Baztan Ikastolan harro gaude euskararen erabilera sustatzeaz eta gure hizkuntzan dugun ezagutza aberasteko aukerak sortzeaz. Hori dela eta urtean zehar gonbidapen bereziak izaten ditugu, euskararen munduan murgiltzeko gai bereziak aztertzen ditugun bitartean. Aurten gonbidatu aparta izan dugu, Ion Dufurrena Iñarrea, ikastolako ikasle ohia, gure Sokorro irakasle ohiaren semea, gure ikasle Ekain, Maddi eta Jonen osaba, abeltzaina ofizioz, zurgina afizioz eta hizlari bikaina. Erratzuko sortetxean du tailerra, baino gure ikastolarat denetarik ekarri zuen. Artzainek duela mende aunitz erabiltzen zituzten zurezko ontziak eta tresnak: kaikua, idazkia, abatza, malatsa, kartola, zimitza, oporra, karraka, eskalapuñak... eta bere azalpenei esker, lanabes guzti horien betebeharrak eta ardi gasna eta gaztanbera egiteko urratsen berri izan genuen. Goazen ikustera ea zuei ere guri bezain hainbertze gustatzen zaizuen kontatutako guztia.

Kaikua Euskal Herrian duela 5.000 urtetik goiti ezagutzen den tresna dela eta bakarrik hemen ezagutzen den lanabesa dela aipatu zigun. Ez dakizuenentzat kaikua animaliak jezteko urkiaren zurarekin egiten den ontzia da, zilindro-formakoa, konikoa, ahoa ipurdia baina zabalagoa, ardatz makurrarekin eta kider batekin. Gaur egun jeizteko edo gaztanberak saltzeko ezin dira zurezko kaikuak ibili, zurak osasun baldintzak ez dituelako betetzen. Beraz, oraingoak jezteko metalezko ontziak eta gaztanberarentzako kristalezko ontziak erabiltzen dira.

Jeitzi ondoren, esnea kaikutik abatzara pasatzen zen, idazkiatik barna. Idazkia zurezko inbutu konikoa da, asoñak buruz beheiti jartzen ziren bertan, eta hauen hostoen ileek esnea galdatu eta honek zituen zikinkeriak garbitzen zituzten.

Abatzean esnea berotu egiten zen, baina ez edozein modutan, burdin harriak suan berotu ondotik abatzean sartzen ziren esnea berotzeko.

Gaztanbera egiteko, esnea egosi egin beharra zen, gasna egiteko berriz bakarrik berotu egiten zen, ondoren esneari gatzagia botatzen zitzaion eta gatzatua zegoenean malatsarekin (esnea irabiatzeko tresna) dena nahasi egiten zen. Kartola (ohol zuloduna) abatzaren gainean jarri eta honen gainean zimitza (gasnarako moldea) jartzen zen, hau eskuekin bete egiten zen eta poliki-poliki zanpatu egiten zen azpiko zuloetatik gazura guztia kendu arte. Arras inportantea zen gazura guztia kentzea, bertze gisa gaztak lehertzeko arriskua izaten zuen.

Garai batean ez zuten etiketarik jartzeko aukerarik eta horren ordez zimitze bakoitzak bere baserriaren “zigilua” marrazkia zuen eta horrela noren gasna zen jakiten zuten.

Gazura guztia kendu ondotik gasna idortzen uzten zuten. Eta abatzan gelditzen zen gazura sobrantea? bota? Inoiz ez, garai batean dena probesten zen eta. Artzainak oporran (zurezko katiluan) sartu eta artopila edo taloekin jaten zuten. Talo aska artzainek erabiltzen zuten platera zen.

Bertze tresna batzuen berri eman zigun baita ere:

Eskalapuñek: zurezko zapatak ziren, azpian iltzeak jartzen zizkieten ez irristatzeko, baserritarrek ezpartinekin janzten zituzten, hauek ez zikintzeko eta logia, horma eta izotz gainetik ibiltzeko.

Karraka: Aste Sainduan ezin ziren ezkilak jo, horien ordez karraka ibiltzen zuten herritik barna. Gaur egun zaldiak menditik etortzen direnean uxatzeko ibiltzen da.

Argizaiolak: Kaikua bezala Euskal Herrian bakarrik erabiltzen den tresna da. Gero eta toki gutxiagotan ibiltzen da baina oraindik gaur egun Gipuzkoako Amezketa herrian erabiltzeko ohitura omen dute. Norbait hiltzen zenean elizan jartzen zuten, etxe bakoitzak zurezko taula desberdin batean argizaria inguratzen zuten. Hildakoa ezkondua baldin bazen argizaiolako argizaria horia zen eta ezkongabea baldin bazen argizaria zuria zen. Eta horrela herriko jendeak jakiten zuen zein familiatako kidea zen hildakoa.

Bukatzeko pirograbatzen irakatsi zigun! Bakoitzari egur zati bat, lija puska bat banatu zigun. Ondotik arkatzarekin gure izenaren lehen letraren diseinua egin genuen eta pirograbatzeari ekin genion. Goiz borobila izan zen eta Euskal Herriko ikastetxe guztiei gonbidapena luzatu nahi diegu. Ionek guri kontutako guztia bizi nahi baduzue bere tailerra bisitatzeko aukera duzue. Bisitatu bere orrialdea https://iondufurrena.eus, ez zarete damutuko.