Orereta ikastolak datorren urtean berrikuntza ugari jarriko ditu martxan sukalde eta jangela zerbitzuan.Izan ere, ikastolako jangela guztietarako otorduak Añabitarteko sukaldean bertan prestatuko dira. Orain arte Añabitarte eraikineko bazkariak soilik prestatzen ziren bertan.

Bestalde, aurrerapausoak ere emango dira janariaren garraia-tzean, iraunkortasuna bermatzeko eta energia aurrezteko, eta sukaldeko lan-taldean.

Horrez gain, orain arte egin bezala, etxeko otorduak ahalik eta osasungarri, orekatu eta iraunkorrenak izateko lanean jarraitu nahi dute.

“Horiek horrela, Zituene herriko pasta-lantegi ekologiko eta artisauarekin elkarlanerako lehen pausoak eman ditugu, datorren ikasturtetik aurrera, bertako pasta freskoarekin ere lanean hasteko”, aditzera eman dute Orereta ikastolatik.

Keinu honekin, bertako ekonomia sustatzeko eta lekuko hornitzaileekin lanean aritzeko ahalegina egiten du ikastolak. Honen harira, pasta-lantegiaren izaera kooperatiboa eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen alde egiten duen apustua ere babestu eta hauspotu nahi dute.

“Horregatik, aukera eta lankidetza interesgarria zein garrantzitsua da guretzako Zituenerekin hasitako bidea”, azaldu dute ikastolatik. “Elikadura ikuspegitik, azpimarratu, lekuko eta garaiko lehengaiekin eta herriko lantegian bertan lanean ari-tzen dela Zituene, eta horrek produktuaren kalitatea bermatzen duela”, gaineratu dute.

Zituene obradoreko Naiara Retegi oso pozik dago Orereta ikastolarekin lortu duten akordioarekin bi aspekturengatik: “Alde batetik poza ematen digu gugan konfidantza erakutsi dutelako. Herriko eragile eta gurasoek geroz era garrantzi gehiago ematen diote elikadurari eta hau ekoizteko moduarekin, nahiz eta esfortzu ekonomiko bat suposatu beraientzat pasta ekologikoa garestiagoa delako. Bestalde, guretzat ekonomikoki lasaitasun bat suposatzen du, badakigu hilabetero diru-sarrera finko batzuk izango ditugula”.

Zituene proiektua duela hiru urte eta erdi jarri zuten martxan Retegik eta Iker Eizagirrek eta duela urtebete zabaldu zuten obradorea eta salmenta puntu bat Errenteriako Erdiko kalean, Kaxkoan.

Zereal ezberdinekin egindako pasta artisau eta ekologikoa eskaintzen dute, gertuko eta garaiko lehengaiekin egina. Oraingoz hiru zereal ezberdinekin lan egiten dute, eta horien irin edo semola ezberdinekin; gari pasta zuria edo osoa dute aukeran, espeltarena edota zekalearena. Pasta freskoa saldu ohi dute, ezaugarri eta kalitate aldetik hobea baita. Hala ere, pasta lehortua ere egiten dute, iraungitze-data zabalagoak duelako.

Gaur egun zigilu ekologikoa duen garia Huescatik ekartzen dute eta espelta eta zekalea, aldiz, Nafarroako Arguedas herritik, Bardenetatik oso gertu. “Gure nahia ekoizleak Euskal Herrikoak izatea da, baina hemen daukagun klima gari gogorra lantzeko ez da aproposa eta oraingoz kanpotik ekarri behar dugu”, azaldu du Zituene enpresako sor-tzaileak.

Zituene proiektuak batez ere bi oinarri sendo ditu: Elikadura Burujabetza eta Ekonomia Sozial Eralda-tzailea. Bestetik, badituzte filosofia apalagoak ere: euskararen erabilera aktiboa, salmenta eta harreman zuzena edota proiektuaren arlo pedagogikoa, besteak beste.

“Beste ikastola edo eskolekin akordioetara iritsi nahi dugu eta horretan lanean ari gara”, amaitu du Retegik. Adibidez, Errenteriako Uztargi haurtzaindegi publikoan elikagai ekologikoak erabiltzen dituzte otorduetan. l