umendi batek eztanda egiten duen indar berarekin harrapatu gaitu albisteak. Irla politabezala ezaguna den La Palmako sumendiak eztanda egin, eta laba bailitzan, gure eguneroko elkarrizketak estali ditu. Irudi ikusgarriak utzi dizkigu, bolkanologoak nonahi eta tamalez, horrelakoetan ohikoa den moduan, drama ere bai. Milaka pertsonek egun batetik bestera urteetan eraikitakoa atzean utzi behar izan dute. Naturaren lilura eta tristurak.

Atsekabeak jota beraz, bertako milaka batzuek azkeneko gauak kiroldegi eta antzekoetan pasa behar izan dituzte. Euren etxeak galdu dituzte, etorkizunera begira jartzeko indarrak hartu bitartean. Gizakiaren izaera miserablea atera da agerira orduan. La Palmako alokairuen prezioak gora egin dute azken astean. Lehenago nora jo ez zekienak, aukera gutxiago ditu orain. Zekentasunaren maltzurrez.

Miserablea behar da izan horrelako egoera batean besteen malkoei dirua nola atera pentsatzeko. Gisa horretakoei ezingo zaie eskatu musutruk euren pisuak larrialdi egoeran dauden horiei eskaintzea, eta borondatez argi dago ez zaiela aterako. Baina gainera situazioari sos batzuk atera nahi izatea, pelikuletako gaiztoenek ere ez lukete egingo. Duela hilabete ere entzuten zen Afganistandik atera zezaketela bat bost mila dolarren truke. Ezin jakinhain entzutetsuak ez diren zenbait egoeratan etika zein zokotan ezkutatzen den. Haitin akaso hau instituzionalizatua izango da, naturaren bortizkeriaren ranking-ean goi-goian baitaude gajoak.

Hain presazkoa agian ez, baina larritasunetik ere ihesi datozen milaka pertsonek antzeko dirutzak ordaintzeko prest egoten dira Mediterraneoa gurutzatzearen truke. Desesperazioa usaitu eta horri probetxua atera. Giza onberatasuna agerian berriz ere. Milaka euro kobratu gurutzatzearen truke, ur gainean apenas irauten duen intxaur azal batean sartu eta putzuan bota. Zorte asko dutenak helmugara iritsiko dira, besteak bidean hilko. Eta heriotzari eskapu egin dioten horiek berak, hegazkin batean sartu eta bueltan bidaliko dituzte berriz ere. Qualité.

Ondokoari laguntzea, lehen esan bezala, ez da inorrentzat betebeharra. Baina ez oztopatzea gutxienez nahiko eskura geratzen zaigu gehienoi. Azterketetan txuleta egin ezin zuten horietakoa naizelako izango da agian, edo kartetan tranpa egitean gorritzen den horietakoa, baina zaila egiten zait nire burua aprobetxategi horien azalean jartzea. Distantziak ematen didan nagusitasun moral horrek ezetz esaten dit, ezin dela horrela jokatu.

Sorbalda bakoitzean kontzientziaren alde bat dugula askotan irudikatu dute marrazki bizidunetan. Aingerua batean, ongi jokatzeko eskatuz, eta deabrutxoa bestean, gaiztakerietarako prest. Batzuei deabrutxoa patrikan sartu zaiela dirudi, aingerua aurpegian instalatu zaien bitartean.