Hilabetetako lanaren ondoren eta ikasturte hasieran azken ukituak emanda, azaroan inauguratu genuen Ingurune Txabola Paz de Zigandan. Ikastolako sarreran kokatutako panelak ikastolako eremuan dauden zuhai-tzen argazkiak eta espezie bakoitzaren informazioa jasotzen ditu, baita izenak sei hizkuntzatan ere: izen zientifikoa, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez.

Elkarlanean eraikiz Jira-Bira taldea aritu da dena aurrera ateratzeko lanetan. Inaugurazioan proiektua aurrera eramaten lagundu duten pertsonak gogorarazi nahi izan zituzten. Horien artean, Alfonso Fernández nabarmendu zuten. Bera izan zen Jira Bira taldeko partaideen artean ingurumenarekin lotutako guztiarenganako maitasuna transmititu zuena, baita elkartasunaren gainean ere, hegaztienganako pasioa ahaztu gabe.

Proiektu honen hastapenak beste alderdi bat ere badu, Enrike Beruete irakasleak Ikastolako landarediaren gaineko jarduera pedagogikoak egiten zituen lehenagotik. Denak identifikatuak zituen eta ikasleekin aritzen zen horien inguruan lanean.

Bi bideak elkartu eta Ingurune Txabola sortu dute denen artean. Fermin Berasainek egin zuen egurrezko panela antzineko Jolas Parkeko egurrak birziklatuz. Sarrera nagusiaren ondoan dago kokatuta.

Ezin ahaztu, Ikastolako paisaia landu edo diseinatzeko orduan, kontuan izan zuten gaia izan zela zuhaitz eta zuhaixkena. Angel Apezetxea hasieratik saiatu zen espezie anitz landatzen eta bakoi-tzari bere lekua egokitzen, paisaia aberatsa sortzen, alegia.

Sentsibilizazioa Ingurumenaren ezagutza ezinbestekoa da berau babestu eta zaintzeko. Gertu dugunaz jabetu eta ezagutzeko aukera paregabea ematen du jasotako informazioak. Ikastolako zuhaitz eta zuhaixken berri ematen digu panelak, modu zuzen eta argian. Espezie bakoitzaren informazioak alboan du dagokion hostoen argazkia, izena sei hizkuntzatan eta bakoitzaren gaineko informazio eta ezaugarriak azpian. Beste aldean, mapa bat dago. Horretan zuhaitz mota bakoitzaren kokapena eta zenbat dauden ageri da, baita kabi-kutxak non dauden ere. Kabi-kutxak orain hainbat ikasturte eraiki eta Ikastola eremu barnean jarri ziren.

Ikastolan badugu natura eta bereziki jasangarritasuna ardatz duen taldea: Jasangarri taldea. Bertako kideek ere argi dute: “Egunero, orduak ematean ditugu gure patioko paisaia begira, geletatik, leihoetatik zein jolastokitik. Zuhaitzen inguruan biltzen gara jolastera, gure gauzez hitz egitera, ezkutatzera? Ikusten ditugu, baina ez ditugu ezagutzen. Beraien enborrak desberdinak dira, hostoak ere bai, kolorez aldatzen dute, batzuk biluztu egiten dira udazkenean, beste batzuek loreak ekartzen dituzte udaberrian, koloreak, usainak? ez ditugu asko ezagutzen, ez gara askotan ohartzen, baina egunero gure artean ditugu, ea modu desberdinez, ea modu honetan pixka bat gehiago hurbildu ahal garen”.

Erabilera pedagogikoa Lizarra, intxaurrondoa, bikoloretako gorostia, basaka, sagarrondoa, sasiakazia, urkia, haritza, pagoa, artea, izeia, aranondoa, atlasko zedroa, huntza, gereziondoa, hurritza, hagina, orrea? Gure eguneroko paisaiaren parte diren 36 motatako 200 zuhaitz baino gehiago ditugu sarreran, patioan, kiroldegi inguruan? Eguneroko horretan, oharkabean igarotzen den natura-aberastasuna, alegia. Hori horrela gerta ez dadin landutako ekimena da hau. Ingurumenaren ezagutza eta babesa lantzeko egokiak diren ekintzak egingo ditugu aurrerantzean panelaren inguruan Ikastolan ari garen adin-tarte guztietako ikasleok.

Egun Enrike Beruete irakasleak jada egiten du Batxilergoko ikasleekin jarduera pedagogikoa. Zuhai-tzak identifikatzeko aplikazio baten bitartez, ikasleak Ikastolako eremuan ibiltzen dira dauden espezieak identifikatuz. Gero, panelera hurbildu eta egindakoa egiaztatu eta berrikusten dute. Beruetek inguratzen gaituen naturaren ezagutzaren bidean, Ikastola ondoko landaredia aztertzea ere badu buruan, ikasleei inguruan duguna helarazteko asmoz.

Hori ez da erabilpen bakarra izango, noski. Orain artean egindako esfortzu eta lana izango da jarduera berrien oinarri. Qr bidez mugikorrean informazioa eskuratzeko aukera ere hor izango dugu, adibidez. Segi dezagun lanean!

INGURUNE TXABOLA

Ikastola honetan

txabola bat dago

denok parte hartuko

dugu hemen tinko

lasai ez dizuegu

txaparik emango

bakarrik esango dut

ingurua zaintzeko (bis)

Zuhaitzak ta loreak

naturakoak dira

bizitzeko beharra

eguzki eta ura

gu hemen gaude abesten

guztioi begira

bakarri esango dut

zaintzeko natura (bis)

Ikasleek inaugurazio egunean abestutako bertsoa. 6. mailako ikasleek egina