... biktima? To eta no! Kopla zaharrak dioen gisan, bihotzaren erditik egin dezagun irri. Hamaika gauza entzuteko jaio gara gero! Biktima, nor eta azken ortzegunotako giro ustela jo eta ke bultzatu duen jendea? Egia da, ez gaitezen tronpa, ez ditzagun denak berdindu, ostalari aunitzek ez baitute hobenik batere, baina bertze aunitzek bai. Afera ez da uda honetan hasi, aspaldian baizik, duela zazpi-zortzi urte gutxienez, noiz eta eskuarte handiko ostalaritza molde berria, ostalaritza larderiatsu eta mehatxagarria, Alde Zaharrera iritsi zenean. Eskatu barnean eta edan kanpoan, hartu inguruko karrika guztiak terrazatako, eseri lurrean, bota lurrera pintxo hondarrak eta plastikozko plater nahiz edalontzi guztiak; gero, FOCSAko langile zintzo eta saiatuak etorriko baitira zuen zikinkeriak, okadak, pixak, pixa urrinak eta bertze garbitzera. Heda dezagun urte osora Sanferminek duten gauzarik zakarrena. Eta bizilagunak, hor konpon! Edo hitz aproposagoa erabiltzearren, izorrai! Alde Zaharra aspaldian bihurtu baitzen giza hondakindegi, harako ostalaritza molde hura etorri zenetik. Halaxe gertatu da ortzegunero urte sail luzean, bai Estafetan, bai San Nikolasen, bai San Gregorion, bai Comediasen, bai Nabarrerian... eta non ez? Hamaika taberna diskoteka bihurturik. Orain, joan den astean gertaturiko istiluen ondorioz, tabernek ateak itxi dituzte azken ortzegunean, istiluen biktimak direlakoan. Gazte "ongi" jantziak aritu baitziren Sarasate aldean, gomina usaina airean, bazterrak txikitzen, bizilagunak izorratzen, poliziari erauntsika. Polizia, ordea, geldi-geldi, egonean. Atera kontuak "kale-kogorza" hori Arrotxapean, Txantrean, Nabarrerian... izatera. Ez zuten gupidarik izanen. Bai, badira biktimak, juevintxotik juevintxora jende zaildua, egonarri handiko jendea, Alde Zaharreko gizon-emakumeak, alegia.