EiTBn bost urteko ibilbidea egin ondoren, Ene Kantak proiektuak bere bidea jarraituko du telebistako pantailetatik kanpo, sare sozialen leihoa izaten jarraituko duen arren. Prest dago abesti berriak bilduko dituen diskoa eta bideoklipetako batzuk, abian ere oholtza gainera eramanen duten ikuskizuna eta Belatz marrazkilariarekin egindako liburua: Bisonte mastodontearen bila. Jatorrietara itzuleran, Antzinarora bidaiatuko dute Ene Kantakeko pertsonaiek. Bidaia horretan laguntzeko bazkidetze kanpaina ere abiatu dute, opari eta abantaila ugarirekin, irailaren azken eguneraino zabalik egonen dena.

Etapa berriari ekin diozue Ene Kantaken. Zein unetan zaudete orain?

–Jakingo duzuenez bost urtez eman ditugu telebistan, ETB3-rako saio bat egiten. Eta etapa hori bukatuta, hausnarketa prozesu batean sartu eta zer egin genezakeen pentsatzeko. Argi genuen Ene Kantakekin segitu nahi genuela eta horixe egin dugu. Gure jatorrietara itzuli gara. Hasierako Ene Kantakera bueltatu, finantzaketarik gabe, noski, baina bideoklip eta eduki berriak sortzeko gogoekin.

Jatorrira itzulera, beraz, ilusio berrituekin?

–Hori da, haurrak eta euskara ardatz hartuta eta musikarekin, noski. Gure ardatz horiek ez ditugu inoiz alde batera utzi, baina orain inoiz baino presenteago ditugu. Telebistak eman digun esperientziak, hori bai, gure lan egiteko modua baldintzatu du. Profesionalez inguratuta egon gara eta lanak era profesionalean egiten jarraitu nahi ditugu. Aktoreak hartu ditugu, gidoilariak, atrezzistak… Apainago eta borobilago dago lana, nolabait esateko.

Bazkidetze kanpaina bat martxan jarri duzue, indarberritze horri eusteko. Zertan datza eta nola lagundu daiteke proiektua?

–Enekantak.org webgunean sartuta. Eutsi Ene Kantak, eutsi euskarari leloa sortu dugu eta bertak klik eginda bazkidetu daiteke. Bi bazkidetza mota daude, urteko 20 eurokoa edo urteko 35 eurokoa. Aurrera egiteko modu bat bezala ikusten dugu finantzaketa hori, bazkideak edo bidelagunak izatea. Izan ere, fideltasun horrek lasaitasuna eta poza ematen dizu, jendeak hor jarraitzen duela ikusten duzulako. 20 euroko bazkidetzaren truke, liburu berria, bost kantu edo bideoklip berri, dendan ditugun produktuetan %30eko deskontua, urtebetetze egunerako bideo pertsonalizatua eta hainbat zozketa eskaintzen ditugu. Eta 35 eurokoarekin, esan dugun hori gehi kamiseta pertsonalizatu bat. Irailaren 6an askatu genuen lehenbiziko kantua, bazkideek entzun dezaketena, eta gutxinaka gehiago igotzen jarraituko dugu. Bazkideak dira bideo horiek ikusten lehenengoak, abantailatxo hori badaukate.

‘Bisonte mastodontearen bila’ izena du laster aterako den liburu berriak, Belatz marrazkilariarekin egin duzuenak. Noiz iritsiko da dendetara?

–Urriaren hasieran egonen da dendetan, ez banago oker. Laster izanen duzue horren berri.

Azken diskoa jasotzeko aukera ere izanen dute bazkideek.

–Bai, USB formatuan, eta USB oso polita izango da, gainera. Ez dut esango zeren itxura duen baino lehengo gizakiekin lotuta dago. Telebistarako egin genituen azken bederatzi kantuak, beti CD-an plazaratu izan ditugunak, zintzilik geratu ziren, euskarririk gabe. Eta pentsatu nuen azken horiek lehen gizakien inguruan egindako bost kantu berriekin batera atera zintezkeela.

Kantu berriak, liburu berria, bideoklipak ere… Eta oholtza gaineko ikuskizunaren prestaketa betean zaudete, ezta?

–Bai, entseguekin hasi gara hilabete honetan Jaione Urtasunen gidaritzapean, berak zuzentzen baitu obra. Ilusio eta gogo handiarekin gaude ikuskizun berriarekin.

Protagonista berriak izanen ditu ikuskizunak?

–Lehen gizakiak aterako dira, beraien eskutik denboran bidaiatuko dugu Antzinarora. Eta ez dakigu bisonte mastodonterik egonen den edo ez, handia ote den edo ez, gizakiak jango dituen edo ez… Ez dugu spolierrik eginen, baina nik uste mereziko duela ikustera joateak.

Pertsona ospetsuak abesten eta dantzatzen jarri izan dituzue, bide horretatik ere jarraituko duzue?

–Azken bederatzi abesti horietan bai, pertsona ezagunek parte hartu dute, horrekin jarraitu dugu. Lehen gizakien kantuetan, aldiz, Gartxot Unsain gonbidatu dut, halako osotasun bat emateko abesti hauei. Gabonetako emanaldietan, Gartxot eta biok egonen gara abesten, zuzenekoa errazte aldera. Pertsona ospetsuek, izan ere, abesten dute baina ez dira abeslariak, jendaurrean abesteko prestatuta egon behar zara.

Hurrengo hilabeteei dagokienez, zeintzuk dira aurreikuspenak?

–Momentu honetan entseguetan gaude eta horrek nolabaiteko poz dosi bat eman digu. Izan ere, sortze prozesua nekeza izaten da, erditu orduko bide hori gogorra da, hainbat bide itxi eta ate irekitzen dituzu. Hala ere, gozatu dut bide horretan. Ekaina hasieran ikasle batzuk etorri ziren koreografia dantzatzera, eta hori beste aurrerapauso bat izan zen. Orain, gidoia eskuetan eta entseguetan, momentuaz disfrutatzen ari gara. Aldi berean bazkideen zain eta hauei atea irekitzen ari gara, hori ere polita da.

Zein da iristen ari zaizuen feedbacka?

–Poliki poliki jendeari proiektua iristen ari zaio eta interesatzen ari da. Baina egia da aspaldi ez dugula eduki berririk egin, esango nuke martxoaren bukaeran izan zela azkeneko saioa. Jendea gogotsu dagoela uste dut, eta eskoletan erabiltzen den materiala sortzen dugunez, uste dut hauek ere gogoz daudela material berria jasotzeko.