Historian zehar hainbat bikote ospetsu izan dira: Batman eta Robin, Bonnie eta Clyde edo Thelma eta Louise, besteak beste. Baina Euskal Herrian, bikote ezagun bat izan bada, hori dudarik gabe Tapia eta Leturiak osatutakoa da. Musikariak bueltan dira, beharrezko atseden bat hartu ondoren. Ia lau hamarkadako ibilbidea duten bi musikari dira, plazetan hasitakoak. Ohiko erromeriez harago, beraien soinuak amaigabeko garapen bat izan dute, munduko txoko desberdinetan beraien sormenak erakustea lortuta. Beraien betiko kantekin itzuli dira, baina ukitu berri bat emanez, eta, gainera, bederatzi musikarik osatutako banda batekin lagunduta. Beraiek adierazten duten bezala, “emankizun handi bat” osatu dute itzulerarako.

1984. urtea izan zen Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze Leturia taula gainera igo ziren lehenengo aldia; lehena trikitiarekin, eta bigarrena panderoarekin. Bi urte geroago, beraien lehen diskoa kaleratu zuten eta, geroztik, euskal musikan erreferente bihurtu dira. Gaur arte hainbat etapa desberdin bizi izan dituzte: euskal musika tradizionaletik rock munduraino. “Hasieran, biok bakarrik geunden; ezkontzetan, bataioetan eta herri txikietako festetan aritzen ginen. Pixkanaka talde bihurtzen hasi ginen, gero talde elektriko, ondoren, Tapia eta Leturia Band. Ostean, laukote akustiko bilakatu ginen”, azaldu du Joseba Tapiak. Hurrengo urtean, hortaz, berrogei urte beteko dituzte beraien lehen emanaldia eman zutenetik. Azken urteetan, bikote bezala atseden hartuta egon dira; hala ere, bakarka, musika proiektu desberdinetan muturra sartuta ibili dira. “2007rako urte asko generamatzan erromerietan eta halako neke pixka bat geneukan. Baina, beste alde batetik, bakoitzak bageneukan proiektu desberdinen nahia ere. Nik, adibidez, bakarkako diskografiari heldu nion”, aipatu du Tapiak. Leturia bera ere ez da geldirik egon, beste abentura batzuetan sartuta ibili baita. “Nik mundu klasikoan sartzeko nahia neukan Et Incarnatus Orkestrarekin eta baita Enrike Solinisekin ere. Beti gustatu izan zait alde klasikoa eta horregatik bakoitzak gure bidetik jo genuen”. Beste talde askotan, halako banaketak amaiera baten hasiera izaten dira, baina Tapiak eta Leturiak denbora hori proiektu desberdinak lantzeko baliatu dute.

Berragerpena

Elgoibarren egin zuten berragerpeneko lehen emanaldia, eta “oso pozik” bukatu zuten. Leturiak azaldu duenez, garai bateko beraien kantak, “baina berriztuta eta konponketa berriekin” aurkeztu zituzten. Gainera, oraingoan, bederatzi musikarirekin igo dira taula gainera, eta hori, “istorio berri bat da”. Tapiak gaineratu du “talde handi bat” osatu dutela: “Hiru metalekin, hiru koru, bateria bat, baxua, teklatua… Emankizun handi bat osatu dugu itzulerarako”. Bi musikariek ez dute inoiz beldurrik izan beraien musika etengabe garatzeko, beste talde batzuekin kolaboratuz edo soinu berriak sartuz, eta oraingo honetan ere, beldurrak alde batera utzi dituzte, metal ukituak beraien musikan barneratuz. “Ez dugu sekula metalen arlo hori landu. Aurretik rock munduan sartu-irtenak eginak genituen, beti izan garelako oso rockzaleak, baina egia esan, sekula probatu gabeak ginen Tapia eta Leturia bezala metal sekzio batekin. Alde horretatik gauza berria da daukagun sonoritatea”, dio Tapiak. “Beste esperientzia bat da, baina oso aberatsa. Musikari onak ditugu alboan eta pozik gaude”, gaineratu du Leturiak.

Erromerien bilakaera

Tapia eta Leturia munduan zehar ibili izan dira beraien musika aurkezten, bikote bezala edo beste talde ugariren laguntzarekin. Esperientzia horiek guztiak ekarpen aberatsa ekarri die beraien sormen lanetan. “Kanpotik ibili garenean, talde eta estilo desberdinak ezagutu ditugu eta horrek noski aldatu duela gure produkzioa eta gure sormena. Adibidez, Seattle hirian (AEB) Fidel Funes taldearekin egon gara bi urtez, eta beraien grabazioetan parte hartu dugu. Quebecen ere asko ibilitakoak gara eta hango dantzekin ere lotura asko dago”, Joseba Tapiak dioenez. “Estilo horiek guztiak era batera edo bestera gure sormenean eta diskografian ageri dira eta nabaritzen da. Jendeak antzematen du gure musikan nondik gabiltzan”. Gaur egun, gainera, beraien hastapenetan eskaintzen zituzten erromeriak ia desagertu egin dira, bilakaera argi bat izan baitute. Leturiak azaltzen duen bezala, “gaur egungo erromeriak ez dira garai batean ezagutzen genituelakoak. Moldatu egin behar izan gara gure lehengo erromeria horiek beste ildo batetik eramateko. Ekitaldiak espektakulua egitera bideratzen dira. Nolabait, entzulea harritu beharra dago, suekin, dantzariekin edo txotxongiloekin. Entzulea harrapatu beharra dago”. Hortaz, atsedenaldi baten ondoren, bikote klasiko hau zuzenean ezagutu nahi duten guztiek edo berriz ikusteko gogoa dutenek datozen hilabeteotan Altsasu, Oñati, Etxarri edo Ondarroan ikusi eta entzun ahalko dituzte, besteak beste.