Erronka, ikastolen jaietan antolatzen den jarduera da eta DBH 3ko eta DBH 4ko ikasleek parte hartzen dute. Aurten, ekitaldia Argia Ikastolak prestatu beharko du urriaren 20an ospatuko den Nafarroa Oinez jaian; beraz, gure ikastola anfitrioia izango da eta prestaketa lanetan ari gara buru-belarri. Ez da erronka makala izanen. Iraitz Rodriguez antolatzaileetako bat da eta honakoa dio, “helburu nagusiak, gazteek beste ikastola batzuetako beraien adineko ikasleak ezagutzea, eta ondo pasatzea dira. Horretaz gain, gazteek aisialdi mota ezberdin bat izateko eta euskararaz hitz egiteko aukera paregabeak dauzkate”. Tuteran ospatuko den Erronka VI. edizioa izango da, 2014. urteko Zangozako Nafarroa Oinez festan estreinatu zenetik.

12 talde, 12 ikasle bakoitzeko Erronkako parte-hartzaileak ikastola bakoitzeko hamabi ikasle izanen dira euren bi kapitainekin batera. Taldeak osatzeko momentuan, generoa kontuan hartu behar da eta mutil eta neska kopuru an-tzekoa egotea saiatzen da. Berdin gertatuko da kapitainekin, bat neska bada, besteak mutila izan beharko du, eta kapitaina irakaslea izaten da normalean. Kapitaina ondo aukeratzea oso garrantzi-tsua izango da, beraiek izango baitira gidariak. Gainera, taldeak erreserba batzuk eduki ditzake, bere parte hartzaileren bati azken momentuan zerbait gertatzen bazaio hura ordezteko.

Proba zirraragarriak Ikastola bakoitzak Erronkara talde bat eramaten du eta batzuetan ikastola batzuk bateratzen dira talde bat osatzeko. Talde hauek lau guneetan gauzatuko diren lau talde proba gainditu beharko dituzte, horietatik azkena, finala izanen da. Probak ez dira hain lehiakorrak eta talde lana oso garrantzitsua da. Horietan, parte hartzaileek beraien abileziak adierazi beharko dituzte.

Ikasle guztientzako moduko probak prestatzen buru-belarri dihardute arduradunek. Antolatzaileen arabera, proba bizi eta atseginak izango dira, ondo pasatzekoak; gazte guztiek primeran pasatzeko modukoak. Garikoitz Urbizu Erronka batzordeko kideetako bat da eta honakoa gaineratu du: “proba bizi eta zirraragarriak izanen dira eta taldearen batasuna oso garrantzitsua izanen da”.

Ez dizkigute azaldu proben nondik norako guztiak, hala ere, pistaren bat edo beste eman digute. Probetako batean, pilota erraldoi bigun batekin ibilbide bat osatu beharko da. Beste batean, betiko jolasak oinarri izanik Erriberako ohiko plater bat osatu beharko da, hau da, osagai ezberdinez osatutako menestra eder bat. Aurrera jarraituz, pontonero lanetan, Ebro ibaian garraiatzeko modu bat, ariko dira partaideak. Azkenik, artearekin lotuta, era berezi batean loturik dauden gomekin jaurtiketak egingo dira, eta ondoren, lortutako puntuekin puxikak eta margoak lortuko dira arte lan bat osatzeko. Hortik aurrerakoak ez dizkigute azaldu, sorpresa faktore hori galduko duelako, baina ziur egon probak oso dibertigarriak izango direla.

Nork eramango du lekukoa? Aipatu berri ditugun probetan lehenengo postua lortzen duen taldeak (probetan puntu gehien lortzen dituenak), lekukoa bere ikastolara eramanen du. Egun, lekukoa Iñigo Aritza Ikastolan dago, haiek irabazi baitzuten iaz haien lurraldeetan gauzatu zen Erronka. Aurtengo Nafarroa Oinez jaia hasi baino lehen, lekukoa antolakuntzari bueltatuko dio Altsasuko ikastolak. Eguerdi aldera jakingo da zer taldek irabaziko duen testigua; eta honek bere ikastolan gordeko du hurrengo urteko Nafarroa Oinez festara arte. Nora joango ote da aurtengoan?

Sariak Sariak ere izanen dira. Lehenik eta behin, bideoen saria emango da. Talde bakoitzak 2 minutuko iraupena duen bideo bat prestatuko du, sormena erabiliz, eta honetan, erronkan parte-hartuko duten parte-har-tzaileak aurkeztuko dira. Gustukoenak ikusleen boto eta epaimahaikideen bozken bidez aukeratuko dira. Erronkako sariak puntuazio altuena duten lau ikastolen arten banatuko dira, ez dakizkigu zehaztasunez zein-tzuk izango diren, baina ziur izan oso sari onak izango direla. Horretaz gain, partaide bakoitzari eguneko bazkaria, kamiseta bat eta Nafarroa Oinez jaiko oroitzapenen bat ere emanen zaie.

Ekintza horiek denak gertu ikusi nahi badituzu, Erronkan ikusi nahi zaitugu; parte hartzaile, ikusle edo laguntzaile moduan. Eguna oraindik urrun badago ere, anima zaitez Tuterako Nafarroa Oinez jaira etor-tzen! Eta gogoratu: Erronkan ere izan argi!