- Iruñeko eszenatokian izango zaitugu gaur. Uda honetan dagoeneko eskaini dituzu kontzertu ba-tzuk, alta... Zer nolakoa izan da eszenatokietara itzulera "normaltasun berriaren" garai honetan?

-Gauza berezia izan da. Elorrion bueltatu ginen eszenatokietara, uztailaren bukaeran, eta garai hartan ez zegoen maskararik: kanpoan izan zen, "pre-maskarilla" garaian, beraz jendea gertu zegoen, lehengo kontzertu batekin antz askoz handiagoa zuen. Gero Zarautzen jo genuen oso konplikatua izan zen aste batean, eta hor aldaketa bat egon zen. Gauza arrotza eta inpresionantea izatetik hunkigarria izatera ere pasatu zen hurrengo kon-tzertuetan, Zumaian jo genuenean adibidez. Hasieran banatzen zigun horretatik, gertatzen ari denaren gainetik jotzeko kapazak garela eta jendea kontzertuetara joateko prest dagoela ikustera pasatu gara.

Konfinamenduak Thalia Zedek musikari amerikarrarekin egindako kolaborazioaren argitalpenarekin harrapatu zizun...

-Berarekin egin genuen bira urrian izan zen, Euskal Herrian, eta gero aitzakia hori hartuta Bonberenean bertsio pare bat grabatu genituen. Kapritxo bat izan zen, disko hartatik 500 kopia besterik ez genituen egin. Horregatik, maiatzean atera-tzea erabaki nuen, konfinamenduan. Behintzat jendeari zerbait ematea izan zen helburua, baina ez genuen horrekin lotutako proiektu zabalagorik.

Zer nolakoa izan zen berarekin partekatutako esperientzia?

-Niretzat bera erreferentzia izan da taldean jotzen zuenetik (Come) eta baita bakarkako ibilbidean ere. Beraiek osatzen duten musika eszena amerikarra ere, 90. hamarkada ingurukoa, niretzat influentzia handia izan da. Elkarrekin jotzeko proposamena egin ziguten ia urtebete lehenago eta ederra izan zen, feeling oso ona izan genuen eta gero bera etortzekoa zenez, hortik atera zen proposamena. Esperientzia eta talentu handia duen emakumea da.

Aitzinetik ere artista andanarekin egin izan dituzu kolaborazioak, idazle zein musikari desberdinetan oinarritutako disko kolaboratiboetan parte hartu izan duzu, hala nola Sarrionandiaren idatzietan inspiratutako diskoa edo Mikel Laboa omendu zuena... Esperien-tzia konpartituak pisu handia dauka zure ibilbidean?

-Bai, izan ere, ni oso obsesiboa naiz, nolabait esateko, idazteko momentuarekin oso lotuta nago eta ez naizenean idazten ari ere bilaketa horretan oso sartuta egoten naiz. Kostatzen zait hortik ateratzea. Kolaborazioak behartzen zaitu zauden tokitik ateratzera eta beste eremu batera joatera, eta egia esan beti da ederra. Sentsazio oso ederra daukat adibidez Elkarrek ateratako Joseba Sarrionandiari eskainitako diskoarekin: Lagun izoztua liburuaren inguruko abestia egin nuen, eta orain asko maite dut kanta hori. Elkarrek proposatu ez bazidan abesti hori egitea, inoiz ez nuke egingo. Hori ederra da. Gero, Pettiren kasuan edo Thaliaren kasuan, beste musikari baten espektroan eta munduan sartzea ere aberasgarria da.

Disko bakoitza zure bizitzako garai zehatz batekin lotzen duzula esan izan duzu. Egun, zein une artistikotan zaudela erranen zenuke, sorkuntza aldetik?

-Esango nuke aurretik egindako bi diskoetatik ateratzen nagoela. Etxe bat balitz bezala, atea itxi eta bidean sartzen, ea hurrengo etxerik baden eta ea nolakoa den hurrengo etxe hori. Metafora bezala balio dezake horrek zein momentutan nagoen azaltzeko.

'Zure aurrekari penalak' eta 'Epilogoa' lanetan ateratzen ziren kontzeptu eta metaforak bazterrean utziko dituzula erran nahi du horrek?

-Hori ez dakit esaten. Saiatzen naiz, ez badirudi ere, zerbait bilatzen disko batetik bestera, baina auskalo...

Deserosotasuna, galderak, zalan-tzak... Zure azken diskoetako atmosferan maiz agertzen diren kontzeptuak dira. Bizi gaituen garai honen isla ere izan daitezke, nolabait?

-Niretzat harrigarria izan da Epilogoa diskoan garai honekiko ager-tzen diren loturak atzematea. Konfinamenduan sartu eta behin eta berriz aipatu izan dizkidate Autodefinitua edo Epilogoa bezalako abestien letrak. Nik era oso metaforikoan sortu nituen abesti horiek... Abestiak argazki modukoak dira eta kanta horiek agertzen duten mundua oraingoaren berdina da, areagotua seguru asko... Asko aipatu izan didate kantu horien indar profetikoa. Enumerazio bat egiten dut horietako batean: "Konstelazioak, terapiak, farmaziak, sare sozialak...", maskarak esatea bakarrik falta zitzaidan!

Eta "gehiegi luzatzen diren salbuespen egoerak"...

-Bai, kar-kar... Ez da nire kulpa, baina hala izan da.

Zure lan guztietan, letrek garran-tzia eta pisu nabarmena daukate. Zeintzuk dira idaztera bultzatzen zaituzten gaiak?

-Ez duzu beti lortzen zuk nahi duzun hori nahi duzun bezala esatea. Batzuetan, saiakera bat egin eta bigarrenean asmatzen duzu, ez lehenengoan. Adibidez, Zure aurrekari penalak-en egin nuena jada Irla izan-en egin nahi izan nuen, baina lehen horretan ez nuen jakin asmatzen. Intuizioa baneukan baina ez nuen lortu. Eta gauza bera Zure aurrekari penalak eta Epilogoak-en artean, nahiz eta biak aldi berean egin. Esango nuke alde horretatik gero eta kanporago noala neuretik, intuizio hori daukat eta hori nahiko nuke. Nik uste jada eman dudala pauso bat bide horretan, hortik hitz egin nahiko nuke: intimoa eta kolektiboa, soziala eta baita politikoa den horretaz ere. Horra iritsi nahiko nuke, baina denborak esango du.

Barne mundu horretatik idatzitakoak zure publikoak ulertzen eta barneratzen dituela ere nabarmena da.

-Bakoitzak zer ulertzen duen, hori da artearen eztanda infinituaren indarra. Norberak esaldi bakoitza bere erara ulertzen du eta bere baitan eztanda egiten duenean berezko arrazoiengatik izaten da, ez du zertan nik idazterakoan pentsatu dudanarekin zerikusirik izan behar. Hori da arteak duen indarra, horregatik da hain garrantzitsua niretzat, baita kontsumitzaile bezala, infinitua delako. Infinitua eta, aldi berean, misteriotsua, ze bati ez dio ezer esaten eta beste bati lehertu egiten zaio barruan. Hori da artearen parte ederretako bat.

Urte mordoa da jada Anari osa-tzen duzuen taldea finkatu dela, aspaldi dituzu bidaide Mikel Abrego eta Xabier Olazabal Drake... Alde horretatik, zenbat du Anarik bakarlaritik eta zenbat taldetik?

-Abestiak nik egiten ditut, bakarrik konposatzen dut eta nire abestiari eskatzen diot gitarrarekin eustea bere buruari, bere biluztasun horretan eginda egotea. Gero, hori nola jantzi litzateke bandaren lana. Ba-tzuetan nik jantzia oso pentsatuta daukat eta eginarazi egiten diet, eta beste batzuetan ez daukat hain argi eta beraiek proposatzen dute. Mikel eta Drakekin hogei urte daramatzat jotzen. Beraiek oso mundu musikal desberdinetik zetozen eta taldearena elkarrekin sortutako soinu bat dela esango nuke. Alde horretatik, soinuak oso pisu handia du bakarlari izateko eta, aldi berea, nire autoriak ere pisu handiegia du talde izateko. Behin neska batek "bandautora" deitu zion horri eta kontzeptu oso ona iruditu zitzaidan. Bakarrik jotzea ere asko maite dut eta orain bakarkako kontzertu batzuk ere emango ditut.

Etorkizunera begira proiektu berririk esku artean edo kontzertuetan zentratuta zabiltza?

-Oraintxe ez nago zerbaitetan sar-tzeko momentu horretan. Idazten eta kontzertuak ematen segitzeko gogoz nago.

Iruñeko eszenatokira igotzeko gogotsu?

-Bai, niretzat Iruñean jotzea gauza ederra eta berezia da beti eta, kasu honetan, horrelako programazio baten barruan jotzeak ere badu bere indarra. Iruñeak ematen digun horri guk horrelako programazio bati eman nahi diogunari gehituta, esen-tzian, oso ederra da.