-Nafarroako Hezkuntza Departamentutik jaso genuen agindua martxoaren 12an, ikasleak martxoaren 16tik aurrera ezin zirela ikastolara joan. Une horretan bertan, antolaketa lanak hasi ziren gure ikastoletan eta Ikastolen Elkartean ere.

Zaila da egun hauetako erritmo azkarrari jarraitzea, e-mailak, balizko app egokiak, baliabide mota guztiak antolatzea, familien telefonoak eta posta, espazio komunak garbitu beharra, zerbi-tzu ezberdinetako langileekin zer egin…

Berehalaxe hasi zen profesionalen arteko komunikazioa, koordinazioa eta kolaborazioa. Jada Nafarroako Ikastolen Elkartean genituen egiturak probestu genituen: Zuzendarien taldea - ZUBI, Orientatzaileen taldea - OMI, IKT dinamizatzaileak - DIMI eta, behar genituenak sortu ziren, HH Arduradunen taldea eta LH Arduradunen taldea, DBH Arduradunen taldea. Talde horien partaideen arteko meet bilerak ekiteari ekin genion. Hauetatik jaso duguna ikaragarria izan da, gure ereduaren marka dena: kooperazioa. Harrigarria eta aldi berean hunkigarria izan da ikustea lan talde horien ekarpenak.

Berehala aztertu ziren lehentasunak: ikasleen zein langileen osasuna bermatu, arlo akademikoari eutsi etxeko lanen antolaketaren bitartez, bakoitzak genituen baliabide telematiko interesgarriak banatu, etapa ezberdinetako programazio erakargarriak, komunikatzeko bideak eta sortutako bideo-tutorialak elkar konpartitu…

Hiru izan ziren hasieratik ikusi ziren lan arloak:

-Ikasleak, beraien ongizate pertsonala eta akademikoa.

Komunikazio-kanalak ikasle, familia eta irakasleen artean.

-Beste langileak eta bereziki zerbitzuetako langileen egoera.

Urduritasunak, eskuzabaltasuna, laguntza, elkartasuna… hauek dira egun hauetan bizi izan ditugun baloreak. Pandemiak gure senarik onena atera digu. Gure artean konpartitu dira familiei emandako aholkuak, etxeko-lanen kantitatea eta kalitatea neurtzeko galdesortak, ikasleen artean elkarlana emateko estrategiak… eta, tartean, hainbat anekdota (meet-en bidez bilera egiten ikasleekin eta hauek komunera joateko baimena eska-tzen dutela!).

Aipatu lan-arlo hauei ekin zaie ikastolen munduan eta gure irakasleen profesionaltasuna eta ohiko lan-taldeen baliagarritasuna emergentziazko egoera honetan egiaztatu dugu, hala nola erabiltzen ditugun baliabide didaktikoak egokiak direla ere.