lauzpabost eguneko laino itsua ere ez da gauza izan Iruñerriko alkate ahohandienaren urte akaberako purrustadak ezkutatzeko. Aitzinetik ere zabalduak ditu antzeko mezuak twitter bidez eta, hortxe daude aireraturik, Berriobeitiko alkatearen itsukeriaren erakusgarri. Eta, bitartean, zer du errateko Zendea horretako udal gobernuan dagoen talde independenteak? Twitter zalea ere atera zaigu San Lorentzoko apeza, hots, urte berrian Osasuna taldeak ofizialki bisitatu zuen huraxe bera, eskailerako lehen meza entzuteko. Aski da parrokoaren hiruzpalau txio irakurtzea pentsamoldez non dabilen atzemateko; eskubide osoa dauka horrela pentsatzeko, baina ez San Fermin bere apetaren arabera erabiltzeko. Kexu da. Izan ere, “mundu zabaleko agintariek Eguberri On opatzen diete kristauei. Espainian, aldiz, presidentea eta erregea, isilik. Hori bai, gero presidenteak musulmanak zorionduko ditu ramadanaren bukaeran”. Politika arloko txioei erreparatuta, argi dago etzi sekulako atsekabea hartuko duela, Kongresuak gobernuburu nor aukeratuko duen jakinik. Osasunak, beraz, meza horren bidez eman dio hasiera mendeurreneko ospakizunari. Oroitaraziko dugu 1925ean plazaratu zela Osasunari buruzko lehen kirol albistea euskaraz, Larrekoren eskutik: “Lehenengo berri ona (hemengo fuboltzaleentzat). Iragan igandean izan zuten norgehiagoka izugarria hemengo Osasuna deitzen duten ostikolari taldeak eta Donostiako Real Sociedad delakoak. Oste gaitza bildu zen; Nafarroako herri auniztik etorri ziren, eta Donostia, Irundik ere bai. Hemengo Osasunakoak garaile 3 gol bati.” Nolanahi ere, kirol kontuez gain, ongi legoke mendeurren honetan Osasunak gogoan har-tzea azaleratu berri den historia ezkutua; alegia, jende abertzalea taldearen sorreran ibili zela, edota Osasunako jokalari aunitzek zapalketa latza pairatu zutela 36tik aitzina.