Bost lagun elkartu dira, itxuraz afari atsegin eta normal baterako. Gauza asko dituzte ospatzeko, tartean, haietako bi guraso izango direla. Lagun giroan hasten dute otordua, halako batean galdera bat mahaigaineratzen duten arte: bidean dagoen umeari zein izen jarri. “Ordura arteko poztasun eta aldarte onak amaituko dira tupustean, eta ikaragarrizko gatazka sortuko da”.

Hitz horiekin azaldu du obraren muina bertan aktore gisa parte har-tzen duen Ane Gabarain aktoreak. Gatazka horri tiraka, pertsonaien ezkutuko aldeak azaleratzen hasiko dira. Horrela, hainbat eztabaida piztuko dira, hipokrisia, bikote harremanak edo lagun arteko harremanak hizpide, pertsonaien arteko harremanak kolokan jarri arte.

KOMEDIA FRANTZIARRA Matthieu Delaporte eta Alexandre de la Patelliereren Le prénom komedia fran-tziarraren egokitzapena da Ene ba!. Bi bertsio ditu antzezlanak, bata Daniel Veronesek egina eta bestea Jordi Galceranek moldatua. Txalo konpainiako kideek azken honena taularatzea erabaki zuten. Begoña Bilbaok zuzendu du obra eta Martin Agirrek euskaratu gidoia. Aktore lanetan Alazne Etxeberria, Jose Kruz Gurrutxaga, Mikel Laskurain, Asier Sota eta Ane Gabarain arituko dira.

“Oso ondo idatzita” dagoen obra dela dio Ane Gabarain aktoreak, “kolpe eta giro teatral bikainekin. Ikusleak barre egingo du, baina pentsatzeko beta ere izango du, gizarteari buruz eta pertsonen arteko harremanei buruz”, kontatu du. Emozioak ere piztuko dizkio ikusleari antzezlanak, une benetan dramatikoak dituelako. Izan ere, “pisu emozional handia” duen obra da, Gabarainen hi-tzetan: “gai potoloak” aurkezten ditu, baina beti “komedia klabean”.

SEKRETUAK AGERIAN Itxuraz pertsona finak dira obran ezagutzen joango garen denak, manera onekoak, baina obrak aurrera egin ahala, agerian utziko dituzte euren sekretu guztiak. “Aktore bezala polita da horrelako pertsonaiekin lan egitea”, aitortu du Isabelen papera betetzen duen Gabarainek. Izan ere, Isabel oso emakume zentzuduna da, arduratsua bizitzako arlo guztietan, eta oinak lurrean ondo itsatsiak ditu une oro. Baina gauzak ez dira diruditena, eta momentu batean mingaina erabat askatu eta aspaldi esan behar zituen gauza guztiak botako ditu, “zirt eta zart banatzen hasiko da”, dio Gabarainek. “Afariko ardoak lagunduta, denetarik esaten hasiko da Isabel, arrazoi guztiz, gainera”, gaineratu du aktoreak.

Gainerako lau pertsonaiek ere alde ezkutua dute. Protagonista, aita izango dena, higiezinen enpresa baten jabea da. Jose Kruz Gurrutxagak betetzen du gizon harro, ausart eta arrakastatsuaren papera. Bere emaztearena, aldiz, Alazne Etxeberriak egiten du. Isabelen senarraren rola Mikel Laskurainek betetzen du eta Karlosena, familiako lagunarena, Asier Sotak. Bostak bilduko dira egongelako mahaiaren inguruan, eta ez dira hortik mugituko obrak irauten dituen ordu eta hogeita bost minutuetan. Gabarainek azaldu duenez, eszenografia “sinplea” da, “fun-tzionala”, eta pertsonaien jira-birek dute garrantzia. Istorio guztia denbora errealean gertatzen da, momentu bakarrean.

ITZULPENAZ HARAGO Martin Agirrek euskaratu du Ene ba!, gaztelaniaz El nombre izenburua duena. Bera izan ohi da Txalok ekoitzitako obren itzultzailea. Haatik, ez ditu itzulpen soilak egiten. “Itzulpen hutsa baino askoz gehiago” dela dio Ane Gabarainek. Bere hitzetan, “lanean hasten garenean, entseguetan, denon artean ahalegintzen gara hizkuntzak ematen dizkigun baliabideak ustiatzen eta ekarpenak egiten”. Gertuko euskara darabilte aktoreek obran, atsegina eta uler-tzen erraza. “Aurrekoan semea joan zen obra ikustera eta esan zidan euskara aldetik gustua ematen duela obra entzuteak. Benetan pozgarria da horrelakoak entzutea”, aitortu du aktoreak.

Bi hilabete eta erdi inguru eman ditu lan-taldeak obra honetan lanean. Gidoia irakurri, bereganatu, entseguak egin, aurre-estreinaldia prestatu eta, azkenean, heldu zen estreinaldiaren egun handia: Andoaingo Bastero kulturgunean izan zen, urtarrilaren 10ean. “Oso harrera ona” izan zuen obrak eta are hobea Villabonan egin zuten hurrengo saioak, Gabarainek kontatu duenez. “Estreinaldiko urduritasuna gaindituta, Villabonakoa apartekoa izan zen. Konfiantza handiagoa genuen eta oso ondo pasatu genuen denok, bai publikoak eta baita guk ere”.

Gaur Azkoitian taularatuko da obra eta bihar Lezon ariko dira. Datozen asteetan Balmaseda, Elgoibar, Bergara, Lekeitio eta Arrasatetik igaroko dira, bestak beste.