Taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte igaro direnean berriz ere stand up formatuko bakarrizketari helduko dio Jon Plazaolak gaurkoan, hori bai, berak dioen bezala, “23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago”.

Gogotsu zinen berriz ere formatu honetako ikuskizun bati heltzeko?

–Bai, gogoa neukan eta gogoa neukan gainera euskaraz egiteko. Behin egin dut Tu-Tum, Platz! gazteleraz, gure mugetatik kanpo, eta konturatu naiz, ondo konturatu ere, euskaraz eta euskaldunentzat sortutako bakarrizketa bat dela, agian buruak eta bihotzak hala eskatzen didalako. Orain dela 23 bat urte, hasi ginenean, oso-oso gutxi ginen euskaraz bakarrizketak egiten genituenak eta gaur egun, zorionez, gero eta gehiago gara.

Zirrara berezirik dauka zuretzat bakarrizketa formatuak? Azken batean, tranpa gutxi eszenatoki gainera ateratzen zarenean.

–Bai, momenturen batean gaizki pasatzen badut, “Atera aurretik” da nire buruari esaten diodana. Lehenengo hanka oholtza gainean jar-tzen dudanean, teloia jasotzen denean, gozatzen hasten naiz, baina horren aurretik, ufa… gaizki pasa-tzen dut. Batez ere, bakarrik banago. Orain bagabiltza beste antzezlan pare batekin, eta hauetan gainon-tzeko kideekin zaude, aurreko minutu horiek eramangarriagoak dira. Baina honakoan, monologoari hasiera ematen dion abestia entzunten dudan arteko minutuak luze egiten zaizkit. Behin musika hasten dela esaten dut: “Benga, banoa”.

Igerilekura jauzi egiteko unea…

–Hori da. Urik ezean koskorrekoa hartu eta berriro ateratzea tokatzen da eta, ura baldin badago, ahal den guztia igeri egitea.

23 urte igaro dira lehenengoz taula gainean lehen agerraldia egin zenuenetik. Eszenatokira atera-tzen zarenean dituzun sentipenak asko aldatu dira ordutik?

–Beti da desberdina, gu ere desberdinak garelako. Aitziberrekin (Garmendia), badugu esaldi bat gehiegi gustatzen ez zaiguna, eta da norbaitek esaten dizunean: “Segi berdin, ez aldatu inoiz”. Gure bizitzari begira-tzeko modua guztiz bestelakoa da, gustatzen zaigu jendeak nabaritzea bagoazela aldatzen, eboluzionatzen eta ikasten, etengabe. Ez litzateke albiste ona izango orain dela 23 urteko pertsona bera banintz. Aldatu naiz, gauzak egiteko modua asko aldatu da, ibilbide honetan gauza asko ikusita ikasteko zortea izan dut… Agian, erreminta kaxa berdina da, baina kaxa horretan erreminta askoz gehiago daude orain. Zerbait faltan botatzen baldin badut, hori da inozentzia puntua, garbitasun moduko bat, denborarekin galtzen dena. Pena bat da, baina ezinbestekoa ere.

Eta umorea ozpintzen joaten da adinarekin?

–Ozpintzen baino, zorrozten esango nuke. Umorea ozpinduta edukitzea ez da oso gomendagarria, eta hala bada agian barnera begiratu beharko zenuke ikusteko zer dagoen hor, umorea den arma polit hori ozpin-tzen edo zikintzen duena. Baina zorroztu egiten dela, argi dago. Ez da berdina zure munduarekiko ikuspegia 18 urterekin edo 41ekin. Horrek ez du esan nahi orain dela 20 urte grazia egiten zizuten gauza horiek orain graziarik egiten ez dizutenik. Niri gertatzen zait. Baina kontatzeko era aldatu egiten da. Adibidez, isiluneetaz gozatzen ikasten duzu, ez dizute beldurrik ematen, kontrakoa baizik, tentsioa sortzen duzu nahita.

Azken egunotan 18 urte zenitueneko argazkiren bat ere igo duzu sare sozialetara. Nola gogoratzen duzu zure burua adin horrekin?

–Bat-batean oso-oso urrutik geldi-tzen zait. Ordutik gauza asko pasa dira, nire bizitza erabat aldatu da. Ez kolpe bakar batez, baizik eta bihurgune eta gora-behera askoren ondoren. Errusiar mendi batean bidaiatzea bezala. Eta hori pozgarria da, esan nahi duelako urteak aprobetxatzen ari garela eta bizitzen ari garela. Egia da 18 urtetatik 41 bete arteko bide horretan fase oso emankorrak pasatzen direla. Normala da, alde batetik, hain zuzen adin tarte hori ere hala izatea, esperientziekiko oso oparoa izatea. Ez dakit hemendik aurrera martxa berdina jarraituko dugun. Normalena litzateke pixka bat gehiago lasaitzea. Baina egia da 18 urtetako argazki bat ikusterakoan esaten dudala: “Uau, nola aldatu den ipuina”. Gauza batzuetan, beste batzuetan ez, noski.

Zer nolako umorea egiten duzu ikuskizun honetan? Nondik eraikitako umorea?

–Nire esperientzia pertsonaletatik ateratako gauza asko daude, beraz, esan dezakegu nire buruari barre egiten diodala. Barnera begiratu eta norberaz barre egitea oso ariketa osasuntsua dela esango nuke. Beste alde batetik, uste dut publikoa identifikatuta sentitzeko lehenengo pausoetako bat dela esperientzia propioetatik hitz egitea. Azken finean, eta jendea gure artean oso desberdinak garen arren, badaukagu puntu batzuk komunean. Eta stand up komedia egiteko puntu horiek bilatzea eta aurkitzea oinarrizkoa da publikoarekin konektatzeko.

80ko hamarkadan sortutakoak bereziki identifikatuta sentituko dira emanaldian?

–Nik uste dut baietz. Beraiei eskeinitako tartetxo bat badago, milenialei eskeinitakoa. Uste dut hamarkada berezia izan zela gauza askotan, hamarkada horretan jaiotakook haurtzaroan eta nerabezaroan gauza asko bizi izan genituela. Orain gure onenean gaudenok, haurtzaroa eta nerabezaroa 80-90 hamarkadetan igaro dugunak gara.

Irtenetik gabeko haurtzaroa izan duen azken belaunaldia…

–Bai, dudarik gabe. Lehenengo telefono mugikorra 18 urte inguru horretan eskuratu genuenok osatzen duguna. Gauza asko bizi izan ditugu lehenengo aldiz eta gauza asko ikusi ditugu ere desagertzen. Egia da belaunaldi horrek garrantzia handiagoa hartzen duela ikuskizunean zehar, nahiz eta horrek ez duen esan nahi beste belaunaldietakoek ez dutenik tartea izango, hain zuzen ere gureaz barre egiteko aukera izanen baitute.

Adinaren krisiak hartzen duen horietakoa zara edo, ardoa bezala, urtetik urtera hobetzen doana?

–Uste dut Tu-Tum, Platz! egiten dudan bakoitzean gero eta kontzienteagoa naizela nire krisiaren sakoneraz, kar-kar… Ez, uste dut gure onenean gaudela adin honekin. Nire burua lasai ikusten dut, bizitzarekiko begirada askoz ere patxadatsuago batekin. Beste alde batetik, nabaritzen ditut 40ko krisiaren ezaugarri batzuk, diagnostikatzeko modukoak. Orain afizio berri bat daukat, surfa, eta nire buruari esaten diot: “Zeinek aginduko zidan taula bat hartu eta itsasora sartzea?”. Zeinek aginduko zidan, baina hortxe nago, gazte eta aktibo mantentzeko saiakeran. Behintzat oraindik ez dut motorrik erosi, kuadrillako baten batek egin duen bezala.

Zerekin egiten duzu barre zuk?

–Gehienetan, gauza guztiz normalekin. Aktualitatean dauden gauzetaz elikatzea, hauei forma ematea eta zorroztea... satira egitea gustatzen zait, lehengo bufoiek egiten zuten modura: boterearen lepora barre egitea, herriak jakin dezan goikoak zertan ari diren. Horretarako umorea kristoren arma da, horregatik saia-tzen dira ixiltzen eta mugatzen. Gure meatzea toki askotan aurkitu dezakegu umorea egiteko, eta hala egin behar dugu, ez gaituzte isilduko.

Euskal stand-up komedia garai bereziki oparoan dagoela esan daiteke? Dagoeneko badago crew moduko bat.

–Izugarrizko ilusioa egiten dit horrek. Duela 23 urte oso gutxi ginen euskaraz bakarrizketak egiten genituenak. Orain, crew moduko bat badago, eta talde horretako partaide batzuk, Maria Blanco, Julen Portillo, Iker Plazaola… Barre Librea-tik pasatakoak dira, bertan egin dute lehenengo stand up saiakera bat, eta beraiekin berriz elkartu eta gero, bai niri bai Aitziberri eskertu digute aukera eman izana. Anttonen adibidea ere sekulakoa da, laguna dut eta miresmen handia diot. Oso pozik nago panorama guzti horrekin, zerbait mugitzen ari dela argi dago.