uskararen semaforoa beti dago horia zangozaldean, eta ez da berri txarra, horrenbeste denbora gorriz egon ondoren. Oztopoz beteriko bidea ilusioz, konpromisoz eta esfortzuz ibili ondoren, beste batekin aurkitu behar oraingoan, eta zer nolako oztopoa! Asmatu duzue jada, ezta?

Mota guztietako egoera zailetara ohituak geunden, baita Esako urtegiko ezker mendi-magaleko ezegonkortasunak sortzen digun ezinegona ere. Baina, pandemia bat? Hau bai ez genuela espero.

Ia sei hilabete luze izan dira ikasgeletara joan gabe, ia sei hilabete luze ikastolako ikasleak euskararekin duten harremanaren gunera joan gabe, semaforoa gorri jartzen hasia zen.

Ikasleek ere badakite, ikasturteko lehen egunetan egindako tutoretza saioetan horrela adierazi baitzuten, uda luzea izan zela eta euskaraz gutxi hitz egin zutela, normalean baino gutxiago. Sei hilabete hauetan hamaika pausu eman ditugu atzera. Ikasturte normal batean aurrera ematen ditugun pausoak txikiak izanik, zer esanik ez ikasturte distopiko honetan. Bizikidetza talde egonkor, kontingen-tzia plana, arauak eta betebeharrak, eta betebehar gehiago... ez da urte erraza izango, eta gutxiago ere euskararentzako.

Ikasturte hasieran euskarari, urtero baino bultzada handiago eman behar genion, PULUNP izena eman genion. Zergatik PULUNPA? Behar dugulako, urtero, une oro eta orain bereziki. Ludikotasunean, adimen emozionalean, parekidetasunean eta harremanetan oinarritutako ekimen bat delako, komunikaziorako, emozioak eta jolasak hartzen dituelako ardatz, eta hain zuzen, gure ustez, euskarak bi esparru horietan bizi behar duelako: “Esan dezakegu eremu atsegin batean, egokia den testuinguruan, emozio atseginak sentiarazten, hizkuntza hobeto barnera-tzen dela, eta hobeto transmititzen dela komunikatu nahi den hori“ (PULUNPA aurkezpen txostenetik hartuta).

Aste bat izan da, ikasturte hasiera berezi honen ondoren, Zangozako festak bertan behera geratzearen etsipenaren hurrengo astean, ikasturtean zehar jarraipena izango duena.

Aste benetan garrantzitsua, Arangoiti Ikastolatik etorritako ikasle kuadrilla, Zangoza, Oibar eta Kasedako ikaskideekin harremanak abian jar-tzeko, ikastolako eremuan baina ikastolatik kanpoko begirale, dinamiza-tzaile batekin. Azken ñabardura hau garrantzitsua da, askotan, euskararen eremua eta eragileak beti berdinak izatea ez da positiboa, ohiko testuinguru horretatik kanpo datorrenak aire freskoa dakar eta euskarak duen garrantziari beste dimentsio bat emate dio.

Murgiltze astearen balorazioa ona izan da, parte hartu dugun guztion aldetik, osasun larrialdi egoerak lagundu ez arren, Zangozako Ikastolako DBH hasierako ikasleek herriko zonalde ezberdinetan euskaraz jolastuz eta gozatuz ibili dira, euskaraz dibertitzen, erregistro ez formalean, euskara eta euskal kulturaren iraganeko eta egungo ibilbideaz jabetuz, Euskal Herrian hizkuntzaren zein kulturaren biziberritzean ikastolek egin duten eta egiten ari diren lana ezagutuz, baita ikastola txikiek ere.

Orain, osasun larrialdi egoera dela eta ezarri diren murrizketen ondoren euskara zangozaldean inoiz baino isolatuagoa dago, urteetan zehar gure hizkuntza herrietako kaleetara ateratzen ibili gara, ikastolara mugatu ez zedin, herrian bere lekua har zezan, kaleen izenetan, kultura agendan, udaletxeko komunikabideetan, aisialdian... lan horrek emandako fruituak arriskuan daude.

Hiru saio gehiago ditugu aurretik, abenduan, martxoan eta ekainean, sentitu, pentsatu eta ekiteko, haria eten ez dadin. PULUNPA asko behar ditugu Zangozaldean, Euskaraldiak, Korrikak, Oinezak... euskararen semaforoa gorritu ez dadin.