“Hemendik 10 urtera nahiko nuke titularretan irakurtzea, herri honek ikasi duela lankidetzan lan egiten”

20.09.2020 | 00:50

donostia ¿Zenbat bazkide ditu Eusko Ikaskuntzak gaur egun?

–2.000 inguru, baina gero, 2018 kongresuaren harira, mendeurrenean, 1.400 lagun ibili ziren gurekin lanean; beraz, hor badago gizartearen puxka polit bat.

Hala ere, oraindik badira erakundea existitzen denik ere ez dakitenak. Zer egin daiteke alde horretatik?

–Egia da; notorietate azterketa bat egin behar dugu jakiteko jendeak zenbateraino ezagutzen gaituen eta zer den gutaz ezagutzen zutena.

Baten batek galdetuko zizun noizbait ea zer den Eusko Ikaskuntza..., ¿ala ez?

–Bai, bai, eta lagunengatik hasita. behar beharrezkoa da momentu honetan zer garen esatea. Zeharkako lan lerroetako bat da gure kokapen estrategia abia-tzea, hain zuzen ere, leku ezberdinetan eta bozgorailu desberdinetan esatea zer garen.

Eta zer zarete?

–Gure etorkizunaren erronkak detektatzen dituen erakundea gara. Eta erronka horiek zeintzuk diren detektatuta, gizarteak zein premiak dituen aztertzen dituen erakundea, horiei erantzunak emateko. Normalean, goi mailako egitasmo edo ikerketa egitasmoen bitartez egiten dugu, jende edo eragile askotarikoen iritziak kontuan hartuta; hau da, aniztasuna kontuan hartuta, eta lurraldetasuna ere kontuan hartuta. Hori da gure eginkizuna, etorkizuna eraikitzea, gizartea ahalduntzea eta erabakiak hartu behar dituztenei proposamen berritzaile eta aurreratuak egitea. Emaitzak integratua, partekatua, oniritzia jaso duena eta bideragarria izan behar du. Behatoki, ikerketa, laborategia eta sozializazioa; lau funtzio horiek betetzen dituen elkartea gara.

Zer espero duzu etorkizunerako, zer gustatuko litzaizuke ikustea hemendik urte batzuetara?

–Titularretan ikustea nahiko nuke, hemendik 10urtera, herri honek ikasi duela edo egiten duela lan lankidetzan. Baina lankidetza bete-betean eta herri hau hartzen dituen erabakiak herri osoarenak direla, partekatuak direla, eta harro gaudela egin dugun bidearekin. Eta horretan, Eusko Ikaskuntzak parte hartu duelako. Amets bat da eta nik uste dut gure herri honek merezi duela eta gai dela hori heltzeko.