Hilabete baino gutxiago falta da EuskarAbenturaren zazpigarren espedizioari hasiera emateko. Uztailaren 1etik 31ra arte Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek Euskararen Lurraldea zeharkatuko dute oinez.

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira gazte parte hartzaileak. Osotara 85 neska, 41 mutil eta pertsona ez binario bat izango dira.

Gehiengoa bizkaitarra da, 43 gazte; gipuzkoarrak 28 dira; Nafarroatik 24; Arabatik 13; Lapurditik 10; Behe-Nafarroatik 6; Zuberoatik 2 eta diasporatik bat joango direlarik. Gazte hauekin batera, gainera, 30 lagunez osatutako lantaldea joango da.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Baztan-Bidasoa eskualdetik igaroko dira parte hartzaileak. Oraingoan, 27 herritan pasako dute gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo.

Besteak beste Euskara Batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia izango dira, euskaratik eta euskaraz, 400 kilometrotako ibilbidean zehar landuko dituzten edukiak.

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, zazpigarren edizio honetan diasporako gazte batek hartuko du parte. Zehazki, Peruko Cuscotik datorren gazte bat izanen da. Antolatzaileek azaldu dutenez, pasa den urteko Valentzia eta Buenos Aireseko kideen antzera, gogo itzelak ditu abentura honetaz Euskal Herrian eta euskaraz gozatzeko.

Beste berrikuntzetako bat, aurtengo lehenengo hautatua Gaztea Irratiko “ZI-ZA! Lehiaketa” saioan entzuleek erabaki zutela izan da.

Bestalde, aurreko urtean ez bezala, aurtengo espedizioa Atharratzen hasiko dute, udalaren harrerarekin. Hala, Zuberoan etapa bat gehiago egingo du EuskarAbenturak.

Horretaz gain, aurtengoa ikerketaren azken urtea izango da. EuskarAbenturan topatzen diren faktore ezberdinek gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina aztertu nahi izan da. Lau urtez luzatu den ikerketa da, aurtengoa azken behaketa espedizioa izanik. Horren ostean datu guztiak aztertu eta ondorioak aterako dira. Aurten ere, Plazara elkarteak eramango du Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ikerketa.

Azkenik, edizio honetan Ipar Euskal Herriko kide gehiago izanen dira, ia bikoitza. Izan ere, 2023an hamar kide izan ziren eta aurten zortzi gehiago. Arabatik ere kide bat gehiagok hartuko du parte, osotara 13 izanik.