Urruntasunean hurbil
Jendeketa atzo oinez, txirrindulaz eta autoz, Ezkaba mendian, hego haizeak ekarritako eguzkia baliatu nahian. Azken egunotako euri oparoaren ondotik, bazterrek orok arnasa hartu dute; aldi baterako, behinik behin. 1935eko larrazkenean ere berdin, Larrekori kasu egitera, behintzat: “Bizpairur egunez uralde pollita egin digu; bazen beharra, egia errateko. Euriondo ederra dugu; hots, uso ehizara joateko; nik uste, aste huntan iragaiten asko direla?”. Usoez gain, egunotan, lertxunak montioka, zeruan gora, lerro bereizgarri hori ederki marraztuta, eta guztiak ere kur-kur-kur. Aunitzek Lotzako aintzira inguruan lo egiten dute, biharamunean hegaldaka hegoalderantz jarraitzeko. Lertxunen soinuez gain, tiro-hotsak airean; uso-ehiztariak. Haizeak bertzelako tiro-hotsak ekarriko zituen duela laurogeitaka urte Ezkabako bazterretara, Txulapain aldetik. Ollakarizketa, Gartziriain, Larraiotz eta Aristregi artetik, hain zuzen. Oraintsu jakin dugu paraje horren berri, bideetatik bazter, eta ikasi ere, ez dakit zenbat lagun hil zituztela alderdi hartan. Hilobi bat agertu da, aspaldian zendutako gizon batek emaniko lekukotasunari esker. Baina aurkitu duten hori ez omen da inguru horretako handiena. Testigantzaren arabera, “ehun metro luze” omen zen. Gorpu aunitz agertu dira hilobi-zuloan, elkar gainka paratuak, denak tiroz hilak. Gehiago ere ba omen dira argitara atera gabe inguruko bertze zuloren batean. Hiltzaileak, eragileak, salatariak, xaxatzaileak, ikusleak, lekukoak? Heriozko sare ehundua zegoen hiriburuan eta inguruan, Nafarroa osoan, gizartean? eta gero isiltasun mingarria; izuak eraginda, maiz. Ederki kostata, baina egun, hein handian, behintzat, bertzelakoa dugu gizartea, bart arratsaldez jendetzak Iruñean enegarren aldiz erakutsi duen bezala. Iruzkun eta Altsasu, horren urrun, horren hurbil.
Más en Navarra
-
El TAN inadmite el recurso de los colectivos de memoria a la resignificación del Monumento de los Caídos
-
El ‘día del árbol’ se convierte en toda una fiesta en Estella-Lizarra
-
Amaia Torralba Ezkurdia se lleva la ‘Estrella del Deporte 2025’ en Estella-Lizarra
-
Entidades sin ánimo de lucro pueden solicitar hasta el 20 de abril la cesión de espacios públicos para el desarrollo de actividades culturales durante los próximos Sanfermines