ARANTZA - Ohikoa denez, Arantzan inauterien data ofizialei aurre hartu eta asteburu honetan ospatuko dituzte mozorroen bestak. Ortzegunean hasiko dira mozorro zuriak lanean eta baserriz baserriko eskean. Ortziralean ere halaxe ibiliko dira eta bertso afaria eta emakumeen afaria ere izanen dira. Larunbatean herri-kirol saioa izanen dute.

Ortzegunean, 09.00etan Mozorro Zuriek gosaria izanen dute Primi ostatuan. Ondotik eskolako neska-mutikoei bisita eginen diete mozorroen ezaugarri nagusietakoak diren bizkarrekoak edo puxka-puxkak paratzeko. Segidan bi taldetan banatuta Mozorro Zuriak lau baserri auzoetara joanen dira Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilariekin. Egun osoan baserriz-baserri eskean ibiliko dira. Arratsaldean eskolan inauterietako besta izanen dute. Gauean Mozorro Zurien afaria Primi ostatuan.

Ortzirale goizean Mozorro Zuriek gosaria Primi ostatuan eginen dute. Ondotik herrian barna eskean ibiliko dira etxez-etxe musikariekin. Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria izanen dute Burlada jatetxean. Egun osoan eskolako neska-mutikoak baserriz-baserri puxka-puxka ibiliko dira. 21.00etan emakumeen afaria izanen dute Pabloenean eta bertso-afaria Aterpean Jexux Mari Irazu eta Miren Amuriza bertsolariekin. Afalondoan dantzaldia gorapean Beñat eta Fernandorekin.

Larunbat eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Pabloenea jatetxean izanen da. 17:00etan, haur, gazte eta heldu mozorrotuen kalejira eta bukatzean txokolate-jatea. Ondotik, herri-kirol saioa izanen dute eta mozorro zuriek saldutako boletoen zozketa eginen dute frontoian. Aizkoran, Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañagaren kontra ariko dira. Gauean Mozorro Zurien afaria Ekaitza Elkartean eta gauerditik atzinera dantzaldia gorapean Oharkabe taldearekin.