Artea Oinez, Iruñeko Kondestablearen Jauregian aurkitzen da maiatzaren 3a bitartean eta, ondoren, Zangozako Kultur Etxean maiatzaren 10etik ekainaren 2ra arte egongo da. Lehen mailako erakusketa hau laurogei bat euskal artistaren obrez hornitzen da, eskuzabaltasunez aitortzen eta eskertzen ditugunak. Horien artean Zangozaldeko: Eva Morant, Pablo Blanco, Sonia Senosiain, Jose Javier Abadia eta Nikolas Sartaguda aurkitzen dira. Erakusketa honen aurkezpena egiteko garaian ezinbestezkoa iruditu zaigu, Artea Oinezen sorreratik komisario lanetan aritzen den Josu Reparazi elkarrizketa bat egitea.

Artea Oinez orain dela 27 urte sortu zen. Nola sortu zen hezkuntza, euskera eta artea batzen duen proiektu hau?

Nafarroa Oinezek, Ikastolek bezala, beti izan du gizarte bokazioa; beti jaso dugu asko gure gizartearengandik eta gizarteari zerbait eskaintzea beti egon da gure egitekoan. Guretzat arteak toki berezia du hezkuntzan eta euskal kulturaren adierazgarri garrantzitsua ere bada. Horregatik, gure egitasmo egonkor bilakatu zen eta guretzat ohore bat da hain izen handiko artistek bere lanekin Ikastolon lana babestea eta Nafarroan euskaren aldeko aldarria ere izatea.

Zein omenduko da Artea Oinezeko edizio honetan? Zein izan da bere ibilbidea?

Edizio honetan Miren Doiz omenduko da, nazioarteko proiekzioa duen artista nafarra. Bere ekoizpenak, originala eta indartsua, arte garaikidearen epizentroan kokatzen du. Erro figuratiboko pintura abstraktuenarekin konbinatzen du, ikusleak bere buruari galde diezaion zer den erreala eta zer birsortua. Iruñean jaio zen 1980an. Hiriko Arte eta Lanbide Eskolan aritu ondoren, Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 2003. urtean. gaur egun Madrilen bizi eta lan egiten du. Miren Doizek 2014an erakutsi zuen lehen aldiz Artea Oinez-en, hain zuzen ere Zangoza Ikastolak antolatutako erakusketan. Euskarari emandako laguntzagatik eta Ikastolekiko eskuzabaltasunagatik, Nafarroa Oinez 2024 jaialdiak mirespen eta esker on handiz eskaintzen dio omenaldia.

Zer aurkitu dezakegu erakusketa honetan?

XXI. mendeko lehen laurden honetan, zerbait argi eta erraz ikus badaiteke, diziplina artistikoen arteko mugak gero eta gehiago lausotzen direla da. Arte guztia da garaikidea, Nafarroako Museoko leit-motivak zuhurki dioen bezala. Dena lotuta dago eta erraza da proposamen bakoitzaren hariari tira egitea, ustekabeko harremanak aurkitzeko. Laurogeita sei artisten parte-hartze eskuzabalari esker, Iruñeko Kondestablearen Jauregiko eta Zangozako Kultur aretoetan erakusketa amitza ikusi ahal izango da eskulturekin, zizelkatze-pinturekin, pinturekin, marrazkiekin, instalazioekin, grabatuekin, bideoarekin, argazkiekin, inpresio digitalekin eta teknika mistoekin. Lan gehienak korronte abstraktuan kokatzen dira, baina figuratiboa, espresionista, geometrikoa, hiperrealista, sinbolista, informalista eta abar ere agertzen dira, azken joeretan arreta berezia jarriz.

Zein da erakusketa honetan ikusleak jasoko duen mezua? Zeren inguruan ikusleak egin dezake hausnarketa?

Berriak ez diren baina gaur egun indarrean dirauten ideia eta helburu orokorrak biltzen ditu: euskararen normalizazioa, iraunkortasuna bilatzea, auzolana berreskuratzea, despopulazioaren aurkako borroka eta, batez ere, irakaskuntzaren kalitatea hobetzea. Horietako batzuk oso lotuta daude elkarren artean, eta haien planteamendua eta konponbideak lotu eta sinergiak sor ditzakete. Arte lanek pentsatzen, eztabaidatzen eta zalantzan jartzen irakasten digute; azken batean, egungo zibilizazioak zer esan nahi duen irakurtzen.

Nola erabakitzen duzu zein artista sartzea erakusketan?

Edozein erabakik artista batzuk egon eta beste batzuk ezin egotea dakar. Aniztasuna da erakusketa honen ezaugarririk nagusiena, nahiz eta askotan lanek gai jakin baten inguruko irakurketa berezia eskaini. Erakusketa elemetu askoren oreka da: gizonak eta emakumeak, generazio ezberdinak, lengoai plastiko ezberdinak… Nafarroa Oinezek gainera beti egiten die toki Oineza ospatzen den eskualdko artistei ere, hauen lana ezagutzera emateko asmoarekin.

Ba al dago bereziki desafiozkoa edo zirraragarria izan den obrarik?

Norberak baditugu gure gusto bereziak eta gure etxean zer jarri eta zer ez berehala dakigu. Niri erakusketan jasotzen diren lan guztiek sortzen didate interesa, bakoitzaren atzean badagoelako ikerketa, hausnarketa, lana eta hizkuntz propio bat ere. Artisten tailerrak ezagutzea eta beraien bizipenak eta erronkak ezagutzea beti da zoragarria. Arteaz dakidana beraingandik ikasi dut.

Nola maneiatzen duzu estilo eta ikuspegi artistikoen aniztasuna erakusketa bakar batean?

Borondate asko eta eskuzabaltasun handia biltzen dituen erakusketa da. Ikusgai dauden lanak egungo panoramaren testuinguruan kokatzen dira. Hartutako erronka komunikazio-aldiberekotasuna bilatzea da, non obren arteko magia sortzen baiten eta bizi dugun unea azaltzen uzten baitigun. Zaila dirudi bere diskurtso askotarikoak moldatzea, aldi berean bere ahotsak interpretatuz; aitzitik, estimulagarria da bere proposamenak eta testuinguruak, bere teknikak eta abar konbinatzea, egun gertatzen denarekin, hots, une honetan “egosten ari denarekin” konektatzeko: berria dena, oraingoa, bere mugimenduak, aldi berean izatea, bere harremanak eta bere iragazkortasuna.

Zer aldatu da hasierako Artea Oinez erakusketetatik gaur egunekoetara?

Gauza asko aldatu dira, gizartean eman diren aldaketa askoren ispilu delako erakusketa hau. Une honetan eskuzabaltasun osoz parte hartu eta gaur gure artean ez dauden artistak aipatuko nituzke miresmenez: Oteitza, Chillida, Elena Asins, Sistiaga, Ana Marin, Zumeta, Galobart, Basterretxea… Aldatu ez dena erakusketan parte hartzen duten artista guztien gogoa eta eskuzabaltasuna dira. Bere lana etorkizun iradokitzaile eta inspiratzaileenari irekita egoten jarraitzen du eta gure Ikastolei bizia ematen die, non artea ikaskuntza-proiektua, gizartearen memoria eta etorkizunerako leihoa diren.