bera - Labiaga Ikastolak erakusgela berria irekiko du larunbatean, Lurraren Egunaren bezperan, arratsaldeko 7etan. Altzate karrikako Labiaga Ikastolan dagoen Areto Nagusia zabalik egonen da astebururo, larunbat eta igandetan arratsaldeko 4etatik 8etara. Bertan arte erakusketak jartzeko asmoa dute, izan margoa, eskultura edo kasu honetan bezala, argazkilaritza. Izan ere, urriaren 26tik abenduaren 29ra Aitziber Orkolagaren Plaketak argazki-erakusketa izanen da ikusgai, Baffest argazki lehiaketa lehen saria lortu duen proiektua.

Ikastolatik diotenez, proiektu honekin, “Altzateko eraikineko Areto Nagusia arte erakusgela bihurtu nahi dugu eta asteburu honetan inauguratuko dugu Aitziber Orkolaga argazkilariaren erakusketarekin”. Areto Nagusia beti izandu da erabilera anitzeko gela bat; bestetan ostatua, batzarretan bilera-gela, udalekuetan aterpe, ikasleentzat elkargune? “Orain, aurtengo udan elkarlanean txukundu genuenez geroztik, erakusketak jartzeko moduko gela bat ere bihurtu da”, aipatu dute. Larunbat eta igande arratsaldetan egonen da irekita, urritik ekainera bitarte. Urtean hiru erakusketa antolatzeko asmoa dute, eta ikasturte amaieran, berriz, ikastolako ikasleek sortutako lanekin erakusketa kolektibo bat prestatuko dute. - Aitor Arotzena