- Nor dugu Amaia Taberna Lizaso?

-Amaia naturarekin harremanetan bizi den ikasle gazte eta mugitua da, egunerokotasuna hausten duten planak erabat gustatzen zaizkiona.

Zein dira zure zaletasunak?

-Mendian ibiltzea dut erabat gustuko, baita bidaiatzea ere, tokian tokiko gastronomia probatuz. Musikak ere toki handia hartzen du nire bizitzan, musikaria eta musikazalea naizelarik.

Zergatik ari zara Magisteritza ikasten?

-Betitik gustatu izan zait irakaskuntza mundua. Zoragarria da haur baten ikaskuntza prozesuaren eragile izatea eta uste dut lanbide honeri eskainiko diodan denborak, gogobetetasuna emanen didala trukean, ilusioz biziko dudalarik nire ibilbide profesionala.

Zer erran nahi du Gradu Bikoitza egiteak?

-Gradu bikoitza egiteak nire etorkizuneko irakasle ibilbidea ani-tzagoa bilakatzea erran nahi du. Izan ere, Haur eta Lehen Hezkun-tzaren artean dagoen irakaskuntza metodologia erabat desberdina da, eta bi etapa horietan nola lan egin jakitea aberasgarria dela iruditzen zait. Bertzalde, malgutasuna eskaintzen du erosoago sentituko naizen hezkuntza etapan lan egin ahal izateko, lan mundua probatu ondotik aukeratzeko. Aurretiko kontakturik izan gabe zaila egiten zi-tzaidan aukeratzea, irakaskuntza baita benetan gustatzen zaidana.

Zergatik aukeratu zenuen Lesakako Irain eskola zure praktikak egiteko?

-Nire ikasle ibilbidea bertan hasi nuen, eta interesgarria iruditzen zi-tzaidan bertan irakaskuntzak nola funtzionatzen duen ikustea, ikasle izan nintzenetik egon diren aldaketak behatuz.

Unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan ahal duzu?

-Unibertsitatean teorikoagoak diren edukiak ikasten ditugu batez ere, eta testuinguru errealik gabe zaila egiten da horren garrantziaz ohartzea. Praktiketan ordea, ikasitako eduki teorikoak agertu dira egoera errealetan eta, egia erran, polita izan da horiek identifikatzeko gaitasuna izatea. Gainera, eskola baten funtzionamendua nolakoa den barrutik ikusi ahal izan dut, eta ikasgelatik kanpo dagoen lanaz ohartu naiz, zeina ez baitagoen gizartean onartua.

Zer izan da atentzioa gehien deitu dizuna?/Aldaketarik ikusi al duzu?

-Hauteman ditudan aldaketak kontutan izanik, kontent gelditu naizela erranen nuke, hainbertze adi-tzen diren metodologia berritzaileen aplikazioari hasiera eman baitzaio. Gainera, esfortzu handia egiten da eskolan antolatzen diren ekintza osagarriak curriculumeko edukiekin lotuz horien lanketa burutzeko eta zentzu globalizatua emanez prozesuari.

Zer irakatsiko zenuke gustura, ze ikasgaia eta ze adinekoei?

-Ingeleseko aipamena egitea dut pentsatua, ikasleentzat berria den hizkuntza bat irakasteko teknikak ikastea polita iruditzen zaidalako. Halabaina, gradu bikoitza egiteak ematen duen aukera aprobetxa-tzea gustatuko litzaidake, irakaskuntzak biltzen dituen aukera guztiak probatuz, eta poliki-poliki nire lekua bilatuz, aukera berririk baztertu gabe.

Zer espero duzu zure etorkizunerako?

-Espero dut nire ikaskuntza prozesua erabilgarria izango dela irakaskuntzan, baita aipatzen den etengabeko ikaskuntza hori gara-tzeko aukera izatea ere, esperien-tzia anitzen eta berritzaileen parte bilakatuz.

Hezkuntzako etorkizuna nola ikusten duzu?

-Hezkuntzako etorkizuna lanez betea ikusten dut, teorian irakasten diren metodologiak aplikatzea bidea ireki bada ere horren gibelean dagoen lana handia baita oraindik. Aldaketa handiak jasanen ditu nire ustez hezkuntzak, zeinak onuragarriak izanen baitiren hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztientzat. Aldaketa horiek gauzatzeko ordea, ez da aski izanen irakasleen formakuntza, aldaketek orain arte erabilitako metodologiaren alderdiekin haustea baitakarte. Horregatik, uste dut irakasleak formatzeaz gain, hezkuntza sistema guztiaren inplikazioa beharrezkoa dela aldaketa esanguratsua lortzeko, konfiantza izanen delarik ezaugarri garran-tzitsuenetarikoa horretarako.