Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala nobelak S. emakumearen istorioa du ardatz: Stockholmeko ospitale batean dago, adopzioan eman asmo duen haur batez erditu berri, Bosniako gerra garaiko bortxaketen ondorio izan baita bere haurdunaldia. Denboran atzera egiten du hortik narrazioak, eta Bosnian gerra hasi zenetik protagonista Suediako ospitalera heldu artekoaren kontaketa jasotzen du. Sarajevoko neska gazteak irakasle ziharduen herrira soldadu serbiarrak agertu, bortxaz autobusetan sarrarazi eta esparru batera eraman dituztenetik aurrerakoa oroitzen du eleberriak. Ezinbestean, infernuetarako jaitsiera baten kontakizuna da Drakuli?c-ena, urratsez urrats, gizatasunaren mugak zalan-tzan jartzera iristen den biolentziaren kontakizuna.

Baina gerraren deskribapenean bainoago, bortxazko egoerek sorrarazten dituzten galdera eta zalantza etikoetan jartzen du azpimarra eleberriak: biziraute-nahia egoismoa al da esparru batean? Zein ardura dauka biktimak esparruaren logikak mantentzean? Badu zentzurik traizioak halako espazio batean? Nobelak zabalik uzten dizkigun galdera horiek egiten dute bereziki gizatiar, sakon eta interesgarri kontakizuna. Orobat, emakumezkoek jasandako askotariko biolentzia (bereziki sexuala) ikusarazten du eleberriak, baina gatibu horien biktima izaera azpimarratzeaz harantzago, esparrurik ankerrenean emakume horiek ekiteko eta bizirik irauteko duten indarraz ere gogoetatzen du nobelak, heroismorik gabe egin ere.

Fikzioa izanagatik, lekuko baten sinesgarritasunaz kontatzen ditu Drakuli?c-ek gerrako eta esparruko gertaerak. Nobela gertatzen den espazioak usainen, zaraten edo ukimenaren bidez papereratzen ditu, S.ren gorputzetik beretik, eta beldurra ematen duen hurbiltasunetik bizi du hala irakurleak esparruko emakumeen egunerokoa. Hirugarren pertsonako narratzailearen jardunean S.ren gogoeta-printzak txerta-tzen ditu egileak, eta horrela sortzen da nobelaren ahotsa, ez diona biktimari ahotsa “kentzen”, ezta kondeszendentziaz “ematen” ere; harekin batera sortzen du hein batean hirugarren ahots bat. Era berean, leku eta pertsonaien inizialak soilik erabiliz, nobela alderik alde zeharkatzen duen isiltasunaren eta esan beharraren arteko tentsioa ikusarazten du idazleak: biolentzia espektakularizatzea saihesten duen aldi berean jartzen dizkio sufrimendu ezkutatuari hitzak.

Txatal laburretan egiten du aurrera nobelak, eta horrela lortzen du idazleak uneoro pertsonaien sinesgogortasuna, ulertu nahi eta ezina, gertatzen zaienaren narrazio jarraitu bat osatu ezina papereratzea, gerra batean, sinesteak errealitatea izendatu eta berau sortzea esan nahi du, izan ere. Beren burua gerrako narrazio batean txertatuta ikustearekiko erresistentzia ere adierazten du nobelaren egituratzeak, neurri batean. Eta halaber, atalkatze horrekin eta estilo zoliari esker lor-tzen du idazle kroaziarrak bukaera ustez ezaguna duen istorioarekiko jakinmina eragitea, eta irakurleak nobela arnasari eutsiz irakurtzea, hasi eta buka. Amaia Apalauza Olloren itzulpen bikainak nobela gogor eta gogoangarri honen irakurketaren gozamen estetikoa areagotu egiten du, gainera.