurko egunerako gakoak ere eman diezagukeelako. Ez dugu ahaztu behar gure arbaso euskaldunek, 200 urtez erasoak jasan ondoren, erresuma bat eratu zutela. Hori jakin behar dugu gaurko egunean independentzia hi-tza ahoskatzen dugunean.

Sakontze horretan, artea, kultura, tresna baliagarriak izan daitezke?

Oso baliagarriak dira transmisio tresna gisa. Guk ere, antzerkiaren bidez, artea eta sormena erabiltzen ditugu jendearekin konektatzeko eta modu erakargarrian eta ulergarrian eurenaga iristeko.