lesaka - Bertze urtetan bezala aurten ere Lesakan Biziberrituz Euskara eguna ospatu dute San Juan bezperan. Euskara Batzordea Guk euskaraz? zuk zergatik ez? goiburupean, hainbat ekitaldi antolatu zituen. Egun honen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea izan ohi da eta horretarako urtero herritar multzo ezberdinei zuzentzen zaio mezua. Aurtengoari dagokionez Lesakako gurasoetan eragin nahi izan dute; izan ere, euskararen erabilera neurtzen dituzten kale neurketa ezberdinek, gainbeherazko norabidea erakutsi baitute herritar multzo honetan.

Horretarako gurasoengana zuzendu zuten Biziberrituz Euskara, eta Guraso Elkarteen bidez egin zuten egun berezia.

Egitarauari dagokionez, arratsaldean karrika buelta egin zuten Plaza Zaharretik Antoiuko parkera. Bertan, haur eta gurasoen artean Guk euskaraz murala margotu zuten, baina lehen euri tantekin, berriz ere plazara joatea erabaki zuten. Bertan, Euskararen fruitu goxoak jokoan aritu ziren, guraso batek eta haur batek osatutako bikotetan. Plaza inguruan zintzilik zeuden hitzak eta haien erranahia lotu behar zituzten, bertzeei galdetuz. Haurrak, gurasoak eta aitatxi-amatxiren bat galdezka ibili ziren han eta hemen, erranahiak topatu eta panel batean zintzilikatzen, elkarrekin jolastu bidenabarkoan garai bateko hitzak ikasten eta erabiltzen.

Ondotik hasi zen ekitaldi nagusia Plazan Zaharrean. Bortzirietako Bertso eskolak zenbait bertso kantatu zituen, Lesakako Abesbatzak Guk euskaraz? zuk zergatik ez? kantatu zuen eta Joseba Lasartek irakurri zuen egun honetarako Euskara Batzordeak prestatutako manifestua.

Manifestua “Kalean egindako azken neurketek -zioen idatziak- gurasoek euren artean eta euren seme-alabekin gazteleraz egiten dugula diote. Guraso euskaldun garenez, euskararekin badugu ardura garrantzitsu bat: gure esku egonen da gure seme-alabek euskarak guk hainbat maitatu, sentitu eta gozatu dezaten. Euskararen transmisioan, bestetan, ohituretan, balioekin gertatzen den bezala, gure hitzek baino gehiago egiten ahal dute gure ekintzek; hau da, gure seme alabek gu imitatuz joanen dira handituz?”.

Euskara erabiltzeko deia ere egin zuen Euskara Batzordeak: “Gurasoen ahoan adituko duten euskara desberdina izango da, bakarra, maitasunezkoa, babesezkoa, erreferentzia bat. Euskara gure barruan dugun fruitu goxo bat delako eman diezaiegun, eskuzabal eta doan, egunero eta naturaltasunez, gure seme-alabei. Gure barrenean gordez gero, denborarekin ustelduko da”.

Euskara Batzordearen adierazpena irakurri ondotik, trikitilariak eta txalapartariak aritu ziren eta sua piztu zuten Begoña Gonzalez eta Arrate Egia, Irain eta Tantirumairu Guraso Elkarteetako kideek. Neska-mutikoak su gainean saltoka zebiltzan bitartean, Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta Lesakako dantzak (Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda) dantzatzeko aukera ere izan zen plazan. Azken urteetako ohiturari eutsiz, norberak antolatutako herri afaria egitekoa plaza inguruan jarritako mahaiak eta aulkiak erabilita, baina euriaren ondorioz, mahaiak Herriko Etxeko eta Alondegiko arkupetara eraman eta aterpe horietan afaldu zuten hainbat herritarrek. Gauerdira arte berbena izan zen Oharkabe taldearekin.