Italiako Turin hirian bizi den edo bizi izan den edozeini 'Murazzi' hitza aipatuz gero, asperen bat irtengo zaio istorio asko gordetzen dituen irribarre baten ezpainetatik. Piemonte eskualdeko hiriburua, Po ibaiaren ertzean kokatua, izen motzeko ur lerro luzeari begira bizi da. Neguan, bere ur emari puztuari adi egoten da, hiria urrunetik inguratzen duten Alpeetatik zuzenean etorria, larritasunak sortzen baititu ibaian gora eta behera kokatzen diren hainbat udalerritan. Udan aldiz, bere emari apalagoarekin, hiriko zalaparta atzean utzi nahi duten turindarrei aisialdia eta naturgune berdeak eskaintzen dizkie. Urte guztian zehar, urtaroa edozein dela ere, ibaiaren ertzean kokatzen diren Murazzietan aldiz parranda da bertakoak nahiz kanpokoak topatzen dutena.

Ibaiaren ur-goraldiak kontrolatzeko egindako hormek (muri italieraz) eman zieten izena inguru hauei. Hiria babestetik haratago, paseo handi bat eta garaiko ur gezako arrantzaleen ontziak gordetzeko biltegiak ere sortu zituzten. Industrializazio astunak (ezin ahaztu FIAT auto izenaren 'T' hizkiak Torino esan nahi duela) ibaiaren kutsatzea eta arrantzaleen heriotza eragin zuen. 70eko hamarkadan bere errautsetatik birsortu ziren Murazziak, oraingo honetan festa giroko taberna eta diskoteka bilakatuta. Lokal ezagun ugari egon dira bertan, euskaldunok 90eko hamarkadako gaztetxe makarra baten traza hartzen genion CSA Murazzi mitikoa esaterako. Aldian aldiko uholdeek, dena pikutara bidali eta berriz birsortzeko beharra sortu dute, eta tarteka udaletxeak planto egin eta Murazziak ixtea erabaki du, turindar asko umezurtz utziz.

Ordu txikietan, dantza eta zurrutaren artean, ilarak sortzen ziren balantzaka euren maskuriak hustuz Po ibaiaren emariari bultzada bat eman nahi zioten bolondresekin. Halako egoera batean, gaueko filosofia etilikoaren erakustaldi batean, lagun batek galdetu zidan une horretan bizikletak hartuz gero, ea zein iritsiko litzatekeen lehenago itsaso Adriatikora, sortu berri genuen aparra ala gu.

Kondairak dio modu horretan hasi zela Turineko unibertsitatean ikasketak egiten ari ziren bi euskaldunen bizikleta txangoa, helburu zuena Po ibaia jarraituz bere itsasoratzea ikustea. Bizikleta zahar batzuk, Balon kale azoka erraldoiean lorturiko seigarren eskuko alportxak eta material pixka bat bildu eta Turineko ikurra den Mole Antonelianaren itzalpetik irtenda, Italiako ibairik luzeena ezagutzera abiatu ginen. Lehen geldialdia, 'il campionissimo' Fausto Coppiren omenezko eskulturan izan zen, nola ez. Malariak jota hil zen ziklista handi honek adorea eman zigun sasi guztien gainetik eta laino beltz guztien azpitik egunez egun pedalei eragiteko.

Behin Turinen periferiaren atzaparretatik irtenda, bizikletaz bidaiatzeak dakarren esfortzu-errutinan murgiltzen hasi ginen. Ibaiari segika joanda ere, ez genuen beraren arrastorik ere gehienetan. Po emari handiko ibaia izanik, Mediterraneora isurtzen dutenetan hirugarrena ur kopuruz, bere ertzean herri bat finkatzea uholdeen loterian saridun txartela izatea da. Horregatik badira herrixka eta hiri ugari ibaiaren inguruan, baina gutxi batzuk ageri dira bere uraren ertza kuxkuxeatzera. Makal landaketa ordenatuak ur ertzean eta jarraian arroz soroak eta zerealak ikusmenak ematen duen mugaraino. Horixe Po ibaiaren arroa osatzen duen Padana ordokiaren paisaia.

Goizeroko ihintz astunak eta behe laino lodiak kanpin dendatik irtetzea lan nekeza bihurtzen zuen. Nagikeri une horietan, Coppi handiaz gogoratzen ginen, - "berak ez luke kexurik izango, eutsi!"-. Eltxo gogaikarriek, behe laino itxiak eta paisaia aspergarriak bidaiari epika nahikoa ematen ziotela uste genuenean, Asierrek bere belaun puztuarekin ezin zuela aurrera jarraitu esan zidan, nire atzeko gurpilak bere buruaz beste egin zuen une berean. Film belikoetako "salba zaitez zu lagun, dagoeneko nireak egin du" eszena batean bezala, Asierrek bere bizikletako atzeko gurpila eman zidan, treneko leihotik agurtuz, bidaia amaitzearen ohorea eta batez ere ardura nigan utziz.

Azken kilometroak Coppik egiten zituen modura egin nituen, bizikletaren gainean tolestuta, baina bere abiadura laurdenean ziurrenik. Kostata, baina iritsi nintzen Poren deltako labirinto amaigabera. Azken metroetan, iritsieraren magia zeharo zapuzten duen zentral termiko erraldoi baten alboan, besoak altxa nituen tinko, helmuga ospatzeko baino, euli nazkagarriak akatzeko indarra hartze aldera. 'Il campionissimo' malariak jota joan zen, ni aldiz, eltxoek eragindako malaletxeakin joan nintzen tren geltoki gertuenera, Turinerako lehen trena hartu eta Asierrekin batera kontu guztia hasi zen Murazzietan topa egiteko asmoz.