Bi sentipen ditu ahotan Iñigo Astizek (Iruñea, 1985) plazaratu berri duen liburuaz mintzatzerakoan: zoriontasuna eta ezinegona. Analfabetoa (Susa) bigarren poesia liburua du Astizek, zazpi urteko etenaldiaren ondoren. Aurrenekoan -Baita hondakinak ere (Susa, 2012)- gorputza izan zuen ardatz; oraingoan, inguratzen duen mundua deskribatzeari ekin dio.

Orokorrean, genero poetikoan ezohikoa den ospakizun tonua eman nahi izan dio egileak liburuari, errealitatearen gordintasuna ukatu gabe. “Zoriontasuna bilatu dut, mundu honen -keria guztien zirrikituetatik sortuko zena. Ez matxismoa, izugarrikeria ekologikoa edo zapalkuntza ekonomikoa ahaztuta, baizik eta horiek guztiak egonik ere nonbaitetik ernetzen den zoriontasun bat”.

Izenburua bera da lehen elementu deigarria. Nor da ‘Analfabetoa’?

Liburua zentratzen da igartzen diren baina igarri arren guztiz ulertzen ez diren gauzen esparruan. Horra gezi asko botatzen dituzte poemek, eta ideia da, azken finean, denok garela analfabetoak: badaude analfabeto emozionalak, bagaude alfabeto zirilikoa uler-tzen ez dugunak; gainera, historikoki euskal literaturan analfabetoak izan gara atzo arte. Eta, gaur egun ere, nahiz eta alfabetatzea ikaragarri zabaldu den, oraindik ere euskaraz alfabetatuta gaudenok analfabetoak gara gure hizkuntza propioan. Sentsazio horri egiten dio erreferentzia tituluak. Beraz, analfabetoak denok gara.

Kontraesankorra ere suerta daiteke. Hizkun-tza, hots, alfabetatzea baliatzea ulertzen ez duzun mundu eta errealitatea azaltzeko.

Ideia hori da. Ez dakigunari buruz hitz egiteko pila bat jakin behar dugu. Liburuan badago ez jakite horri buruz idazteko gogo bat, eta paradoxikoki, dakizunari buruz idaztea baino gehiago kostatzen da ez dakizunari buruz idaztea.

Hortaz, ezjakintasunak sortutako ezinegona da poemen arteko haria?

Badago ezinegona, eta liburu honetan ere badaude poztasun dosi handiak. Dugun errealitate honen atzean askotan igartzen dugu kode moduko bat, usaintzen dugu zerk mugi-tzen duen mundu hau; eta, aldi berean, ez dugu ulertzen zerk mugitzen duen. Edo akaso batzuetan ulertzen dugu, badakigu zein errealitate ekonomikok mugitzen duen mundua, baina ukatua zaigu hizkera hori. Beti gaude arrotz, gure bizitzak dira arrotz inguratzen gaituen kode horretan.

Zoriontasunetik asko, baina heriotza, gerra edota arazo ekonomikoak ere maiz aipatzen dituzte poemek.

Badago ospakizun eta zoriontasun giro orokor bat, baina saiatu naiz zorion hori ez zedin izan naif. Ez nuen nahi zoriontasun bat mundu honetako -keria guztiez apartekoa eta haiei bizkarra emanda. Bilatu dut, edo behar izan dut bilatu, zoriontasun bat mundu honen -keria guztien zirrikituetatik sortuko zena, bestela tranpa egiten ariko nintzateke nire buruari, eta ez dit balio. Izatekotan, mundu honetan izango gara zoriontsu; hortaz, zin-tzoena da mundu hau erretratatzea den bezalaxe. Eta, hala ere, erreserbatzea dauzkan zoriontasun dosi horiek eta horiek bildu eta idatziz uztea, hain juxtu horregatik, hemen bizi behar garelako.

Idazle gisa ere bidaia hori egin duzu, ezinegona paperean jartzean poza bihurtu da?

Noski. Lortzen duzunean sentitu duzun sentsazio bat paperean mantentzea eta sentsazio horren bizitasunari eustea, hori da eskulangile onaren sentsazioa, makil on bat egin duenean. Gertatzen dena da dugun langintza hau nahiko arraroa dela, eta 5.717 makila ez dakizula hobeki egiten lehenengo makila baino. Nahiz eta asko idatzi, nahiz eta askotan errepikatu generoari buruzko tradizioa, nahiz eta jakin zein diren mugitzen diren kode horiek, aldiro-aldiro zaude ez dakizun horri forma ematen. Makilak egiten ibili arren, ez duzu ikasten makil-egile hobea izaten, edo ez dituzu azkarrago egiten.

5.000 ez, baina bigarren poesia liburua duzu. Aldatu al da zure idazketa prozesua?

Ez dakit aldatu den, baina egia da ezberdin idatzi dudala. Besteak beste horregatik, bigarren poema liburua delako, eta lehena egitea zer zen jakinda, bestelako galdera batzuk bilatu behar izan ditut motorra martxan jartzeko. Nik ez ditut liburuak idazten, poemak idazten ditut, eta behin poema mordoxka bat daukadanean hasten naiz sumatzen haien artean egon daitekeela liburu bat. Kasu honetan ere horrela izan da. Zazpi urtez idazten jarraitu dut, momentu batean sumatu dudan arte poema horien atzean liburu bat zegoela. Hortik aurrerako prozesua oso bizia izan da, egon dira aldaketa asko eta gehitu dira poema berri franko.

Azkenean 41 poema bilduta osatu duzu liburua eta egitura hirukoitza eman diozu: 1 + 39 + 1. Hau da, bi poema bakarka eta erdian multzo handi bat. Egitura ziklikoa du liburuak?

Hor badago triptiko gotiko baten moduko zerbait, eliza gotikoetan egoten diren erretaula horien antzerakoa. Izkinak tolesten diren bi ate izaten dira, eta erdikoak albokoen tamainaren doblea izan ohi du; izkinakoek itxi eta biltzen dutelako erretaula. Ez da ziklikoa, baina bi er-tzek badute paralelismo moduko bat. Bi ertz horiek egitura bat ematen diote liburuari eta hor erdian sartzen dira poema anitzagoak, gai gehiago lantzen dituztenak eta laburragoak. Denetarik biltzen da ez hain tonu nabarmenean, baizik eta era sotilagoan. Finean, ideia da orainaldia azaltzen saiatzea, orainaldiak eskaintzen dituen tresnekin; jakinda orainaldiak gain hartzen gaituela, jakinda ere orainaldia harrapatzen saiatzea alferrik dela.

Zein da lehen poemaren eta azkenaren arteko lotura hori?

Lehenengo poeman hitz egiten duen pertsona Arraizko kobetan dago, Ultzaman (Nafarroa). Bertan harri bat topatu zuten marra ba-tzuekin eta jakin zuten harri hura mapa bat zela, kobazuloaren inguruan zegoenaren mapa. Harri hartan deskribatzen zen Arraizko ingurua orain dela 13.660 urte. Poema hori dago idatzita mapa hori egin zuenaren ahotsetik, eta hor planteatzen dena da pertsona horrek ez zuela mapa hori marraztu beraren-tzat, berak ez zuen behar, ezagun zituelako baso horiek. Etorkizuneko bizilagunentzat marraztu zuen mapa, etorkizunari egindako konjuru moduko bat da. Berak ez zuen behar, baina sentitzen zuen beharra ondorengoei esplikatzeko han bizitzea zer zen.

Eta azkenengo poema ere konjuru moduko bat da, hasi den mende hau azaltzeko saiakera nahiko delirante baten bidez. Dena azaltzeko nahia da, mapagile hark bere ingurua deskribatzeko saiakera egin zuen bezala. Berak deskribatzen zituen basoak, ibaiak eta animaliak; eta gaur egungo mundua deskribatzeko askoz hiztegi konplexuagoa behar dugu, finan-tzen edo globalizazioaren ingurukoarekin, genero eraikuntzaren ñabardura guztiekin... Hiztegi gaurkotu horrekin saiatzen naiz etorkizun den jendearentzako halako mapa bat eskaintzen. Izan ere, poema hori idatzi nuen aita izango nintzela jakin berritan, eta da nolabait etorkizunari egindako konjuru bat, azaltzeko zer den hemen bizitzea orain.

Azken poema hori, ‘Hogeita Bat’, azkena izateaz gain, luzeena eta deigarriena ere bada.

Bai, egungo munduaren deskripzio saiakera nabarmen bat da. Poemak dena esplikatu nahi du; eta horretarako esplikatu behar du nazioarteko yihadismoa edo esplikatu behar du zer den Ikea, adibidez. Hor ez daude ibaia, mendia, animalia. Askoz ere mundu konplexuagoak eskatzen du askoz ere hiztegi konplexuagoa, eta badago saiakera bat dena esplika-tzeko, jakinda hori dela ura eskuekin hartzen saiatzea bezala, jakinda eskapatu egingo zaizula atzamar artetik.

Edozein poesia liburutan bezala, beste garai eta lekuetako poeta asko aipatzen dituzu. Baina, zure kasuan, beste pentsalari, artista edota ekintzaile ugariren erreferentziak ere ageri dira.

Poema bat idaztea ordura arte idatzi diren poema guztiekin dialogoan egotea da, edo behin-tzat ezagutzen dituzunekin. Baina, aldi berean, orain arte genero horretan existitu den materialarekin aritzea ere bada. Eta dialogo horiek egin daitezke modu isilean, edo egin daitezke esplizituki jarrita. Nik askotan egiten dut era esplizituan eta askotan nire liburutegiaren aurka ere idazten dut, edo nire liburutegiaren zamarekin. Nik egiten dudan ariketa da erakustea, hari horiek ez ezkutatzea, baizik eta agerian uztea. Horrela ikusten da idazketa prozesua prozesu dialogatu bat dela. Gainera, ez bakarrik idazleekin, arte garaikideko sortzaile askorekin ere, artista pilo bat ere aipatzen baitira liburuan. Poetekin batera, artista asko daude.

Are gehiago, koadro batzuen erreferentziak ere jarri dituzu. Zergatik?

Hor dialogoa artelan horiekin izan dut. Poema horiek sortu ditut hiru koadrori eta pieza arkeologiko bati erantzunez. Esplizituki eta testutik aparte jarri ditut erreferentziak, koadroen eta pieza arkeologiko horren izena, erreferentzia hori ezkutatuz gero oso arraro gera-tzen zelako, ez zen ongi ulertzen. Gainera, gaur egun edonork ikus dezake irudia Interneten bilatuta, eta irakurtzearekin batera egon daiteke irudia ikusten. Ezin nuenez jarri harria edo koadroa liburuan, aipamena utzi dut.

Liburua bere osotasunean Kontxitari eskaini diozu. Nor da Kontxita?

Eskaintza orokorra Kontxitari egin diot, nire amona zenari. Aurreko liburua Peiori, nire aita zenari dedikatu nion. Bera hil ondoren publikatu zen lehen poesia liburu hura eta hau dedikatu diot Kontxitari, hil ondoren hau ere, pixka bat sinetsita poema liburuak daudela halako erdi bideko terreno batean, bizien eta hilen artean.