idiazabal - Ez dira asko izango zirkuan ibiltzen direnak.

-Sendavivan zirkua ikusi ondoren, garbi neukan hori egin nahi nuela, eta halaxe jakinarazi nien gurasoei. Begiratzen hasi ziren ea non egon zitekeen halako eskolaren bat, eta Adunan bat bazegoela ikusi zuten: Asvinenea, Arte Eszenikoen eskola. Jakin bezain laster, bertan apuntatu nintzen.

Zenbat urterekin izan zen hori?

-Zortzi edo bederatzi urterekin; orain dela sei urte.

Nolakoak izan ziren lehenengo klaseak, oroitzen duzu?

-Bai, hiru eguneko saio intentsiboa egin nuen hasieran. Zaila izan zen, dena berria zelako, baina orain ondo moldatzen naiz.

Eta ondoren?

-Eskolan bertan Ataungo jendearekin elkartu nintzen, eta gure ideia izan zen Ataunera ekartzea irakasle bat, nahikoa lagun baginen eta. Horrela, duela sei urte sortu genuen Hirutxilipurdi elkartea, sorkuntza, artea eta kultura mugimendua elkartzen dituen elkartea.

Irakasle bat Ataunera ekartzea lortu zenuten.

-Lehen urteetan, Virginia Maffasaun argentinarra izan genuen irakasle, eta oso urte onak izan ziren. Hasieratik hasi ginen telak, trapezioa, aroa? horrekin guztiarekin probatzen. Ni, batez ere, telarekin hasi nintzen, hori zelako gehien gustatzen zitzaidana eta Sendaviako zirkuan hori zelako ikusi nuena. Ondoren, baina, Virginiak utzi egin zuen, eta beste irakasle batzuk izan ditugu geroztik, bi guztira. Azkena trapeziokoa da, eta, orduan, batez ere trapezioarekin hasi naiz probatzen; orain, hori da nire gustukoena. Egun, hamahiru kide gara taldean, eta bi gaude hasieratik. Txikitxoek ere badute haien taldea.

Trapezioan ibiltzeko zer da beharrezkoa?

-Indarra eta malgutasuna. Hasieran ez duzu horrenbesteko indarrik, baina, pixkanaka, hartzen joaten zara. Malgutasunaren kasuan ere berdin. Pentsa, astean behin entrenatzen dugu, ordu eta erdi irauten du klaseak eta herena baino gehiago estiratzen pasatzen dugu. Oso garrantzitsua da malgutasuna.

Zein elementu gehiago daude, trapezioaz gain?

-Tela, aroa eta goitik behera dagoen soka. Guk batez ere aireko elementuak lantzen ditugu, baina malabarrak, monozikloa, txapelarekin egiten diren mugimenduak eta horrelakoak ere ikasi izan ditugu. Batez ere zirkuan dabiltzan haurrek egiten dituzte gauza horiek, eta gure taldea aipaturiko aireko elementuekin aritzen da.

Ikuskizunak ere eskaintzen dituzue. Nola prestatzen dituzue?

-Gure mailaren arabera akrobaziarako posturak, nola jausi behar garen? horiek antolatzen ditugu. Hasiera batean, binaka egiten nituen, baina orain bakarka. Egin behar ditugun mugimenduez gain, argiak eta musikak ere garrantzi handia dute, sorkuntza lana da.

Zer sentitzen duzu hor goian, airean zaudenean?

-Trapezioaren gainean libre sentitzen naiz, indartsu. Ez da azaltzeko erraza, baina edozer egiteko gai naizela sentitzen dut, kontrola dudala.

Agian behin baino gehiagotan bururatuko zitzaizun hor goitik eroriz gero zer pasako den.

-Azpian beti ditugu koltxonetak, eta asko ez pentsatzen saiatzen naiz.

Zer duzu nahiago, bakarka ala binaka?

-Bakarka, izatez, nahiago dut, denbora gehiago izaten dudalako nire akrobaziak egiteko.

Musika garrantzitsua izanik, zuk aukeratzen duzu?.

-Bai. Zati zailena hori izaten dela uste dut, musika aukeratzea. Sentitu beharra daukazu kantu hori dela zehazki nahi duzuna, mugimenduekin bat doana. Etxean behin eta berriro en-tzuten dut, eta akrobaziak pentsatzen joaten naiz. Ikuskizunak prestatzeko askatasun osoa izaten dut; irakasleak hainbat gomendio ematen dizkit, baina, oro har, nahi dudana egiten dut.

Zein musika mota aukeratzen duzu?

-Zirkua esandakoan, beti pailazoen musika etortzen zaigu burura, erritmo biziduna. Nik, aldiz, lirikoagoa nahiago dut, piano tonuekin, fina, lasaia. Beti zerbait transmititzen saia-tzen naiz; askatzeko moduak daudela, beti dagoela argia amaieran.

Zirkuan ibiltzeak konfiantza eman dizula esango nuke.

-Bai, hala da. Nik uste garrantzitsua dela helburuak jartzea eta norberak bere buruarengan sinesmena izatea. Niri, pertsonalki, bizia ematen dit. Urteak pasata ere, gogo handiz jarrai-tzen dut.

Aurrera begira, ze asmo?

-Sokan eta trapezioan formatzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Adibidez, aroa ez zait batere gustatzen, ez naiz batere seguru sentitzen. Azken finean zirkua oso zabala da, bide asko ditu eta nik jarraitu egin nahiko nuke.