Maiatzaren amaieran proiektuaren bosgarren urteurrena ospatzeko Mitoaroa ikuskizuna iragarri zuenetik, Pello Reparaz emanaldiaren sorkuntza prozesuan buru-belarri dabil. Noizean behin, alta, hitzordu garrantzitsuetarako tartea ere hartu du Zetak taldeak. Horietako bat, gaur Gazteluko plazan emanen duen kontzertua, hain zuzen ere. 

Prest, Sanferminetarako? 

–Azken garaian nahiko data seinalatu ugari ari gara bizitzen, eta inongo zalantzarik gabe Gaztelu enparantzakoa bada horietako bat. Nafarrontzat data garrantzitsua da eta eszenatoki horretara igotzea, musikari bezala ere, polita izango da. Une honetan burua hor daukat.

Zer nolakoa izanen da gaurko kontzertua?

–Uste dut testuinguruak baduela zer esana horrelako egun batean. Proiektu nafarra da gurea, Zetak, eta ni arbizuarra naizen neurrian eta Sanferminetan urtez urte jo dugun neurrian, oso gauza berezia da niretzat. Beste taldekideentzat ere, adibidez, Leire Colomo edota Gorka Pastorrentzat, biak bertakoak izanik. Eta gauza are bereziagoa izango da Ibanentzat (Larreburu) gaur bere urtebetetzea baita. Hau da, taula gainera igoko garen guztiontzat ezin bereziagoa da eguna. 

Berezia bada ere aurten Gazteluko Plazan osatu den kartela. Zer iruditu zaizu udalak etxeko artisten alde egin duen apustua?

–Alde batetik, poz ikaragarriz bizi dut. Sinesten dudalako benetan gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan, gero eta bereziagoa dela bertakoa, eta gero eta balio gehiago hartzen duela bertakoak, berezia den horrek eta partikularra den horrek. Gainera, zorionez, Nafarroan eta Euskal Herrian baditugu hainbat proiektu oso-oso bereziak direnak, eta badaukagu ahots bat, badaukagu partikulartasun hori. Zergatik ez hori aldarrikatu eta sanferminak bezalako jai ezin garrantzitsuago batzuetan horiek erdigunean kokatu? Azkenean, pertsonalki ez diot zentzu handirik ikusten Iruñeko jaiak antzekotasun handia izatea, nik zer dakit, Murtziako jaiekin. Gainera gu egitarau horretan egotea, ba zer esango dizut nik? 

Pozik sentitzeko arrazoia, zalantzarik gabe, sanferminetako oholtza nagusietako batean egotea.

–Bai. Bestalde, egia da alde batetik ere polita izango dela ikustea nola proiektu hauek, geureek, nola nabarmenki betetzen duten Gaztelu Enparantza. Badakigu proiektuak herrikoiak direla, badakigu bertan programatutako proiektu guztiek Gaztelu Enparantza beteko dutela. Eta hori ere bada gauzak pixka bat demostratzeko beste modu interesgarri bat.

Kritikak ere jaso ditu gizartearen alde batetik egitarauak.

–Eta hori ere analizatu egin daiteke. Programazio honek kritikak jaso izanak ere asko esaten du, nire iritziz, hemen Nafarroan nola ikusten dugun geure-geurea den hori. Eta horrek hanpatzen du, argi eta garbi, herri honetan egiteko daukagun lan luze hori.

Bestak besta, oraintxe bertan proiektu itzela daukazue esku artean. Mitoaroaz ari gara, urtarrilaren 3an eta 4an Nafarroa Arenan eginen duzuen ikuskizun handia.

–Opari bat ari da izaten Mitoaroarekin gertatzen ari dena. Halako batez 20 mila pertsonatik gora animatu dira gurekin bat egitera showan. Nafarroa Arenan egitea erabaki genuen, Nafarroa Arenan eta euskaraz egitea. Eta Nafarroa Arena betetzeak, behin eta bigarren baten bidean, uste dut baduela zerresana. Poz ikaragarria da guretzat. Bosgarren urteurren batean oso-oso gauza berezi bat egitea pozgarria da, Nafarroako iruditeria kolektiboari so egiten dion proiektua bat sortzea, non eta Nafarroaren erdigunean, hiriburuan… Polita izango da. Nafar iruditeria kolektiboa musika elektronikoarekin eta identitatearen jorraketarekin bateratuko duen proiektua izango da. Ezin interesgarriagoa da Mitoaroarekin sortzen ari den guztia eta oso kontent gaude. 

Zetakek bost urte betetzen dituen honetan, atzera begiratzeko tartea hartu duzu? 

–Egia esan, orain arte ez naiz egon atzera begiratzeko gogo horrekin, ikusten bainuen bidearen eta prozesuaren erdi-erdian nengoela. Baina orain bai, Aaztiyen argitaratu ondoren sentitzen dut baietz, atzera begiratzeko unean nagoela. Zergatik? Bide bat egin dugulako eta norabait heldu garelako. Sentsazio hori daukat. Zetak atera zenean, proiektua interesgarria zen, baina egia da kontu batzuk kenduta sonoritateari dagokionez egin zitekeela Zetak bezalako proiektu bat beste edonon. Partikulartasun horren bilaketa prozesu horren ondoren, orain bai, uste dut ezin dela beste edonon egin Zetak bezalako sonoritatea duen beste proiektu bat. Nire helburua azken bizpahiru urtetan izan da bakarrik Arbizun egin zitekeen disko bat sortzea, eta Aaztiyen-ekin lortu dugula uste dut. 

Non hasi zen bide hori? 

–Londresen masterra ikasten ari nintzela, orduantxe hasi zela uste dut, partikulartasunaren balio handi hori identifikatzen hasi nintzen unetxo horretan. Zazpi urte beranduago, ikusten dut ezin ederragoa izan dela ibilbidea eta beharrezkoa zela ibilbide hori norabait iristeko. 

Maiz gertatzen den zerbait, distan-tzian norberak begiratzen diola ispiluari. 

–Arbizuk daukan gauza ederrenetariko bat da euskaraz naturaltasunez bizi zarela. Horrek badakar, aldi berean, egoera normalizatu egiten duzula, normalizatu eta batzuetan ahaztu ere, hegemonikoa ez den hizkuntza batean bizitzeak duen balioa. Kanpora joate horrek ikuspegia zabaltzen dizu, eta horrek ekarri zidan ibilbide honen hasieraren lehenengo txinparta hori. Zetak proiektua sortzerakoan euskara bere ardatzean egonen zela erabaki genuen, eta ondoren beste hainbat erabaki gehitu dira. 

Folklorea, ohiturak, kultura herrikoia… Printzipioz ez dira publiko gaztearentzat erakargarriak suertatzen diren kontzeptuak. Zetakek, aldiz, hortik edaten du eta aretoak betetzen ditu.  

–Ezin da ukatu identitate propio eta partikular baten alde apustua egin dugun proiektuok harrera ezin hobea daukagula. Ez soilik proiektu handiei dagokienez. Uste dut eszena oso indartsu bat badagoela gaur egun, oso erakargarria dena, zorionez. Hori sanoa eta ona da gure herriarentzat. Uste dut modan daudela identitatea eta partikulartasuna ardatzean jartzen dituzten proiektuak. l