lazkao - Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegiko estaligabeko igerilekuak, kanpoan daudenak, bihar zabalduko dituzte. Azken aste hauetan hainbat garbiketa, txukuntze eta prestaketa lan egin dituzte, baina bihartik aurrera bi igerilekuak, handia eta txikia, irekita egongo dira eta baita bi igerilekuen inguruan dagoen belardia ere, eguzkia har-tzeko aukera eskainiz.

Denboraldi luzez izango da igerileku hauetaz gozatzeko aukera, irailaren 8ra bitartean egongo baitira erabilgarri. Honako ordutegia izango dute: ekainaren 10etik 14ra egunero, 14.30etatik 20.30era eta ekainaren 14tik aurrera luzatu egingo da ordutegia: 11.00etatik 20.30era.

Sarreren prezioei dagokionez, bazkidetza familiarra 83.90 eurokoa da, banakako helduen (18 urtez gorakoen) bazkidetza 57,50ekoa eta banakako gazteen bazkidetza 28.60 eurokoa. Banakako jubilatu edo pentsionisten kasuan, ordea, 43.05 eurokoa.

?Jubilatu edo pentsionista familiarra berriz, 62,75 euro kostatuko da. Eguneko sarrerak ere egongo dira: helduenak, 18 urtez gorakoenak, 5,30 euro eta gazteenak 2.85. Bonoak ere sortu dira. 10 erabilera izango dituzte, pertsonalak eta urte beteko balioa dutenak. Kasu honetan helduena 36.90 euroko da eta gazteenak 19.80 euroko prezioa du.

antzar triatloia Igerilekuen irekierarekin batera, Eskolarteko V. Antzar Triatloia egingo da etzi. Tri-Antzar taldeak eta Lazkaoko Udalak antolatuta, 10.00etan hasiko dira probak, adinaren arabera mailakatuta. Parte hartzeko triatloi.org webgunean eman behar da izena. Honakoak dira maila bakoitzean egin beharko dituzten probak: benjaminek 120 metroko igeriketa, bizikletan kilometro bat eta 600 metro korrika; alebinek 180 metroko igeriketa, bizikletan 1,7 kilometro eta 900 metro korrika, eta; infantilek 240 metroko igeriketa, bizikletan hiru kilometro eta 1,2 kilometro korrika. Bestalde, benjamin taldeko haurrek (2011 edo 2012an jaioak) erakustaldia egingo dute. - M.A.