Definizioz, arkitekturak giza premiei eta baldintza klimatikoei erantzuteko helburua izan arren, bestelako beharrei erantzuteko udarekin zuzenean lotutako tipologia batzuk sortu ditu. Udako arkitektura horien helburua ez da soilik beroa arintzea, aisialdia, kontsumoa, gizarte-topaketa eta ingurune naturalarekiko lotura ere sustatzen ditu. Nahiz eta horietako askok eraikuntza-behin-behinekotasuna edo -arintasuna partekatzen duten, beste batzuek eboluzionatu egin dute, eta arkitektura-diziplinaren barruan finkatutako eredu bihurtu dira. Hemendik aurrera hauei arkitektudak deituko diegu. 

Udako arkitekturak, aldi baterako egitura hutsak edo anekdotikoak izatetik urrun, ikerketa-ildo emankorra dira diziplinaren barruan. Beroa, aisia eta paisaia bizitzeko moduaz hitz egiten digute. Urtaroak direnez, askotan arkitektura normatiboetatik kanpo geratzen diren forma eta materialak erabiltzen dira. Erosotasunaren eta klimaren, hiriaren eta naturaren arteko harremana birpentsatzeko modu bat ere bada. Hala ere, zer gabezie erantzuten die? 

Hauen atzean bestelako termino ba-tzuk ere gauzatzen dira. Nork erabiltzen ditu arkitektuda hauek? Nork egiten du lan horrelako arkitektudetan? Benetan, zer helbururekin eraiki ziren eta noren interesei erantzuten diete? Ekida hauek nola eragiten dute langile klasearen eraikuntzan? Galdera hauek erantzun luze eta sakona izan arren, denok identifikatu ditugu udako arkitekturak zeintzuk diren: Izabako hotel bat, Bergarako pistinak (Euskal Herriko pistinarik txarrenak), Arbizuko kanpina, udako kaleko zinema, Itxaspeko bungalowak, Donostiako Klub Nautikoa…

Azken hau beti iruditu zait bitxia, eta oharkabean hor irauten du. Donostiako portuan kokatua, Real Club Nautico eraikina Espainiako arkitektura arrazionalistaren pieza esanguratsuenetako bat da. Arkitektura arrazionalista hutsa. Europako eraikin arrazionalista goiztiar eta garrantzitsuenetakotzat jotzen da. 1928 eta 1929 artean eraikia zen eta bere diseinua José Manuel Aizpurua eta Joaquín Labayen arkitektoek pentsatu eta gauzatu zuten. Bete-betean Mugimendu Modernoaren printzipioei erantzuteaz gain, kostaldearekiko eta funtzio nautikoarekiko sentikortasun bereziz interpretatua egin zen. Gurean Mugimendu Modernoaren aintzidari izan arren, Aizpuruak 1930ko hamarkadan ideia faxistekin bat egin zuen, eta Espainiako Falangeko sortzaile eta kide nabarmena izan zen. 

Klub nautikoek XX. mendean izan zuten goraldia, itsas turismoaren eta ur-kirolen garapenarekin. Itsason-tziak biltegiratzeko arkitektura fun-tzionalak dira, baina baita burges klasearen topaketa sozialerako ere. Terrazak, jatetxeak eta eremu komunak izaten dituzte. Diseinu mailan, irtenbide formal interesgarriak ekarri dituzte, arrazionalistetatik hasi eta brutalistetaraino. Jarduera nautikoa duten kostaldeko testuinguruetan ohiko bihurtu dira, eta haien arkitekturak itsas identitate oso markatua islatzen du. Hala ere, honakoa berezia izan zen. 

Klubaren historia 1896an hasi zen, arraun eta bela zale talde batek itsasoari lotutako kirol elkarte bat sortu zuenean. Lehenengo egoitza gabarra flotatzaile bat izan zen, ondoren eraikin konbentzionalago batek ordezkatu zuena. Hala ere, egoitza enblematiko eta moderno bat izateko beharrak bat egin zuen Europan hizkun-tza arkitektonikoa berritzeko une garrantzitsuarekin. Aizpuruak eta Labayenek, biak Madrilgo Arkitektura Eskolan trebatuak eta Europako abangoardiekin lotura zutenak, arkitektura guztiz berria proposatu zuten Donostiako testuingururako.

Itsas estetikan inspiratuta, eraikina hondoa jotako itsasontzi bat bezala ulertzen da: lerro horizontal markatuak, metalezko barandak, leiho jarraituak, beirate-begiratokia. Bolumetria garbia eta funtzionala du, beharrezkoak ez diren apaindurarik gabe. Egitura nagusia hormigoi armatuzkoa da —berrikuntza teknikoa garai hartan—, eta hegaldura handiak eta espazio garbiak ahalbidetzen ditu. Arkitektura funtzional, zintzo eta programara (kirol-egoitza, klub soziala, itsas behatokia), klimara eta lekura egokitutakoaren ideiari erantzuten dio guztiak. Formalki, eraikinak zuzeneko elkarrizketa bat ezartzen du badiarekin: itsasorantz orientatzen da, kaian pixka bat bermatzen da eta horizontearen lerroekin mimetiza-tzen da. Kontzeptu-mailan, balio modernoak laburbiltzen ditu: argitasuna, arintasuna, arrazionaltasuna eta paisaiarekiko integrazioa.

Zer ezkutatzen da arkitektuda honetan? Bilatu tipologia, forma eta erabilera ezberdineko arkitektudak, bizi errespetuz eta egin galderak zuen buruei. Zer helbururekin joaten gara hauetara? Zer helbururekin eraiki ziren hauek? Zer gabeziei erantzuten diete? Gozatu arkitektudetaz!