Durangoko Azokaren Saguganbara gunean ezagutzera eman da Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak babesten duten seigarren Sormen Bekaren proiektu irabazlea: "Argizagi. Zubiak adiskidetasuneratz" izeneko sorkuntza lana saritu da. Animaziozko telesail proposamena Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbideren Marramiau Sorkuntza Taldeak (Hernani) aurkeztu du eta 15.000 euroko zenbatekoa jaso du proiektua gauzatzeko. “Oso eskertuak gaude emandako aukeragatik eta ez genuen espero. Gogotsu ginen haurrei zuzendutako animaziozko serie bat egiteko, lehendik hasita genuen proiektua da eta ilusio handia egiten digu hau aurrera eramateak”, azaldu du Ihintza Iriartek.

Aurtengo deialdia, haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan oinarritu da eta proposamen irabazleari dagokionez, “Argizagi animazio seriea bat da, 5-10 minutu inguruko 5-6 kapituluko iraupenekoa. Bertan, Izei lurtarraren abenturak ikusiko ditugu Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutzean. Hauek kontziente izan gabe urteak itxita egondako bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duen argi-zubi bat irekiko dute, galaxiaren ongizatea arriskuan jarriz”, aurreratu du Miren Bereziartuak.

rabazleek urtebete izango dute sorkuntza-prozesua egin eta aurkezteko, zehazki 2024an egingo den 59. Durangoko Azokan. “Animaziogintzan hastapenetan gaude, beste sortzaile batzuekin elkarlana sortzea gustatuko litzaiguke. Momentuz gidoia idazteko fasean murgilduta daude eta oso gogotsu gaude bikoizketan, soinu edizioan eta animazioan aritzeko”, laburbildu du Uxue Bereziartuak. “Orain bezain urduri jarraituko dugu urte guztian zehar eta espero dugu emaitza polit bat eskaintzea datorren urtean” gaineratu du.

Laugarren eguna

Egitarau zabala eta anitza egongo da asteburuan aukeran. Gaur esaterako, Pako Aristi, Uxue Alberdi, Eneko Aizpurua, Julen Apella eta Miren Agur Meabe egongo dira nobedadeak aurkezten Ahotsenean. Musikan, Amorante, Rukula eta Ibil Bediren disko aurkezpenak aipatu daitezke. Irudienean, ere Perlata taldearen filma, Habana Glass laburmetraia; Talaian Alex Txikonekin konexioa lotuko dute Annapurnatik liburuaren berri emateko.