ziga - Larunbatean Zigan, bi urtean behin ospatzen den Basaburua Egunaren hirugarren edizioa burutu zen. Almandoz, Berroeta, Aniz eta Ziga hartzen dituen Basaburuako kuarteleko herritarrak elkartu eta beren arteko harremanak sendotzea helburu duen besta, mantxo-mantxo, bere bidea egiten ari da, eta duela lau urte Berroetan eta duela bi urte Almandozen egin bezala, kasu honetan Zigan elkartu ziren lau herrietako bizilagunak. Ospakizun berri samarra izan arren, parte hartze ederra izan zuen larunbatekoak, jende aunitz hurbildu baitzen Zigara egunaz gozatzera, tartean, bazkarian, 160 lagun inguru elkartu ziren mahaiaren inguruan. Egunari ekiteko, mendi itzulia egin zuten Zigako parajeetan barrena 20 lagun inguruk. Gero mus txapelketan 16 bikote lehiatu ziren, 25 haur inguru zartain dantza, lokotx biltzen, edota zaku lasterketetan zebiltzan bitartean. Pala finalak ere izan zituzten, eta bazkal ondoren, Baztango Zaporeak eskainitako zareak zozkatu ziren eta Hauspolariek taldearen eskutik dantzaldia gauerdira arte. Egun ederra igaro zuten bertaratutakoek eta bi urteren buruan errepikatzeko gogoz gelditu ziren. - F.A.G.