Rosalía abeslariaren kontzertu bat zen aste honetan irakurri dudan artikuluetako baten irudirik deigarriena. Bertan, azken urtean arrakasta itzela izan duen emakumeaz gain, eszenatokia eta publiko zabala ageri zen, denak smartphone bat eskutan zutelarik, abeslaria grabatzen edo. Zinez deigarria zen irudia, kolore eta prezio guztietako mugikorrak baitzeuden bertan eta atzean aurpegi batzuk, artistari begira baino, angelu egokiena bilatzen.

Egia esan, azken aldiko kontzertuetan gero eta ohikoagoa den fenomenoa da hau. Norberaren abestirik gogokoena jo behar dutenean, sakelekoa atera, bideoa martxan jarri eta grabatzeko joera, hain zuzen ere. Barruan senti-tzen nuen kontraesanen bat horrelakorik ikustean, grabatzeak ez baitizu abestiaz bete-betean gozatzen uzten. Gainera, bideoa norbaiti bidali edo berrikusterakoan, estribilloaren momentuan ikusleak ingurukoen marru desakonpasatuak entzun beharko lituzke, eta horrelako zigorra ez du inork merezi. Fisikoki ere besoa goian mantentzeak zure mugimenduak mugatzen ditu noski, eta atzekoek zure familia haien ahotan ibiltzea ere ekar-tzen du maiz.Tira, pertsona oso altuek ere enbarazu egiten dute sarri horrelakoetan, eta ez diegu bizitza ukatuko horregatik. Bideoarena momentutxo bat izango da gainera, baldin eta ez bada Berri Txarraken kontzertua, eta zure aurrekoari abesti guztiak topera gustatzen bazaizkio gainera, autoan doala beste ezer entzungo ez balu bezala. Agian bideo-erreportari asko daude gurean, aski.

Turismo-argazkilaritza egiten dugula aipatu nuen beste idatzi batean, hau da, tokiez gozatu baino, tokiei argazkiak ateratzen dizkiegula, eta ahal bada gu bertan gaudela, ingurukoei inbidia puntu bat emateko asmoz. Bada, badirudi kontzertuekin ere antzeko zerbait gertatzen dela. Egon, egon naiz, baina besteek jakitea ere garrantzitsua da.

Egia esan, tarteka argazki zaharrak begira-tzeko afizio handirik ez daukat, baina aitor-tzen dut jendeak estimu handia diela oroitzapen horiei. Baina bideoak ere behin eta berriz ikusten ote ditugun zalantzan jartzen dut. Koadrilan gaudela, mahai inguruan, bakoi-tzak bere azken kontzertuko bi edo hiru abesti jartzen ditu besteentzat? Nire lagunen artean ez behintzat. Eta kontuan hartuta mugikorrarekin gauez kontzertu batean grabatzen dugun horrek zer audio eta bideo kalitate duen, hobe oroitzapenak nork bere baitan gordetzea, kaka zahar hori behin eta berriz erakustea baino. Agian ez gara konturatzen guretzat balio handia duela momentuagatik, bizitakoagatik, edo ekartzen dizkigun oroitzapenengatik, baina sarritan gure-tzat bakarrik dela hori, eta ziur gure barnean kalitate gorenean gordea dugula.