Gure egunerokotasunean presente izan ez arren, gure herri eta hirietan presentzia handia dute. Herriak hutsetik eraikitzen zirenean lehen elementua izaten zen. Begiratu non dauden zuen inguruan, leku esanguratsuetan kokatuta seguruenik, eta honen ingurutan eraikin garrantzitsuak egongo dira. Arkitektonikoki asko interesgarriak eta ederrak dira, gure historiaren parte izanik, eta etorkizuneko erronka izango da eraikin hauekin zer egin. Izan ere, milaka eraikin erlijioso daude, erabilera gabeak eta erortzear batzuk.

Nahiz eta modu eta mota ezberdinetako eraikin erlijiosoak izan, esan daiteke gurean denak direla oso antzekoak. Tipologia eta forma berdinak planteatu dira gure herrietan. Haatik, batzuk kokatzen diren leku edo baliabideek eragina izan dute eraikinaren forman. Mendi puntan, itsasoko lurmuturretan, etxebizitzen beheko oinean edo gure auzoan kokatzen diren eraikin erlijiosoak ezberdinak izango dira, eta aldi berean oso antzekoak dira.

Hiru eliza kristau etortzen zaizkit estandarretatik ihesi beste modu bateko espazio eta proposamenak jorratu zituztenak: Arantzazuko basilika, Txantreako Santiago parrokia eta Gasteizeko San Frantzisko eliza. Edota Rafael Moneoren Loiolako Erriberako parrokia ere aipatu daiteke, hala ere zalantzak ditut. Gasteizen kokatuta dagoen elizan oinarrituko naiz, eraikin honek dituen ezaugarri arkitektonikoengatik, arauekin apurtzeko intentzionalitateagatik eta bertan izandako sarraskiak markatu baitu eraikina.

Eraikinak Luis Peña Gantxegi arkitekto oñatiarraren sinadura darama. XX. mendeko euskal arkitekturaren erreferente bat izan zen eta horren adierazle dira eraiki zituen ekida asko. Bere lanak inguru natural eta kulturalean egokituta egon zitezen saiatzen zen, baita euskal tradizioari fidela izaten ere. Besteak beste oso ezaguna egin ziren Donostiako Haizearen orrazia eta Tenis plaza, eta aipatzekoa dira ere Zarauzko Vista Alegre etxebizitza-dorrea edota Gasteizko Foru plaza eta San Frantzisko Asisko eliza ere. Madrilgo Arkitektura Eskolan diplomatu zen eta irakasle izan zen Bartzelonako Arkitektura Eskolan. Oriol Bohigas arkitekto katalanarekin batera Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzailea izan zen Peña Gantxegi.

San Frantzisko Asisko elizan momentuan planeatuta zegoen ideiatik aldendu zen eta eraikin interesgarri bat planteatu zuen. Forma aldetik araurekin apurtzen du, bolumen garbi bat ezarri zuen eta Olagibel arkitekto gasteiztarraren plazan inspiratutako oinplano laukizuzena. Eraikinaren ardatza oinplanoaren diagonalean ezartzen da. Modu horretan eraikinaren sarrera eta irteerak laukizuzenaren erpinetik egiten dira, eta jarduera espiritualak hartzen dituzten elementu arkitektonikoak ere diagonalean kokatzen dira. Bestalde, irakaskuntzarako gela perimetralak dituen klaustroa erantsi zitzaion.

Espazioa Martxoaren 3ko museo bilakatzekotan daude. Zarateman (wikimedia commons)

Formak erlijio eraikin batekin zuen harremana apurtzen zuenez, enfasi berezia jarri zuen beste elementuetan. Horretarako baliabide ezberdinak erabili ziren, esaterako, argi-ñabardurekin jolastu zuen eta kanpoalde-barrualdearen arteko mailaketa planteatuz ibilbide erlijiosoari keinu egin zion. Jarduera espiritualera bideratuta dauden elementuak eta hauek ezarrita dauden moduak bertara sartzean izaten dugun espazioren handitasunaren inguruko pertzepzioan laguntzen dute. Materialen aldetik, kanpoaldean arbela erabiltzen da eta barruan hormigoia bistara, espazioaren indarra azpimarratuz. Altzairuak ahalbidetzen dituen argi sarrerek atmosfera eta giro paregabea lortzen dute. 

Espazioaren espiritualtasuna eta intimitatea bermatzeaz gain, espazio multifuntzionala izatea bilatu zen, hala nola, herriko bilerak, irakaskuntza, zinema, antzerkia, dantza, etab. 1976ko martxoaren 3an langile batzar batean 5.000 pertsona elkartu ziren bertan. Beraien eskubideak bermatzeko bi hilabeteko grebaren ondorioz egun horretan geldialdi orokorreko lanaldi baterako deialdia egin zen. Espainiar polizia armatuak eliza gasez bete zuen jendea irtenarazteko asmoz eta orduan, tiroka hasi ziren. Bost langile hil zituzten eta ehundik gora zauritu egon ziren. Epaitegi eta aldarrikapen askoren ostean, kasuak artxibatzeko autoa eman zen eta eliza gertakari horien sinbolo bilakatu zen.

Urteak dira ez dela erabiltzen eliza gisa eta egun espazioa Martxoaren 3ko museo bilakatzekotan daude. Modu honetan, eraikinaren birplanteamendu funtzionala eta politikoa gauzatuko da. Aldaketa fisiko txikiak emateaz gain, espazio hau nork kudeatzen duen eta zer eduki azaleratuko den zehaztuko du orain arteko injustizien etorkizuna. Arkitekturak ere ez dira neutroak, politikoak dira, eta beraiekin zabaltzen diren mezuek gure historia eraikiko dute. Honakoan oso garbi ikusten da, beste eraikinek zeharka xuxurlatzen dute.