leioa - 1983tik, UPV/EHUk Urrezko Domina eskaintzen die pertsona fisiko, juridiko, pribatu zein publikoei euren jarduera akademikoarengatik zein eskainitako zerbitzuengatik. Gauzak horrela, atzo goizean EHUk Euskaltzaindia saritu zuen ohore honekin, urtez urte euskara arautu eta modernizatzeko egindako lanarengatik.

Saria jasotakoan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskerrak eman zituen, urteetako lana azpimarratuz: “1918-1919 urte bitartean sorturiko Akademiak, egun euskararen-tzako erakunde aholku emaile ofiziala denak, historian zehar zin-zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu du, eta bere egitekoa gizartearen zerbitzuan jarri du. Euskaltzaindia gu guztiok, euskal hiztun elkartea osatzen dugun guztiok osatzen dugu, norbaitek osatzekotan”. Momentura arte, EHUk 20 erakunde zein pertsona ospetsuri eman die Urrezko Domina: Benito Lerxundi, Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Mikel Laboa, Pedro Miguel Chenique eta Jesus Maria Artzeri, besteak beste.

EHU eta Euskaltzaindiaren arteko harremanera salto eginez, Miren Azkarate EHUko Euskal Filologiako katedradun, EHUko Euskara Institutuko zuzendari eta Euskaltzain osoak laudatioa egin zuen, Urrutiak bezala Euskaltzaindiak egindako ibilbidea goraipatuz: “100 urte Euskara Ehuntzen, hori izan da Euskaltzaindiak mendeurrenerako hautatu zuen goiburua. Aitortu behar zaio Akademiari egoki eran-tzun diela garai eta aldi bakoitzeko itxaropen eta eskariei; behar bezalako hari-multzoa osatu duela ehundegi horretan”.

Azkenik, Nekane Balluerkak, EHUko errektoreak, Euskaltzaindiak Unibertsitatearen Urrezko Domina merezimendu osoz irabazi duela berretsi zuen. - Unai Gonzalez